Bizkaia

Klima-aldaketaren eta biodibertsitatearen galeraren ondorioak arintzeko neurriak hartu ditu Bilbok

Klima-aldaketaren eta biodeibertsitatearen galeraren ondorioak arintzeko neurriak hartu ditu Bilbok.

Bilboko Udalak udalerriko klima-aldaketaren eta biodibertsitatearen galeraren ondorioak arintzeko neurriak hartu egin ditu. Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak mikrohezegune berri bat eraiki zuen iaz Errekalden, Bilboko periferiako ekosistema horien sarea handitzeko aurreikusitako planen esparruan. Era berean, udalerriaren iparraldean eta hegoaldean dauden gainerako mikrohezeguneen kudeaketa optimizatzeko azterlanak egin ziren.

Hezeguneen munduko egunean, Nora Abete Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak azpimarratu duenez, kokaleku horiek funtsezkoak dira biodibertsitatea kontserbatzeko, eta, gainera, ezinbesteko zeregina betetzen dute, uriguneko elementuak arintzen laguntzen baitute. Izan ere, naturaz gozatzeko eta aisialdirako erabiltzen dituzte hezeguneak inguru horietako biztanleek. Horregatik, funtsezkoa da lanean jarraitzea sarea handitzeko eta udalerrian dauden mikrohezeguneen kudeaketa optimizatzeko.

Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko Ingurumeneko Sailatalak ekosistema hauskor horiek –berez txikiak baina biologikoki handiak direnak- babestu eta leheneratzearen aldeko apustua egin du.

Udalerriko mikrohezeguneen sareari esker, nabarmen handitu da eremu horietako biodibertsitatea.

Berreskuratutako espezieen artean, Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan sartuta dauden espezie batzuk nabarmentzen dira, hala nola Eskulapioren sugea (Zamenis longissimus), Interes Bereziko kategorian, eta baso-igel iberiarra (Rana ibérica) Kalteberen kategorian.

Mikrohezeguneen sarea hobetu eta zabaltzearen aldeko apustu hori egin da biodibertsitatea kontserbatzeko hain garrantzitsuak diren ekosistema horiek desagertzeko prozesuari buelta eman behar zaiolako.

Hezeguneen sarea babestea, lehengoratzea eta handitzea, beharrizan globala

Hezeguneei buruzko nazioarteko goi-bilera duela hilabete batzuk egin zen aldi berean bi hiritan (Geneva eta Wuhan) eta bertan, klima-aldaketaren eta biodibertsitatearen galeraren aurkako borrokan naturan bertan dauden irtenbideek duten zeregina aldarrikatu zen; prozesu horretan hezeguneen garrantzia nabarmendu zen. 1900. urteaz geroztik, hezeguneen ia bi heren galdu egin dira, eta prozesu erregresiboak % 40ko degradazioa izan du azken 40 urteotan.

Bestalde, 2030erako Biodibertsitaterako Europako Estrategiaren ildo nagusietako bat da hezeguneak eta ibaiak babestea eta leheneratzea.

Hezeguneei buruzko gizarte-pertzepzioak aldaketa handia izan du azken urteotan. Aurreko mendean gaitzetsi eta suntsitu egin ziren bitartean, gaur egun babestu egiten dira, eta pixkanaka-pixkanaka Euskal Autonomia Erkidegoko hezeguneen sarea handitzeko jarduerak egiten ari dira.

Ur-organismoetako hainbat espezialistek aitortzen dutenez, batez ere herpetologoek (anfibioak) eta entomologoek (txerren-burrutziak eta sorgin-orratzak), hezeguneekiko jarrera publiko berri horrekin naturarekin hartutako zorra kitatzen ari gara, neurri batean

05/02/2023