Cultura

Kolorez betetako aldarrikapenak taula gainera

‘Euskal Trabestiak’ showa eskainiko dute hamar trabestik Zeid Fest jaialdian datorren apirilaren 1ean. Aldarrikapenerako tartea egongo da, baina, batez ere, ondo pasatzeko beta
Divina Comedia eta Albina Stardust.

Draga ez da mozorro bat, ez da zerbaitez edo norbaitez janztea. Draga polita da, genero rolekin bukatu nahi izatea ere bada draga, eta askatasunaren aldarrikapena eta norberak nahi duen bezalakoa izateko aukera aldarrikatzea ere bai. Eta bada ere txoriburuarena egitea, eta badauka baita “brilli-brillitik” eta lumatik ere; azken finean, draga bada ongi pasatzea ere. Hori dena da draga; hala dio, behintzat, Albina Stardust drag artistak.

Hala ere, badu aldarrikapenetik ere; aldarrikapen politikoa da bere esanetan egiten dutena; eta badu mezu bat beraiek egiten dutenak. Eta mezu hori eta beste hainbat helaraziz, igoko dira eszenatoki gainera apirilaren 1ean Albina Stardust eta beste bederatzi euskal trabesti. Jendea inspiratzea izango dute helburu, eta gizarteak trabestiei buruz daukan ikuspegia hausteko asmoa erakutsiko dute. Izan ere, Albinaren ustez, aurreiritzi pila bat daude drag eszenari buruz, eta ezjakintasun asko ere bai. “Jendeak oraindik ez daki zer den draga; jendeak uste du draga emakumez janztea dela, eta horrekin bukatu nahi dugu”.

Bigarren urtea da Zeinen Ederra Izango Den (ZEID) jaialdia antolatu dutena; musika eta dantza gailenduko dira, izen handiko artisten eskutik. Apirilaren 1ean, Barakaldoko Bizkaia Arena BECek hartuko du ekitaldi hori, eta Euskal Herriko musika jaialdien historian, lehen aldia izango da Euskal Herriko musika eszenako bakarlari eta talde ezagunez gain, trabestiek ere halako tokia izango dutena.

Donatella Maní trabesti iruindarra.

Guztira, hamar minutuko hiru show eskainiko dituzte Albina Stardustek zuzendutako Euskal Trabestiak izeneko ikuskizunean. Kontzertuen arteko isiluneari uko eginez, euskal trabestiak egongo dira tarte horietan publikoa mugiarazten eta giroa mugitzen. Lehenengo emanaldian bost trabesti aterako dira taula gainera, hurrengoan beste bostak eta azkenengoan guztiek elkarrekin parte hartuko dute.

Artista nafarrarekin batera, bere lagun eta trabesti kideak izango dira: Aurah Sin, Celeste Poliester, Divina Comedia, Donatella Mani, Maruxak, Sussie Pussie, Xarma Leone eta Yogurinha Borova. Horiek guztiek inguruari eta bertaratutakoei musika, umorea, aniztasuna eta, batez ere, kolorea eskainiko diete. Showa sortzeko bildu dira hamar artistok, eta bakoitzak bere denbora tartea izango du berak prestatutakoa erakusteko; hala, draga egiteko aukera asko daudela eta “guztiak direla zoragarriak” erakutsiko dute.

Euskal Trabestiak ikuskizuneko arte zuzendari izendatu dute Albina, eta bera izango da gainontzeko parte hartzaileak aurkeztearen ardura izango duena. Pozik agertu da Albina jaialdian parte hartzeko aukera eman dietelako, eta uste du halako jaialdi baten parte hartzeak gauza asko ekarriko dizkietela: “Konkistatzea suposatzen du, eta, behingoz, aitortzea guk egiten duguna artea dela, gu ere artistak garela eta jaialdietan, jaietan, eta edozein lekutan egoteko eskubidea eta aukera izan beharko genukeela”, nabarmendu du. “Ikusten dutenean zein zoragarriak garen eta egiten ditugun ikuskizunak nolako balioa duten, seguru beste espazio handiagoetan egotea lortuko dugula”, ziurtatu du zalantzarik gabe.

Drag eszena indartzen

Euskal Trabestien mugimendua duela zenbait urte hasi bazen ere, orain dela gutxi arte ez du zabalkunde nabarmenik izan; egun, hala ere, drag eszena indartzen hasia dela ziur da Iruñeko trabestia. “Geroz eta gehiago gara; hamar baino askoz gehiago gara Euskal Herrian. Asko gara eta ez gaituzte oraindik ezagutzen, eta ez digute behar besteko espazioa ematen arte munduan”.

Iruñean, esaterako, drag eszena indartsu bat sortu dutela azaldu du, eta gutxika geroz eta leku gehiagotan egoteko aukera daukatela dio. “Iruñean LGTBQ taberna bat ireki dute eta bertan hasi dira drag ikuskizunak egiten. Poliki-poliki hasi gara gauzak aldatzen, baina, beste leku batzuetan, beharbada zailagoa da, eta eszena indartsuago bat falta da, baina horretan ari gara”.

Urteen poderioz, aldaketa handiak izan dira. Albina eta bere belaunaldikoak hasi zirenerako, Euskal Herrian bazeuden erreferente asko; adibidez, Yogurinha Borova, Asier Bilbao, La Otxoa, Las Fellini… Albina eta bere garaikoekin batera, belaunaldi berria etorri zen, eta drag munduari beste ikuspuntu bat ematen hasi ziren: “Aldarrikapen politiko ezberdin bat ematen genion gure dragari; mezu berriak, kontzeptu berriak… Lehen komediarekin oso lotuta zegoen draga; orain, hala ere egon daiteke, baina beste eskaintza batzuk ere baditu”. Urteek aurrera egin duten heinean, hala ere, dragaren inguruan interes handia sortu dela uste du Albinak; berarekin gozatzeko, zein berau praktikatzeko ere.

