Urola Garaia Udal Elkarteak kirol elkarteetan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa aurkeztu du. Jauzi kualitatibotik esku hartzera du izena.
Aurkezpen ekitaldia astelehenean izan zen Urretxuko udaletxean. Ekitaldian Jon Luqui Albisua Urola Garaiko Mankomunitateko lehendakariak, Mikel Perez Gonzalez EMUN Kooperatiba Elkarteko teknikari eta proiektuaren arduradunak, Josu Idigoras Egia Zumarragako Udaleko Euskara zinegotziak, Edurne Matias Gaztañaga Legazpiko Udaleko Euskara zinegotziak, Alex Gonzalez Duque Urretxuko Udaleko Euskara zinegotziak eta Itziar Etxezarreta Arakistain Ezkio-Itsasoko Euskara zinegotziak parte hartu zuten.
Luquik eta Perezek hartu zuten hitza. Luquik Kirolean Euskaraz egitasmoaren barruan 2019tik gaurdaino eman diren pausoak gogoratu zituen. Azken urteetan euskaraz entrenatzen duten taldeen katalogoa argitaratu dituzte. Azken diagnostikoaren arabera, 16 urtez azpikoekin lan egiten duten 18 kirol elkarteetatik, bost soilik ziren euren entrenamendu guztiak euskaraz eskaintzen ez zituztenak. Baina bost horiek Urola Garaiko kirol elkarte handienak ziren: saskibaloia, eskubaloia eta futbola lantzen dituztenak.
Gauzak horrela, nahikoa diagnostiko kuantitatibo bazituztela eta, 2024ko uztailean Jauzi kualitatiboa! iragarri zuten 2024-2025 denboraldirako. Ikerketa kualitatiboa egiteaz gain, diru-laguntza lerro berri bat onartu zuten euren kirol formazioa euskaraz jasotzen zuten klub eta norbanakoentzat.
Horrekin guztiarekin, hurrengo pausoa emateko moduan daude. “Azken diagnostiko kualitatibo horretan, elkarte batzuek elkartean kontzientziazioa pizteko plana diseinatu eta aurrera eramateko baliabideak eskatzen zizkiguten”.
Esku-hartzearen berri Perezek eman zuen. “Nonbaitetik hasi behar dugunez, 16 urtez azpiko entrenamenduetan dugu zehaztuta egitasmoko fokua”.
Egitasmoak hiru ardatz izango ditu: euskara mikroplanak hiru klubetan (Goierri saskibaloia eta Ilintxa eta Urola futbol taldeak), kirol mahaia eta kirol elkarteentzako pilulak. “Euskara mikroplana elkarte batean euskararen erabilera kudeatzeko tresna da: urrats, erabaki eta ekintza multzo bat. Mikroplanekin ere antzekoa gerta-tzen zaigu: mikroplanak hiru klubekin egingo ditugula esatea baino egokiagoa da hiru klubekin hasiko ditugula esatea. Hiru klub horietan ikasitakoak, bizitakoak… gainerako elkarteekin partekatzeko espazioa egongo da: kirol mahaia”.
Pilulak, berriz, kirol elkarteentzako mezu laburrak izango dira. “Entretenitzeko, pentsatzeko, haserretzeko, barre egiteko, kirolzaleen artean partekatzeko… mezu laburrak. Pilula hilabetean behin bidaliko dugu. Irudiak, zenbakiak edo letrak izango dira, edozer”.