Buscar
Bizkaia

Koldo Goitia: "Portuko lanak uda hasierarako amaituta izatea espero da"

Lekeitioko Alkatea
Lekeitioko Alkatea.
Lekeitioko Alkatea.

Oraintxe datozenak proiektuz betetako hilabeteak izango dira Lekeitioko udalerriarentzat. Atzo bertan jakinarazi zuen Koldo Goitiak zuzentzen duen Udalak alde zaharreko eta portu inguruko errepide eta bideetako trafikoa kudea-tzeko sistema barria jarriko duela martxan. Matrikula irakurketa sistema baten bitartez sarrera irteerak kontrolatzeko sistema ezarriko da, hamar izango dira orotara, "trafikoaren kudeaketa eta kontrola eraginkortu eta erabiltzaileentzat sistema hobea lortzeko asmoz". Baina ez da izango aurtengoan egingo den ekimen bakarra izango, beste zenbait ere etorriko dira eta.

Eusko Jaurlaritzako Portuen Zuzendaritzak hasi ditu Lekeitioko portua berrantolatzeko lanak? Zer abantaila izango dituzue?

-Lekeitioko portuan pantalan berriak jartzeko lanak egingo dira, dagoeneko hasiak dira obrak eta erabiltzaileentzako abantailak ekarriko ditu. Guztira bederatzi pantalan jarriko dira, 279 amarratze lortuz, hau da, orain arte zeudenak baino 20 gehiago. Leakai, Lekeitioko portuko erabiltzaileen aspaldiko eskaera izan da kontuan portuaren berrantolaketa egitean. Izan ere, orain arte potinetara heltzeko zailtasunak agertzen ziren batez ere nagusien artean eta pantalan berriek potinetara segurtasunez heltzea bermatuko dute. Gainera, antolaketa hau egiteko orduan portuarekin lotura duten eragile guztiek (Isuntza, Kofradia eta Udala) parte hartu dute eta denen adostasun lortu da. Pantalanetako lan hauek abantaila asko ekarriko dituzte eta orain arte egiten zirenak mantentzeko aukera emango dute, esaterako, Antzar eguna normaltasunez ospatzea bermatuko du. Lana uda hasierarako amaituta izatea espero da.

Uda parterako ere Larrotegi futbol zelaiaren hobekuntzaren bigarren fasea egitea onartu duzue. Zeintzuk lan egingo dituzue zehazki?

-Bai, aurten bigarren eta azken fasea gauzatuko da. Lehenengoan harmaila, aulkiak, argiteria eta ureztapena berriztu ziren. Lan hauen ostean, aurten bigarren faseari ekingo zaio, hobekuntza lanak egiten jarraituz. Honetan, jokalekuaren soropil edo belar zaharra berriztuko da eta ekipamenduak egokituko dira. Era berean, aldagelen eraikina berriztuko da. Barrualde zein kanpoaldeko instalakuntzak egokitu egingo dira, besteak beste, megafonia sistema, larrialdietako argiak, ureztatze sistema eta aldagelak. Fase honetako lanetara 455.000 euro bideratu ditu Udalak. Iaz egindako lanak kontuan izanda, guztira bi fasetan futbol zelaian 625.000 euro inguruko inbertsioa egingo da.

Ezbairik gabe turismoa duzue herriaren bizitza ekonomikoan funtsezko sektore. Eta turismo bulegoa, harrera gune dena, berritzeko prest zaudete. Noizko egin nahi dituzue lanak?

-Turismoa oso garrantzitsua da herriko ekonomiarentzat eta azken urteetan agerian geratu da. Hori kontuan izanda, turismo bulego berria eraiki nahi da. Bulegoa lekuz aldatuko da, ikuserrazagoa eta hobeto kokatuta dagoen gune batean jarriz. Bisitarientzako onuragarria izango da eta zerbitzua hobetzeko aukerak emango ditu. Gasolindegi zaharra kokatzen zen lekuan kokatuko da bulego berria, Lekeitioren alde zaharreko erdigunean; plaza, eliza eta hondartzaren ondoan. Eraikinari dagokionez, Álvaro Líbano arkitektoak diseinatutako jatorrizko egitura mantenduko da. Bulego berriak bisitariak hartzeko harrera eta bilera gelak izango ditu besteak beste. Lanak guztira 263.000 euroko inbertsioa suposatuko dute eta espero dugu uda hasierarako lanak amaituta egotea.

Turismoari lotuta eta kontutan izanda Lea ibilbidearen barnean dagoela Lekeitio. Zertan erabiliko dituzue Eusko Jaurlaritzatik etorriko diren sektorea biziberri-tzeko bi milioi eurotako diru-laguntzak?

