Egunotan, eta bihar arte, Europako Biltzar Jauregian kazetaritza-gaurkotasunari buruzko jardunaldiak egiten ari dira, Kazetaritza, bertatik bertara - Gaurko kazetaritzari buruzko jardunaldiak izenarekin. Mikel Reparaz nazioarteko kazetariak hartu du parte jardunaldi horietan. Kazetari honek esperientzi handia du kazetaritzan, kazetari bezala, erredakzioen buru edo gerretan. Haren iritziz, kazetaritzaren alderdirik garrantzitsuena da biktima albistearen gunean jartzea, humanizatzea eta kazetari-tza bizitzea albisteen lekura joanda. Bere kazetaritza bokaziozkoa da; aktiboa eta bidaiaria, lanbide honek egiten duen bezala sentitzea gustatzen zaiola dio. “Jakina, bidaiatzea maite du. Nire kasuan, literaturatik iritsi nintzen kazetaritzara, beraz kontalari puntu bat daukat, baina bidaiatzea maite nuelako iritsi nintzen nazioarteko sekziora. Gehien gustatzen zaidana? Istorioak sakontasunean kontatzea, minutuko kronikatik haratago”.
Nola kontatzen dira krisi humanitarioak eta gatazkak?
Kazetari bakoitzak bere modua du horrelako egoerak kontatzeko, baina nire ustez gizakia muturreko egoera batera eramaten duen edozein gertakari gizatasunez, humanitatez kontatu behar da. Egoera horren biktima diren pertsonak lehen planoan jarri behar dira, eta hortik abiatuta argazkia ireki, egoera hori zerk eta nork eragin duen azaldu eta erroetara jo. Horretarako ezinbestekoa da nazioarteko kazetaritza, bertara joan eta lehen eskuko erreportajeak egitea. Hori da gerra propagandari eta desinformazioari aurre egiteko modu eraginkorrena. Erredakziotik egiten diren informazio askori humanitate falta sumatzen zaie sarritan, baina era berean inportantea da erreportajeei testuingurua eman eta albisteak nazioarteko agendan kokatzea. Erredakzioa eta erreportariaren arteko talde lana da gakoa.
Eta nola bihurtzen da horrelako albiste bat erakargarri?
Erakargarria izan behar du horrelako albiste batek? Komunikabide asko (batez ere ikusentzunekoak) horretan tematzen dira, eta emaitzak askotan negargarriak dira. Albistegiak entretenimentuarekin nahasten diren garai honetan, badirudi inportanteena bonbardaketa baten irudi gordinenak edo leherketa baten irudi ikusgarrienak ematea dela lehentasuna. Eta irudi horrekin, jaun andreok, kontatu dizuegu gaur Ukrainan gertatu dena. Hori ez da kazetaritza. Ikuslearen atentzioa erakartzea gero eta lan zailagoa da, sare sozialen bitartez inpaktoa sor-tzen duten irudiak etengabe sartzen zaizkigulako garunean, eta gure garunak gero eta gogorragoak dira. Galdera baldin bada gizartea nola sentsibilizatu, nola arduratu munduaren beste puntan gertatzen ari den horren aurrean, orduan nik uste kazetari-tzak lan asko daukala egiteko. Jendeari azaldu behar diegu urruti gertatzen den horrek hemen ere baduela eragina, eta horretarako informazioa eskaini behar dugu. Irudia inportantea da, zalantzarik gabe, baina informazio zorrotza behar du atzean. Hainbeste estimulu bisual duen gizarte batean, nik uste gaur egun sinesgarritasunak egiten duela albiste bat erakargarri.
Atzo ‘kazetaritza bertatik bertara-gaurko kazetaritzari buruzko jardunaldiaetan parte hartuko duzu. Zertan oinarrituko da zure esku-hartzea?
Finlandiatik Ciudad Juarezera izenburua duen hitzaldiak nazioarteko kazetaritzari errepaso bat eman nahi dio, azken hilabeteotan nik neuk eta nire taldeak egindako hainbat koberturaren bitartez. Kontatzeko modu ezberdinak daude, eta uste dut minutuko kronikatik haratago mila aukera daudela. Arratsaldean, berriz, mahai inguru batean parte hartuko dut, eta hor nazioarteko aktualitatearen ur sakonetan sartuko gara Carmen Claudin, Ana Fuentes eta Pablo Moran kazetariekin.
Zaila da nazioartean lan egitea kazetari gisa? Zer da zailena?
Ez zait iruditzen tokian tokiko informazioa lantzea baino zailagoa denik nazioartea. Ekonomian, zientzian edo osasun kontuetan espezializatutako kazetari batek zalantzarik gabe guk baino meritu intelektual handiagoa du. Nazioarteko kazetaritzak, hori bai, interpretazio ahalmen handia behar du: munduko leku ezberdinetan gertatzen diren egoera asko elkar lotuta daude, eta konexio horiek ezagutzea inportantea da. Gainera gizakia ezagutu behar duzu, Yemenen edo Euskal Herrian, gizakiok oso modu beretsuan hartzen ditugulako erabakiak eta gure jokabideak oso antzekoak dira. Nik bertatik bertara gerra egoerak ezagutu izan ditudanean beti pentsatu izan dut nola jokatuko genuke guk egoera horren aurrean. Hemen gure aiton-amonek bizi izan zuten gerra odoltsu bat duela 86 urte, eta erraza da haiek ikustea Ukrainako irudiak iristen zaizkigunean. Galderari erantzunez, nazioartean ari-tzen den kazetariarentzat seguraski zailena bizitza pertsonala eta lana bateratzea da. Kanpora zoazenean ez dago ordutegirik eta askotan ezta egutegirik ere.
