Hautazkoa ez den bakardadea bizi duten pertsona helduen zaintza komunitarioa arazo larria bihurtzen ari da. Gainera, Oiartzun dispertsio geografiko handiko herria da. Biztanleriaren erdia herrigunetik kanpo bizi da eta honek bakarrik bizi diren pertsona kopurua handitu eta haien egoera okertu dezake. Egoera honek kezkatuta, Oiartzungo Udalak Zaintzadi proiektua martxan jartzea erabaki du.
Jakitera eman dutenez, egitasmoak zaintza ekosistema publiko-komunitarioa sortzea du helburu, hautazkoa ez den bakardade egoeran dauden Oiartzungo helduen bizi kalitatea hobetzeko.
Izan ere, baliabide gutxi dituzten eta hurbileko senide edo inguruko pertsonen laguntza jasotzen ez duten 55 urtetik gorako pertsonen behar sozial eta psikikoei erantzuteko esku-hartze sozio-hezitzaile eta komunitarioa martxan jarriko du Udalak proiektu honekin.
Honenbestez, pertsonaren beharrak eta motibazioak ulertu eta hauei egokitutako plan pertsonalizatu eta progresiboa jarriko da martxan, komunitateko gainontzeko pertsonekin harremana sustatzeko.
Horretarako, herriko eragile eta norbanakoen parte-hartzea beharrezkoa izango da zaintza sareak sortu eta bakardade egoera hauek detektatu eta lantzeko. Auzozain bezala ezagutuko diren oiartzuarrek proiektuan parte hartzeko bi modu izango dituzte: bakardade egoeran egon daitezkeen pertsonen berri ematen edo proiektuan parte har-tzen duten adinekoekin eguneroko jarduera ezberdinak elkarrekin egiten. Hau da, auzozainak izango dira hautazkoa ez den bakardade egoeran dauden pertsona hauek komunitatera birkonektatzen lagunduko dutenak, gizarte hezitzaileen jarraipenarekin.
Bi gizarte hezitzailek dinamizatuko dute proiektua bi urtez eta bakardade egoeran dauden pertsonak detektatzeko datu eta adierazle ezberdinez elikatzen den sistema informatiko bat erabiliko da. l