Celeste Poliester drag artista.

Iruñeko drag eszena horretatik datoz baita ere jaialdian parte hartuko duten Donatella Maní eta Sussie Pussie trabestiak. Iruñean drag gisa kalera irten zen lehena izan zen Donatella Maní, 2017an. Eta hirurek parte hartu zuten 2022 Lumak Drag Festivalean.

Duela zazpi urte inguru sartu zen Sussie Pusie drag munduan modu profesionalean. Txikitatik zuen ikuskizunetarako eta agertokietara igotzeko nahia, antzezteko eta jendeari barre eragin eta entretenitzeko. Hasieran maskulinitatearekin eta feminitatearekin esperimentatzen hasi zen, baina gero egiten ari zena ikuspegi artistiko baten parte zela ulertzen hasi zen; alegia, egiten duenak diskurtso politiko bat duela, eta gizartea aldatzeko tresna gisa erabil daitekeela aniztasuna ikusarazteko.

Gaur egun, euskal trabestiak kohete batean daudela irudikatzen du ikuskizuneko arte zuzendariak: “Gu gora eta gora goaz, eta ez dugu mugarik; gure helburua da ahalik eta goren igotzea, eta, bitartean, beste trabesti batzuek ere igotzeko aukera baldin badaukate askoz hobe”. Drag mugimenduari geroz eta ikusgarritasun gehiago ematea da beraien helburua, beraien egiten dutena balioan jartzea, eta geroz eta jende gehiagok egitea beraiek egiten dutena.

Sussie Pussie.

Jakin badaki Albinak egiten dutena ez dela erraza, eta horretarako “ausartak” izan behar direla. Moduren baten, zortea izatea ere badela gakoa uste du, espazio seguru hori aurkitzeko zortea, hain zuzen. “Etxea ez baldin bada leku seguru hori, bilatuko dugu beste toki bat, aurkitu dezakegu guztiok elkarrekin makillatuko garen leku bat, edo joango gara jai trabestietara denok elkarrekin, edo aterako gara guztiok batera Harrotasunaren egunean…”.

Draga pertsona guztientzako dela sinesten du Iruñeko gazteak; alegia, edonor izan daitekeela draga. “Badaude pertsona batzuk talentua daukatenak eta zoragarriak direnak, eta badaude beste batzuk gehiago ikasi edo praktikatu behar dutenak”. Hala ere, dragak gauza asko biltzen dituela eta bakoitzak ikusi behar duela zer egin eta zer ez egin, dio: izan daiteke makillatzea eta ileordea orraztea, arropak egitea, dantzatzea, abestea…

Draga balioan jartzea

Draga izatea eta bere lana balioan jarri beharko litzatekeela azpimarratu du Donatella Maník; hasierak oso prekarioak baitira, bere esanetan. Drag Race programari ere erreferentzia egin dio, eta esan du, nahiz eta programa hori dela eta orain drag booma egon, dragean guztia ez dela Drag Race; “Iruñean, adibidez, bakoitzak profil desberdina du, eta ez gaude denak eredu berak moztuta. Draga indartu behar da, baina sentimendu artistikotik, eta ez drag izateko modatik”.

Garaipen bezala hartu du Sussie Pussiek Zeid jaialdian egotea, hartara, draga modu serioagoan ikusarazteko aukera izango baitute. Izan ere, jendeak Drag queenak tabernetan, diskoteketan edo ezkondu aurreko agurretan soilik aritzen direla uste duela dio. “Baina bat-batean, kartela lehen mailako artistekin partekatzen dugu, eta hori oso ondo dago”.

Donatella Maní ere uste berekoa da, eta draga puntu lizun bat duten tabernetan garatzen dela pentsatzeko joera dagoela baieztatu du. Errealitatea, baina, bestelakoa dela dio. “Ni ikuskizunetatik nator, ezkongabeen agurretatik, eta, jakina, dakidan guztia erakutsi didate, baina horrek ez du esan nahi toki horietan finkatuta egon behar garenik”.

Albinak ere argi dauka ileorde bat janzteak edo tanga bat janzteak ez diola garrantzirik kentzen beraien mezuari, eta jendarteari erakutsi nahi diote beraiek tangarekin ematen dituzten mezuak, “seguraski, trajearekin emandakoak baino garrantzitsuagoak direla”.

Dragak eskaintzen duen zabaltasun eta aniztasun horretaz gozatzeko beta izango da, besteak beste, apirilaren 1ean egingo duten Zeid fest jaialdian. Albinak bere aldetik, beraien showa ikustera animatu nahi ditu bertaratuko direnak, dantza asko egitera, eta euskal trabestiekin batera argazkiak ateratzera eta asko gozatzera. Sussie Pussiek ziurtatu duenez, beraien showak ez du inor axolagabe utziko; techno musikatik eta bakailaotik hasi eta abesti klasikoagoetarako eskaintza egongo da, zeinetan, popa eta elektroa bezalako musika estiloak entzuteko aukera egongo den. Halaber, lookak ere “ikusgarriak” izango direla aurreratu du. Musikarako eta gozamenerako tartea eginez, trabesti bakoitzak bere onena emango duela dio, aldiz, Donatella Maník, eta aldarrikapena eta borroka ere presente egongo direla azaldu du.

29/03/2023