Buscar
Cultura

Koadro batetik berrehun sortu dituzte

Luis Candaudapek eta Txus Melendezek, elkarlanean, erakusketa berri bat sortu dute, eta Bilboko Rekalde aretoan dago ikusgai
Argazkietan, Candaudap eta Melendez artisten lanak.
Argazkietan, Candaudap eta Melendez artisten lanak.

Koadro zahar eta ezezagun batetik jaio zen Luis Candaudap eta Txus Melendezen erakusketa berria. Jose Luis Casado margolariaren koadro batetik, hain zuzen: "Niri Txus Melendezek bidali zidan argazkia. Garaje batean abandonatuta zegoen koadroa. Irudiaren erdian marka batzuk zeuden, eta adierazten zuten koadroaren parte hori bakarrik erabiliko zela, bestea apurtuko zela. Ideia horrek zerbait egiteko gogoa eman zigun, koadroa ahanzturatik ateratzeko gogoa", azaldu du Luis Candaudap (Bilbo, 1964) margolariak.

Casadoren lehenengo koadro hark Artetaren lanari gogorarazi ziola aitortu du bilbotarrak: “Marrazkia oso irudi artetiarra da, oso picassianoa. Esku bat altxatuta duen gizon bat agertzen da, ezkerreko eskua koadroaren goiko ezkerreko izkinarantz luzatuta dauka. Bertan, laukizuzen hori bat dago. Laukizuzen hori da, oinarrian, nire arreta deitu zuena”. Bikoteak sortu zuen lehen koadroa honen antzeko irudi bat izan zen, eta hortik abiatuta, beste ehunka sortu zituzten.

Candaudapek eta Melendezek Arte Ederretako ikasketak egin zituzten. Garai hartan, Casado izan zuten irakasle. Biek asko miresten dute margolaria eta, horregatik, berezia izan da haientzat lan hau prestatzea. JLC (Marrazkiak/ Dibujos) deitu diote erakusketari: "Omenaldi txiki bat dago atzean. Orain helduago dago, ez du margotzen jada eta ez da Bilbon bizi ere. Guk erakusketa honen bidez omenaldi bat egin nahi izan diogu". Erakusketaren izenburua nahiko sinplea dela dio, baina batzuetan horrekin nahikoa dela azaldu du: "Nahiko izenburu anodinoa da, baina eraginkorra".

Bi margolariak; Luis Candalup eta Txus Melendez.

Bi margolariak; Luis Candalup eta Txus Melendez. Rekalde Aretoa

Elkarrizketa luze bat

Melendezek lagunari lehenengo koadro horren irudia bidali zionean, jakin gabe, bederatzi hilabetez luzatuko zen elkarrizketari hasiera eman zion. Izan ere, bederatzi hilabetez luzatu da sortze-prozesua, eta oso era berezian lan egin dute: batek irudi bat imajinatu, pentsatu eta sortu ostean besteari bidaltzen zion. Besteak, irudi horren gainean bere irudi propioa egiten zuen, bakoitzak bere kutsu pertsonala erantsiz. Margotu ostean, berriro bidaltzen zion marrazkia bueltan lehenengoari. Horrela, 200 koadro inguru sortu dituzte. Prozesua azkarra izan dela dio Candaudapek: "Elkar elikatu gara, eta elkarrekin sortzea oso erraza izan da. Ez zegoen etenik, egunero marrazki bat egiten genuen, batzuetan baita bi ere".

Sortutako 200 koadro horietatik 70 inguru daude ikusgai Bilboko Rekalde aretoan. Aukeraketari dagokionez, ez dela lan zaila izan adierazi du artistak: "Erakusketa bat muntatzen ari zarenean denbora mugatua duzu. Aukeratzen hasten bazara zein jarri eta zein ez muntaketak porrot egiten du, azkenean, denak jarri nahi dituzulako". Koadroen hautaketak baino, muntaiak hartzen du garrantzi berezia. Horretarako, Gema Intxausti eskultorearen laguntza izan dute; berak lagundu die muntaiarekin. "Hasieran, egia da, sinbolikoak iruditzen zitzaizkigun bi edo hiru koadro aukeratu genituela, adibidez, aipatutako lehen marrazki hura", kontatu du. Hortik aurrera, gehiago erreparatu diote ea eskegita zeudenean estetikoki ongi geratzen ziren edo ez: "Zuri-beltzean egindako koadro baten ondoan, esaterako, interesgarria iruditzen zitzaigun kolorea sartzea, disonantzia egoteko, eta horma bakoitzaren muntaia desberdina izan zedin". Margotzen hasi zen garaian, aitortu du, muntaiak ez zion "batere" axola. Hala ere, "mundua aldatu" dela dio, eta gaur egun muntaketa obra bezain garrantzitsua dela. Artista batzuentzat, garrantzitsuagoa ere bai. Haien kasuan, "muntatzea ekintza sortzaile txiki bat" izan da.

Erakusketako arte-lanetako bat.

Erakusketako arte-lanetako bat. Rekalde Aretoa

Gaiak garrantzirik ez

"Gu biok 80ko hamarkadan hezi gara, non gaia ez zen garrantzitsuena". Arte sorkuntza baten aurrean, beti galdetzen diogu geure buruari ea zer esan nahiko duen ikusten edo entzuten ari garenak, zer mezu bidali nahiko duen, edo zer kontatzen duen. Bi margolarien kasuan, obraren gaiak ez du berebiziko garrantzirik. Hala ere, ezinbestean, arteak beti kontatzen du zerbait: "Delirio pertsonalak atera dira, gure barruko animalia, modu batera esateko". Erakusketak asko du indarkeriatik: zaldiak, jendea oka egiten, svastikak, gerra… Hori guztia collage teknikarekin landu dute. Biek parte hartu dute koadro guztietan, ondorioz, ez dituzte sinatu: "Autoretzaren gaia ez zaigu axola, hasieratik erabaki genuen horrela izango zela, lanaren parte izan da". Gainera, adierazi du, ezagutzen dituztenek argi ikusiko dutela nork margotu duen zer, nabaritzen delako norberak trazuak, koloreak eta formak egiteko moduan.

Bi margolarien JLC (Marrazkiak/ Dibujos) erakusketa, Bilbon ikusteko aukera egongo da, azaroaren 20ra arte.

2022-11-15T18:22:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo