Arte Ederrak ikasitakoa da Alba Tojo (Gasteiz, 1996) artista. Pintura, arte grafikoak eta grabatuak dira bere espezializazio esparrua, eta liburuzain lanarekin tartekatzen du bere alderdi artistikoa. Berriki aurkeztu du Bizi izeneko erakusketa, Gasteizko LABE espazioan egin duen instalazioa.
Pieza batzuk bazituen. Aurretik bere kabuz eta interesez abiatutako zerbait. Deialdi baten berri izan zuenean, ordea, buruan zerbaitek “klik” egin ziola azaldu du Tojok. Berehala jarri zen harremanetan deitzaileekin: “Espazioa banuela eta nahi nuena egin nezakeela esan zidaten”. LABE espazioan hartu du ostatu artista gasteiztarraren lanak. Arabako hiriburuko San Vicente de Paul kalean, sormenarentzako gazte laborategi gisakoa da. Erakusketak, ikastaroak eta bestelako jarduerak bultzatzen dituzte, diziplina ezberdinetako egileentzako lagun-tzaile izan nahian. Tojok, bada, aukera probestu nahi izan zuen bere ohiko moldeetatik ateratzeko. “Normalean paperaren gainean egiten dut lan”, esan du. Bi dimentsioetatik harago,“hormatik ateratzea” bilatu du. Kubo itxurako instalazio bat, bideoak, paretan itsatsitako piezak… Horiekin guztiekin osatu du Bizi, artea bera bizirik balego bezala.
Emozioetan eta naturako elementuetan bila-tzen du inspirazioa Tojok, eta, kontatu duenez, oraingoan ere bere baitara bildu da arteari bide egiteko. “Barruan dudan eta ikusten ez den zati bat”, azaleratu du hain justu. Instalazioan bada horma bat, laranja kolorekoa, bertan jarri ditu “comecocos” delakoak. Ez da kasualitatea, izan ere, horma horretan atxiki dituen tolestutako paper zatiek artistaren buruhausteak irudikatzen dituzte: “Niretzat pisu handia dutenak”. Zaratari erreferentzia egiten dion beste pieza batekin lotu du, pareta berean. Ildo horretan, kontatu du zail izaten dela batzuetan lana eta proiektu artistikoak bateratzea, egunerokoan sartuta “pilotu automatikoarekin jarrita” gabiltzalakoan. Kezka horri, bada, lekutxo bat egin nahi izan die: “Gauza berriak sortzeko falta nuen, denborarik ez nuelako”.
Tojoren arte adierazpena eta bere lan egiteko modua estuki lotuta daudela azaldu du; izan ere, gehienetan ez du zirriborrorik egiten, zuzenean ekiten dio mihise zuriari. “Martxan jartzen naiz eta bidean topatzen dut egin nahi dudana”. Zehaztu du egurra duela lanabes nagusi. Egur zatien gainean zizelkatzen ditu piezak, zati bakoitzean forma eta tamaina bat, eta gero horiek baliatzen ditu “jokoa” egiteko. Superposizioa edo estanpazio bat bestearen gainean, eta koloreak nahasten. Koloreei, gainera, garrantzi berezia ematen diela azpimarratu du. Hari horri segika honela azaldu du Tojok: “Kolorea da nire adierazteko modua, ez dut ikusten beste modu batean”.

Emozioetan eta naturako elementuetan bilatu du inspirazioa.
Konkretua, abstraktu
Kolore biziko piezak dira, beraz, otsailetik ikusgai jarri dituenak. Trazuz, orbanez, dinamismoz beterikoak, zeinetan giza gorputzaren eta naturako elementuen formek ere leku hartzen baitute. Hartara, esan daiteke lehen begi kolpean konkretuak diren gauzak diren arren, eta artistaren hitzak jasota, “abstraktuaren mugetan” daudela.
Gasteiztarrarentzat erakusketa hau egin izana “hazkunde pertsonala eta artistikoa” izan dela esan du. Izan ere, grabatuan espezializatutako masterra egin zuela azaldu du, eta bertan, buru belarri egon izanak grabatua ikusteko beste modu batera eraman zuela. Hori dela eta, uste du mugarri bat dela bere ibilbidean. Egin izan ditu bakarkako erakusketak: Sentir, 2022; Irudietan zehar, 2020; Beste begirada bat, 2019. Eta han-hemen ere modu kolektiboan erakutsi ditu zenbait lan: Oviedoko Artearen Aste Profesionalean, Oviedoko Arte Grafikoaren Nazioarteko Azokan, Gasteizko ARTgia sorgunean eta Montehermoso kulturgunean, besteak beste. Oraingoa, ordea, bere ibilbidearen eboluzioaren erakusle delakoan dago Tojo. “Grabatuan egindako lehen pauso batzuk daude, baina ikus daiteke nola joan naizen teknika eta estiloa garatzen”.
Aukerari erreparatuta, pozik ageri da Tojo: “Balio izan dit beste teknika batzuk proba-tzeko, eta nire ohiko erregistrotik zertxobait aldentzeko”. Erantsi du gustatuko litzaiokeela piezak osatzen segitzea, grabatuarekin eta beste molde batzuekin ere bai. “Gehiago egin nahi dut”. Ahal den heinean, erakusketa bera mugitu nahiko lukeela esan du, hots, beste leku batzuetan erakustea. Esan duenez, egon, badira deialdiak eta bekak, eta onartu du buruan duela proiektu honekin aurkeztea.