Eskarmentu handia duzu kazetaritzan, ez bakarrik komunikabide batzuetako kazetari gisa, baita arduradun edo nazioarteko kazetari gisa ere. Bokaziozko kazetaritza da. Zer da gehien gustatzen zaizuna?
Kazetaritzara iristeko oso bide ezberdinak daude. Zer motibazio dago kazetari baten atzean? Bakoitzak berea du. Nire ustez, bost kazetari mota daude, motibazioaren arabera: kazetari kontalaria, kazetari militantea, kazetari izarra, influencerra eta abenturazalea. Kontalariak istorioak maite ditu, jendea inguruan bildu eta atentzioa bereganatzea kontakizun on batekin. Militantearentzat, berriz, kazetaritza bide bat bilakatzen da borroka zehatz batzuk iritzi publikoan barneratzeko (iraultzaile, erreakzionario edo establishmentaren aldekoa). Horrek ez du kazetari txarragoa egiten, betiere zintzotasunetik aritzen bada. Kazetari izarrak, berriz, xarma eta sedukzioa erabiltzen ditu atentzioa bereganatzeko. Gero eta gehiago dira kazetaritzara bide horretatik datozenak, Instagram eta horrelakoen eraginez. Kazetari influencer batek, berriz, iritzi publikoan eragina izan nahi du, boteretik. Eta kazetari abenturazalea? Bada, esperientzia berrien bila etorri zen gure ofiziora. Mundua ezagutu nahi du, ulertzeko eta kontatu ahal izateko. Ikertzea, iturrietara itzultzea, testuingurua bilatzen du. Eta, jakina, bidaiatzea maite du. Nire kasuan, literaturatik iritsi nintzen kazetaritzara, beraz kontalari puntu bat daukat, baina bidaiatzea maite nuelako iritsi nintzen nazioarteko sekziora. Gehien gustatzen zaidana? Istorioak sakontasunean kontatzea, minutuko kronikatik haratago.
Kazetaritzak, berez, prestigioa galdu du azken urteotan. Herritar askok egozten diete kazetariei politikariek nahi dutena bakarrik idatzi edo argitaratu izana. Zer uste duzu horretaz? egoera alda liteke?
Kazetaritza krisi betean dago. Sistema osoa krisian dago. Eta dena dago lotuta. Sinesgarritasuna da kazetariok dugun altxor handiena. Gure irakurle edo ikusentzuleak ez badu sinesten kontatzen dioguna egia dela, gureak egin du. Eta kazetaritza sinesgarritasun krisi handi baten erdian dago. Sistemaren aurkako errelato alternatiboak biderkatu egin direlako, desinformazioa, konspirazioaren teoriak... Baina hori esateak ez digu errua kentzen. Kazetariok eta komunikabideek ardura handia izan dugulako kasu askotan. Begira bestela Villarejo aferak argitara atera duen guztia (eta hau ez da gauza berria). Kazetaritza kasu askotan estoldetan zikindu da, eta horrek kalte handia egin dio gure ofizioari eta baita demokrazia berari ere.
Uste duzu komunikabideek uste baino botere handiagoa dutela?
Demokrazia liberaletan komunikabideek ezinbestean izan behar dute boterea, zen-tzu anglosaxoiean “boterearen zaindari” diren heinean. Misio horretatik urruntzea da arazoa. Boterea zaindu eta ustelkeriaren aurrean fokoak piztu baino botere horren parte bilakatzen denean, itzalpean.
Zein da kazetaritzaren etorkizuna?
Ekaitz baten erdian gaude eta egoera honetan zaila da etorkizuna nolakoa izanen den aurrikustea. Krisi ekonomikoak eragiten dio kazetaritzari, prekarietatea handitzen duelako eta horrek askotan independentziari kalte egiten diolako. Gainera bilakaera teknologiko erraldoi baten erdian gaude. Komunikabideek erronka handi baten aurrean daude, baina kazetaritzak hor segiko du. Benetako kazetaritzak biziraungo du.
Zuri ere egokitu zaizu bekadunei laguntzea eta kazetaritzarako zein den ona eta nor ez jakitea. Nola antzematen duzu bokazioz edo obligazioz lan egiten denean?
Edozein lanbidetan bezala, hori berehala ikusten da. Kazetari sena, “letagina” izatea da inportanteena. Gero beste guztia ikasi egiten da.
Zer gustatzen zaizu gutxien lanbide honetaz?
Egunero egiten dugun lanak iraungitze-data duela. Albisteak gero eta azkarrago geratzen dira zahar.
Nola hasi zenituen lehen urratsak nazioarteko kazetari gisa, eta zer oroitzapen dituzu horretaz?
Unibertsitate garaian lehen bidaiak egiten hasi nintzen nire artikuluak saltzeko asmoz. Nire lehenbiziko esperientzia Balkanetan izan zen, 1995eko udan. Gerra horrek kolpatu ninduen, eta orduan jakin nuen nire lekua nazioarteko kazetaritzan zegoela. l