-Lekeitio eta Lea Ibarrako udalerriek proiektu bateratu bat burutu dugu Lea Ibilbidea eta bere inguruak balioan jartzeko. Europako Next Generation funtsak jasoko dituen proiektu amankomuna bada ere, bi zatitan banatu da. Biek helburu bera dute: GR-38a eta honen inguruko baliabide turistikoak balioan jarri, indartu eta honen digitalizazioa bideratzea. Bi proiektuak elkarlanean egin dira eta guztira 2 milioi euroko funtsa jasoko dute. Alde batetik, Lekeitioko proiektuak Mendieta ontziola birgaitzea, Garraitz uharteari parke arkeologiko gisa balioa ematea, Santa Katalinako itsasargirako irisgarritasuna eta aterpetxeen birgaitze jasangarria hartzen ditu bere barnean. Guztira milioi bat euro bideratuko da hobekuntza hauetara. Bestalde, Lea Ibarrako proiektuaren barnean hurrengo hauek aurkitzen dira: Lea Ibilbideko oinezkoentzako bidean hobekun-tzak, Hiruzubiko bainurako eta aisialdirako gunea egokitzea eta Bengoleako monumentu-multzoaren zaharberritzea. Lan hauetarako milioi bat euroko funtsa jasoko da.

Mendieta ontziolaren birgaitzean murgilduta zaudete. Zer egoeratan dago gaur egun?

-Ontziolako bigarren fasea laster amaituko da eta, ondoren, hirugarren eta azken faseari ekingo zaio uda honetan, ontziolaren lanak amaitutzat emanez. Horiek buru-tzeko, Madrileko Gobernuaren aurrekontuetan ezartzen da Mendietako lanetarako bideratuko den partida eta hau lortzeko lan handia egin da. Fase honekin amaitutzat emango da Mendieta berreskuratze lanak. Baina proiektuak aurrera jarraituko du. Hurrengo pausoa on-tziolaren ondoan kokatzen den erretako etxea altxatu eta berreskura-tzea da. Bertan, ontziolarako eta hondartzarako zerbitzu ezberdinak kokatuko dira. Lan hauek aurten hasi nahi ditugu eta horretarako finantzazioa lotuta dago jada.

Eta Garraitzeko parke arkeologikoa? Indusketa lanei segida emateko erabakia hartu duzue?

-Bai, lanei jarraipena emango zaie. Garraitz irla parke arkeologiko bezala izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak 2019an, bertan aurkitzen diren arrastoen garrantziagatik. Irlan dauden hiru aztarna guneak berreskuratu eta balioan jartzeko proiektua landuta du Udalak eta Europako Next Generation funtsekin balioan jarriko dira. Ez dugu ahaztu behar eta eskertu egin behar dugu Atabaka elkarteak egiten duen bolodres lana, Aranzadik egindako proiektua gauzatzeko kide garrantzitsuak izaten ari baitira. Hiru aztarna guneak indartzeko 200.000 euro bideratuko dira eta kontuan izango dira, bertan dauden flora, fauna eta egindako ingurugiro txostenak.

Beste proiektu interesgarri bat ere baduzue esku artean, saihesbidetik eta Santa Katalinako itsasargirako eraztun berdea...

-Atzo sinatu dugu akordio bat Bizkaiko Foru Aldundiarekin. Honen bidez, erantzuna ematen zaio saihesbideko lurrak Lekeitiori emateko eskaerari eta, horri esker, gune honetako lurrak herriarentzako eskuratu dira. Lorpen honen bidez oinezkoentzako ibilbide berdea osatzea lortuko da. Proiektuak bi gune hartuko ditu bere barnean. Alde batetik, Eluntzetatik aparkalekuetara doan bidea, hau da, garai bateko Ispasterrerako errepidea zen eremua, oinezkoentzako ibilbide segurua bihurtuko da.Bestalde, Arropain eta bidegorria lotzeko asmoz, oinezkoentzako bidea egokituko da.

Horrekin, Lekeitio inguratuko duen eraztun perimetral bat gauzatuko da, ibilbide berdea osatuz eta gaur egun oinezkoentzako bide segururik ez duten zatiak seguru izateko egokituko dira.

Hiribilduaren 700. urteurrena 2025ean ospatuko duzue. Eta horretarako batzordea eratu duzue, nahiz eta oraindik hiru urte falta diren urteurrena ospatzeko . Zer martxatan doaz lanak?

-Gure begiradak 2025ean kokatuta daude, Lekeitioko hiribilduak 700 urte beteko dituen unean. Data hau urruti dagoela badirudi ere, dagoeneko lanean hasiak gara. Lehenengo pausoa ondare batzordea batu eta haien proposamenak jasotzea izanda. Hauek aztertzen ari gara momentu honetan eta hurrengo hilabeteetan aurrerapausoak ematen jarraituko dugu. Argi dago urte berezia izango dela 2025a. Urteurrena azaroaren 3an izango bada ere, urte osora bideratutako proiektuak bideratuko dira. Baina esandakoa, jada lanean gaude prestakuntza lanekin eta hurrengo hilabeteetan gauza gehiago argitzen joango gara.

Etiquetas
2022-02-21T12:58:01+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo