Actualidad

Konfiantzaren pedagogia: pertsonarekiko begirada berria

Ia hamarkada bat pedagogia berritzaile honekin lanean jardun ondoren, bere onurak frogatzen hasi gara San Fermin Ikastolan
San Fermin Ikastolako ikasle talde bat, inguruaz gozatzen.

Konfiantzaren Pedagogiaren ekarpen nagusia haurra, pertsona, egiten den lan guztiaren erdigunean jartzea da. Urteetako esperientziaren ondoren, hiru irakasle mahaiaren bueltan bildu ditugu, honen inguruan hausnar-tzeko.

Nekane Arrizibita irakaslearen esanetan, Konfiantzaren Pedagogiak eman zien lehen informazio garran-tzitsua hauxe izan zen: “Haurra ez da ikastolan aurkitzen duguna bakarrik, hau da, badu bere testuingurua eta bere errealitatea eta beraz, horrek, bere dimentsio guztietan kontuan hartzeko aukera ematen zigun”. Izan ere, pedagogia berritzaile honen helburu nagusia haurra egiten den ororen erdigunean jartzea da; bere barne mundua eta emozioak bereziki kontuan hartzea. Baina, horretarako, ezinbestekoa zen haurrarekiko dugun begirada horretan eraldaketa bat egotea. “Ez dago aldaketa pedagogikorik begirada aldaketa ematen ez bada eta, horretarako, hezitzaileak, lehendabizi, bere barne prozesua ere egin behar du”. Haur Hezkuntzako irakasleak argitu bezala, “gure sentipenak eta emozioak landu gabe, argi ikusi genuen ezingo genuela gure lana ongi egin”. Izan ere, Konfiantzaren Pedagogiarekin lan egiteak familiekin ere lanketa handia egitea suposatzen du eta “ongi ez bazaude, oso zaila da”.

Familien atala bereziki azpimarragarria da, aurrerapausu handiak eman direlako zentzu honetan azken urteetan. “Argi ikusi dugu umearengan eragin nahi badugu, elkarlanean aritu behar dugula, alegia, konplizeak izan behar dugula eta familiarekin ere konfiantzazko harremanak eraiki”, nabarmendu du Itsaso Etxarrik, HHko irakasleak. Besteen tokian jarriz, inor epaitu gabe, errespetuzko elkarlana egitea da gakoa irakasleen ustez, helburu komuna baitute denek: haurraren ongizatea. Konfiantzaren Pedagogiarekin lanean hastearen ondorioz, tutoretza lanean izandako aldaketak ez dira, ordea, horretara mugatu: “Orain ez dugu tutoretza lana heldu erreferente bakar baten lana bezala ulertzen”, adierazi du Uxue Escribano zikloko koordinatzaileak, ikasleen jarraipena mailako irakasle guztien artean egiten baitute. “Begirada zabaltzea ekarri digu horrek eta oso aberasgarria izan da”, gaineratu du Escribanok, “asko laguntzen baitu nire esperientziatik kanpo, aurreiritzirik gabe, beste iritzi bat entzutea haur baten jokabidearen inguruan; perspektiba asko zabaltzen da”. Eta, jakina, elkarlanean aritzeko lan eredu berri honek irakasleen arteko konfiantza ere areagotzea suposatu duela baieztatu dute hiru irakasleek.

Gauzak irakasteko moduan ere, paradigma aldaketa garrantzitsua eman dela uste dute. Lehen, irakasleak erakusten zion dena umeari, orain, berriz, umeak berezkoak dituen gaitasun propietatik abiatzen gara, horiek indartuz eta bultzatuz prozesu egoki bat egiten duela ikusita. Horrek ere aldaketa suposatu du irakaslearen paperari dagokionez. Lehen, irakaslea erdigunean zegoen, berak zuen jakintza eta boterea eta orain “aldaketa nagusia gure paperaren gainean egin behar izan dugun errebisioa” dela dio Arrizibitak. “Galdetzeko moduan, haurrarengana zuzentzerakoan, haren maila fisikora jaitsiz, begirada bilatuz… errespetua eta konfiantza da etengabe gure lanean bilatzen ari garena”, dio Etxarrik, eta konfiantzazko harremanak eraikitzen saiatzen dira bide horretan, batez ere, haien bidelagunak izaten ahaleginduz. Honek guztiak, ordea, ez du esan nahi mugak jartzen ez direnik. Heldu ziurrak behar dituzte umeek, egitura bat, arauak, eta azken hauek betetzea oso garrantzi-tsua bilakatzen da ikastolako egunerokoan elkarbizitzarako eta denon onurarako oso beharrezkoak direlako. “Beraiek ezin dute dena erabaki”, nabarmendu du Etxarrik, “eta guk egiten dugun atxikimendua bide horretatik doa: hemen nago, zure bidelaguna naiz”.

Irakaslearen lanaren beste ardatza behaketa da. Horren bitartez ezagu-tzen dituzte zeintzuk diren haur bakoitzaren gaitasunak eta beraz, zer eska dakiokeen bakoitzari. Gaitasun zehatz batzuk berez ez dituztela detektatzen denean ere, hor zer gertatzen ari den ikertzen dute, familiarekin elkarlanean. “Umearen beharrak asetuak daude, baldintzak egokiak dira. Horretan jartzen dugu gure lanaren intentsitate handia: espazioen antolaketa, materiala, interbentzioak, gauzak erabakitzeko egiten ditugun bilera guztiak…”, dio Etxarrik. Hiruak bat datoz etengabe emozioekin lanean ari direla esaterakoan: “Pertsona erdigunean jartzen duzularik, Pandoraren kutxa zabaltzen da hezkuntzaren ibilbide eder honetan”. Hamar urteko eskarmentua du San Fermin Ikastolak Konfiantzaren Pedagogian eta bide horretan berritzen eta ikasten jarrai-tzeko asmoa dutela adierazi digute Haur Hezkuntzako hiru hezitzaileek.

Etiquetas
20/01/2023