Bizkaia

Kategoria gehiago izango ditu Lea-Artibaiko ekintzaileen sariketak

Azaroaren 27a izango da Lea-Artibai Fundazioak antolatutako sarietara proiektuak aurkezteko azken eguna
Iazko enpresa lehiaketan saridun suertatu ziren ideiak.

“Orain arte antolatutako Lea-Artibaiko Enpresa Proiektu Lehiaketaren ildoari jarraituz”, Lea-Artibai Fundazioak ekintzailetza saritzen jarraituko du. “Bizkaiko Foru Aldundia, Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkartea eta Lea-Artibai eskualdeko 12 udalen laguntzarekin martxan jarritako lehiaketa” antolatu dute, sari ekonomikoez gain beste hainbat abantaila izango dituena. Eta berrikuntzak izango ditu: adibidez, aurtengoan “sarituko diren kategoriak hirutik bostera zabaldu dira”. Lehiaketara proiektuak aurkezteko azken eguna azaroaren 27a izango da.

2021-2022 epealdian Lea-Artibai eskualdean negozio berri bat martxan jarrita edo 2023an martxan jartzeko asmoa duten ekintzaile guztiak aurkeztu daitezke lehiaketara. Aurten Lea-Artibaitarra, emakumea eta ekintzailea izateak ere saria izango du, negozio berria 2021-2022 epealdian jarri baldin bada. Horrez gain, gazteen ideia onena ere sarituko da. Azken kategoria horretan parte hartzeko ezinbestekoa da 18-35 urte artean izatea eta eskualdeko udalerriren batean erroldatuta egotea”, zehaztu dutenaren arabera. Sari ekonomiko ezberdinak emateaz gain –2.000 eurotik 500 eurotara doazenak– irabazle suertatzen diren ekintzaileek “Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dagoen Enpresa Haztegian kokatzeko lehentasuna izateaz gain, Lea-Artibai Fundazioak kudeatzen dituen programa ezberdinetan parte hatzeko erraztasuna izango dute. Gainera, negozio-ideiaren garapenean eta azelerazioan aholkularitza jasoko dute fundazioko ekintzailetza-teknikarien eskutik”.

Ekimenaren helburuak hauexek dira: “Lea-Artibaiko ekintzaileak omentzea, eskualdean lanpostuak berriak sortzea eta emakumeen artean ekintzailetza sustatzea”. Aurreratu dutenez, lehiaketaren sari banaketa “abenduaren 15ean izango da, Ondarroako kofradia zaharreko bigarren solairuko aretoan”. bestetik, parte hartu nahi duen orok “inskripzio-orria eta lehiaketaren oinarriak eskuragai dituzte Lea-Artibai Fundazioaren webgunean”, www.leartibaifundazioa.eus web atarian.

Nabarmendu dutenez, eskualdeko erakundearen misioetako bat “negozio berriak sustatzea” da, baita “kooperatiba eredua sustatu eta balio erantsi altuko enpresa berritzaileak bultzatzen jarraitzeko asmoa du. Orain arteko lehiaketa ereduan 200 proiektutik, horietako 42 proiektu saritu eta 86.000 euro banatu.

Sariak

Bost kategoriatan. Aurtengo edizioan bost izango dira saria izango duten kategoriak: negozio ideia berritzaile onenak 2.000 euro eskuratuko ditu; merkatari-tza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa onenak beste 2.000 euro; kooperatiba eredua onenak beste 2.000 euro; gazteek proposatutako negozio ideia onenak beste 2.000 euro, eta azkenik, emakume ekintzaileari aipamen bereziak 500 euro poltsikoratuko ditu.

Etiquetas
15/11/2022