Actualidad

Kolektibo babesgabeenen arretan lankidetza indartzeko lanean

Nerea Melgosa Gurutze Gorriko arduradunekin bildu da kolektibo babesgabeenen arretan lankidetza indartzeko
Bileraren irudia

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua Javier Senent Garcia Espainiako Gurutze Gorriko presidentearekin eta Aitor Allende Euskadiko Gurutze Gorriko koordinatzailearekin bildu zen atzo. Elkarraldia erakundeak Gasteizen duen egoitzan izan da, eta lankidetza indartzeko eta Euskadin egiten duten baterako lana balioan jartzeko balio izan du.

Joan den hilabetean, egoera oso ahulean dauden pertsonen eta familien oinarrizko premiei berehalako arreta emateko programa berri bat prestatu zen, eta Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi euro bideratu ditu horretarako, Hitzartuz programaren barruan. Urtarriletik, Euskadiko Gurutze Gorria da laguntza horien eskabideak, balorazioak eta izapideak koordinatzeaz arduratzen den erakundea, bere lurralde-ordezkaritzetako edozeinen bitartez.

Otsailaren erdialdera arte 2.000 eskaera jaso dira, eta dagoeneko 1.174 balorazio egin dira: Araban, 385 eskaera eta 141 balorazio; Bizkaian, 889 eskaera eta 602 balorazio; eta Gipuzkoan, 725 eskaera eta 431 balorazio.

Oinarri-oinarrizko premiei berehala erantzuteko laguntza berriak dira, besteak beste elikadura egokia izateko edo higiene pertsonaleko produktuak eskuratzeko. Ekimen honen helburu nagusia pertsona eta familia kalteberenen oinarrizko premiei berehalako arreta ematea da, baita beste premia batzuk antzematea ere, eta horiei baliabide egokienekin bideratuz, orientatuz eta koordinatuz erantzungo zaie.

Bi bide daude: batetik, txanpon-txartel batzuk ematen ari dira, Eroski, Mercadona eta Carrefour supermerkatuetan eta hurbileko denda txikietan erabil daitezkeenak; bestetik, laguntzak aplikazio mugikor baten bidez ere bideratzen ari dira –Encantado de comerte app-a–. Aplikazio horretatik, hartzaileek egoera ezin hobean eros ditzakete elikagaiak, baina saltokiek ezin izan dituzte egunean zehar saldu, eta % 70erainoko beherapena izaten dute jatorrizko prezioan.

Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko Gurutze Gorriaren arteko lankidetza Migrazio eta Asilo Zuzendaritzara ere hedatzen da, eta horrek Irunera Hilanderas I baliabidean iristen diren migratzaileen kolektiboari arreta ematea dakar. Era berean, iaz beste baliabide bat gehitu zen, Hilanderas II, Gurutze Gorriak kudeatua hori ere, lehena saturatzen denean errefortzu gisa balioko duena.

Horrez gain, etxebizitzetan aldi baterako harrera ematen duen eta migratuak gizarteratzeko prozesuetan lan egiten duen Harrera programan parte hartzen du, baita Aholku sarean ere —Atzerritarren arloko Aholkularitza Juridikorako Euskal Sarean—. Sareak 28 informazio-gune ditu Euskal Autonomia Erkidegoan: 10 Bizkaian, 10 Gipuzkoan eta 8 Araban.

27/02/2023