Gorka Amatriak eta Aitor Pulponek irabazi dute andoaingo udalak antolatu duen XXIII. Erreportari Gaztea Saria
Iaz pandemiak ezinbestean behartutako etenaren ostean, Andoaingo Udaleko Euskara sailak urtero ematen dituen Erreportari Gaztea Saria aurten itzuli dira eta atzo sari-ematea burutu zen gazte lokalean.
Aurtengo edizioan, 23.a hain zuzen, La Salle-Berrozpe Ikastetxeko Gorka Amatria eta Aitor Pulpon izan ziren saritu nagusiak. Bikote honek eskuratu zuen, hortaz, 360 euroko diru- saria eta Xabier Laka artistaren oroigarria. Lan irabazleak Twitch izenburua du, sare sozial berriaren eta honek eragin duen iraultza digitalari buruzkoa da.
Saridun nagusi hauekin batera, beste bi aipamen berezi egin ziren, Aita Larramendi ikastetxetik Markel Rabadanek eta Eñaut Landak jaso zuten saria Robotika industriala: onura ala mehatxu? izenburua duen lanagatik. Leizaran Institututik Unai Santano eta Lander Duranek osatutako bikoteak Pornografia, nerabeen sexu-hezitzaile bakarra lanagatik sarituak izan ziren. Bi bikoteek 180 euroko diru-sari bana jaso zuten.
Aurtengo sariketan 60 partaide egon dira, 15 eta 18 urte bitartekoak, eta 25 lan aurkeztu dituzte orotara. Gazteen artean euskarazko komunikazioa bultzatzea eta kazetaritzarekiko zaletasuna piztea dira lehiaketaren helburuak.
Urtero bezala, sari-emateak gonbidatu berezia izan zuen eta, honela, Berria egunkariko Ainara Arratibel kiroletako kazetariarekin solasaldia egiteko aukera izan zuten gaztetxoek. Kazetariaren lanbideaz, bere erreportajeez eta aurki Tokion jokatzekoak diren Olinpiar Jokoetan egingo duen lanaz hitz egin zuten. ENBAko ordezkariak ere bertan egon ziren.
Alexander Huitzi Euskara zinego-tziak ekitaldian aurkeztutako lanen "maila altua" nabarmenduz, txalotu egin zuen kazetari gazteen lana eta halako sariketa batera aurkezteko izan duten nahia. Zinegotziaren iritziz, "euskarak esparru ani-tzak bereganatu behar ditu, euskarazko kazetaritza edukiak sustatu behar dira, horretarako harrobi berriak trebatuz, espazio fisiko zein digitalean zabalduz".