Gipuzkoako oru Aldundiko Kultura Sailak eta Kutxa Fundazioak antolatzen duten 'Katapulta Tour Gipuzkoa' programak hamar urte bete ditu, eta zortzi musika proiektu eta arte eszenikoetako bi aukeratu ditu. Hautatutako artistek lau emanaldi eskaini ahal izango dituzte 2025ean zehar, formakuntza programa bat jasoko dute, entseatzeko tokiak izango dituzte eta promozio bideo baten protagonista izango dira.
Programaren arduradunek astearte honetan egindako aurkezpenean azaldu dutenez, Katapulta Tour Gipuzkoa formatu txikiko musika proiektuak eta arte eszenikoak babesteko programa da, eta 2025ean zehar egingo da Gipuzkoan.
Aurtengo edizioan parte hartuko duten artistak hautatzeko asmoz, Gipuzkoako Aldundiak eta Kutxa Fundazioak deialdia egin zuten duela gutxi, eta horrela hautatu dira Ane Leux, Bobbi Relac, Lemak, Luke Amstrong, Malko, Nuria Culla, Peachy Joke eta Suite Seda proiektuak musika arloan, eta Amaia Elorza eta Joan Ferreren 'Aquí está todo' eta Alain Zulaika eta Sergio Martinezen 'Twobascos' antzezlanak.
Ekimenak zuzeneko lau emanaldi eskaintzeko aukera eskainiko die artistei, horietako bat Kutxa Fundazioaren Kluba aretoan. Gainera, prestakuntza programa batean parte hartuko dute eta Kutxa Fundazioak Tabakaleran dituen instalazioetan entsegu espazioak izangio dituzte. Promozio bideo bat ere egingo dute bakoitzarentzat, profesionalizaziorako bidean are gehiago laguntzeko asmoz.
Era berean, aurreko urteetan bezala, deialdian izena eman duten proiektu guztiek aukera izango dute komunikazio eta sustapen, eszenografia, ekoizpen, ekonomia eta zerga arloetako prestakuntza programa batean doan parte hartzeko.
Katapulta Tour Gipuzkoa programaren hamargarren edizioan 148 proposamen jaso dira, 128 musikalak eta 20 arte eszenikoetakoak.
Estiloei dagokienez, musika proposamenek, besteak beste, rock mota ezberdinak barne hartu dituzte, baita pop, blues, soul, jazz, folk, urbano eta flamenko estiloak ere. Arte eszenikoen proposamenetan, berriz, umorezko bakarrizketak, antzerki piezak, txotxongilo piezak, magia ikuskizunak eta performanceak nabarmendu dira.
Azkenik, programaren 2025eko edizioko konpentsazio ekonomikoa 500 euro garbira igo da, jarduketa eta proiektu bakoitzeko.