Buscar
Actualidad

Kantauriko flotak 10.000 tona legatz arrantzatu ahal izango ditu 2023an

Berdelarentzako harrapaketa muga 29.500 tonakoa izango da datorren urtean
Urtero Bruselak 5.544 tn berdel kendu dizkie euren kuotatik Kantauriko ontziei.
Urtero Bruselak 5.544 tn berdel kendu dizkie euren kuotatik Kantauriko ontziei.

Europako Batasuneko arrantza ministroen urteko azken bilerak emaitza gazi-gozoak ekarri ditu Euskadiko flotarentzat datorren urteari begira. Alde positiboan, hegoaldeko edo Kantauriko legatza harrapatzeko aukerak bikoiztu egin dira duela urte bete ezarritako kuotarekin alderatuz. Iragan urrian Europako Batzordeak %80 handitu zuen harrapaketa muga, aurretik biologoen egindako stockaren berrazterketaren emaitza positiboetan oinarrituta. Arrantza Ministroen batzarrak beste %10eko igoera adostu duela kontutan izanda, Espainiako banderapean arrantzan egiten duten Kantauriko ontziek 9.953 tona legatz harrapatu ahal izango dute datorren urtean. Nabarmentzekoa da, azken zortzi urteetan ministroek murrizketak ezarri dituztela bata bestearen atzetik Kantauriko legatzarentzat, ustez stockaren egoera kezkagarria zelako. Aurten, berriz, aldatu egin dira biologoen irizpideak eta ondorioz hilabete gutxiren buruan bikoiztu egin dira legatza harrapatzeko aukerak Kantauriko uretan.

Datorren urteko berdelaren harrapaketa muga 29.439 tonako izango da Espainiako flotarentzat Kantauri itsasoan, aurtengoaren ia berdina. Kontua da, berdeletan ari diren ontziek euren kuota oso-osorik arrantzatu ahal izango dutela 2023an, 2009an kupoa gainditu izanagatik 2016 urterik ordaintzen aritu diren isuna bete dutelako. Urtero Bruselak 5.544 tn berdel kendu dizkie euren kuotatik Kantauriko ontziei. Gauzak horrela, azken urteetan baino berdel gehiago arrantzatu ahal izango dute datorren urtean. Albiste bikaina da kontuan izanda berdelak gero eta balio handiagoa duela nazioarteko merkatuan. Izan ere, aurten inoiz baino garestiago saldu da berdela Kantauriko portuetan.

%96 txitxarro gutziago

Txitxarroaren ingurukoak izan dira Europako arrantza ministroen batzarrak ekarri dituen albiste txarrenak. Bruselak espezie honen arrantzaldia debekatzea planteatu zien ministroei stockaren egoera larria dela argudiatuta. Azkenean, txitxarroa harrapatzea ez da debekatuta egongo Kantauri itsasoan, Hondarribitik Fisterrara, baina harrapaketa muga aurtengoa baino %96 txikiagoa izango da, 3.271 tonakoa hain zuzen ere. Gainera, kopuru hori beste espezie batzuren arrantzaldian gura barik harrapatutako txitxarroarentzat izango da.

Beste alde batetik, espezie askorentzako harrapaketa mugak ezarri barik geratu dira Europako Batasunak eta Erresuma Batuak partekatutako uretan arrantzatzen direlako. Nolanahi ere, Luis Planas, Espainiako nekazaritza, arrantza eta elikadura ministroak aurreratu duenez, Brusela eta Londresen arteko negoziaketak “bide onetik doaz” eta emaitza “oso positiboak” espero ditu Espainiako banderapean arrantzan egiten duten ontzientzako. “Alde bien arteko behin betiko akordioa sinatu barik dago oraindik eta ondorioz, kopuruak zehaztu barik badaude ere, akordio on bat lortuko dugula uste dut” adierazi du Planasek Europako arrantza ministroen batzarra amaitu ostean. Espainiako gobernuak zabaldutako informazioaren arabera, eta behin betiko kopuruak zehaztu gabe badaude ere, iparraldeko uretako legatzaren harrapaketa mugak %5eko igoera izango du datorren urtean. Beste alde batetik, Grand Soleko itsas-zapoaren eta oilarraren kuota %11 eta %14 hasiko dira hurrenez hurren.

Hegaluzea

Erresuma Batuko uretan. Erresuma Batuak Europako Batasunetik alde egin ondoren, hegaluzearen kanpainan parte hartzen duten ontziek ez dute arrantzan egiteko aukerarik Erresuma Batuko uretan. Datorren urtean, ordea, Espainiako banderapean ari diren ontziek lizentziak izango dituzte hegaluzea arrantzatzeko Londresek kudeatzen dituen uretan. Azken urteetan Kantauriko flotak ez du urrunera joan behar izan atunaren bila. Duela urte batzuk, ordea, ontziek Europa iparralderantz jo behar izan zuten, Irlanda eta Erresuma Batuko uretaraino.

2022-12-15T06:48:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo