Buscar
Cultura

“Konplexu bako kantak sortu ditugu”

‘Still Goes On’ diskoa plazaratu du Nevadah taldeak. Rock and roll doinuak nagusi, gozatuz sortu du zortzi kantuz osatutako lana boskoteak. Durangoko Plateruena antzokian egingo dute aurkezpen kontzertua, datorren larunbatean
Argazkian, Nevadah taldeko bost kideak.
Argazkian, Nevadah taldeko bost kideak.

Patxadaz, baina aurrera. Horrela aritu dira Nevadah taldeko kideak azkenaldian musika sortzen. Taldekide baten joanak, pandemiak eta bestelako gorabeherek markatu dituzte musikagileen denborak, eta prozesu luzeak eman ditu bere fruituak: Still Goes On (Lorentzo Records, 2023) hirugarren diskoa aurkeztu berri dute. Pellos Baños (bateria), Ekhi Arrieta (ahotsa), Anartz Ugarte (baxua), Liher Arteaga eta Jon Agirrebeitia (gitarra) osatzen dute boskotea. Haietako hirurekin bildu gara lan berriaren eta taldearen nondik norakoen berri jasotzeko.

‘Still Goes On’ du izena lan berriak. Zer topatuko du entzuleak bertan?

Pello Baños: Da disko bat aurrekoak baino landuago dagoena. Azken kontzertua jo genuenetik, 2019ko ekainean, abeslari gabe geratu gara eta pandemia bat egon da. Gu, ordea, ez gara gelditu; entseatzen eta kantak sortzen ibili gara denbora tarte horretan. Bi faktore horiek eragin dute kantuak askoz ere landuago egotea. Buelta asko ere eman ditugu, gehiegi ere bai. Musikalki, toke ilunagoak ditu.

Denbora asko edukitzea alde ala kontra izan da? 

P.B.: Hasiera batean izan da frustragarria. Gure kantuek ahotsik ez zeukatenez kantak ezin ziren borobildu, ezin ziren zarratu. Nahiz eta guk egin, gero abeslaria sartzen zenean aldatu edo moldatu egin beharko zirela bagenekien… Kontran, ez nuke esango, lanketa horretan ondo pasa dugulako. Izan da gozagarria.

Ekhi Arrieta: Lasaitasunez hartu dugu. Disko landua da, baina era naturalean irtendako kantak dira. Abeslari berri bezala sartu naizen heinean, moldatzeko eta estilora egokitzeko denbora izan dut.

Ekhi, taldekide berri gisa, zuretzat nolakoa izan da Nevadah-ra batzea?

E.A.: Heldu eta aurkitu nintzen koban egon den talde batekin, kantuak eta prestatzen zebilen talde batekin. Eurek aurkeztu zidaten: “Hau da orain arte landu duguna”. Horiek entzun, entseguetan egon, horretaz elikatu, nire ahotsa joan zedila tokia hartzen kantetan… horretan ibili naiz. Eta gero ja kanta berriak sortu ditugu denok batera. 

Bergara eta Durango artean grabatu dute ‘It Still Goes On’ abestiaren bideoklipa.

Bergara eta Durango artean grabatu dute ‘It Still Goes On’ abestiaren bideoklipa. Aitor Mendilibar

Atzera eginda ere, 2014. urtean sortu zen Nevadah. Nolako bilakaera izan du taldeak?

P.B.: Lehenengoz elkartu ginen 2014an. Anartz 2017an sartu zen, lehenago ere beste baxu jotzaile bat izan genuen. Durangaldeko talde txikietan ibilitako musikariak gara. Gutako batzuk talde barik geratu ginen eta gure artean elkartzen eta entseatzen hasi ginen asmo handi barik. Hasi ziren kantak irteten eta hasi ginen ere kontzertuak ematen. Hortik aurrera baxu jotzailearen aldaketa, erabat naturala izan zen.

Gero, 2019an, beste kide aldaketa bat. Ahots barik geratu zineten eta entseatzen jarraitu bai, baina zerbaiten faltan. Nola bizi izan zenuten une hori? 

A.U.: Hasieran geratu ginen pixka bat airean. Azkenean abeslaria doanean, protagonista doa. Baina gogoa geneukan jotzen jarraitzeko eta nahi genuen jarraitu. Hasieran geldialdi txiki bat egin genuen, eta gero berriro sartu zitzaigun entseatzeko gogoa. Kantuak egiten hasi ginen, baina heldu zen puntu bat non hasi ginen pentsatzen: zer egingo dugu? Zer ibiliko gara hemen kantak jotzen norabide barik? Erabaki genuen sare sozialetan jartzea abeslaria behar genuela eta hor agertu zen Ekhi.

E.A.: Iragarkia ikusi nuenean pentsatu nuen: “Nola sartuko naiz ni honetan?”. Aurretik egon naizen taldeetan ibili naiz saxofoia jotzen edo koroak egiten, baina ez abeslari nagusi gisa. 2-3 hilabete pasata eman nuen urratsa, 2021ean izan zen.

Hor hasten da nolabait ‘Still Goes On’ diskoa materializatzen?

P.B.: Ekhi sartu baino lehen genituen zortzi bat kantu eta beste lau bat sortu ditugu Ekhirekin. Diskoak, guztira, zortzi ditu. Heldu zen puntu bat hainbeste kantu genituela ez genekiela nora gindoazen ere. Ekhi sartu zenean hasi ginen kantuak ixten eta diskoaren proiektua martxan jartzen. Hori beti pasatzen da: muga bat markatzen duzunean motibatzen zara.

Kantuak aukeratzea zaila izan da?

E.A.: Guk gozatzen ditugun kantak dira. Baztertu ditugunak berehala identifikatu ditugu.

P.B.: Kuriosoa ere izan da. Denbora gehien zeukaten kantuak baztertu ditugu eta azkenekoz sortutakoak sartu ditugu diskoan. Horrek ere esan nahi du dena joan garela borobiltzen produktua ikusten joan garen heinean, orduan jakin dugu zein rollo nahi genuen.

A.U.: Hasieran dena zegoen berde eta bukaerarako bagenekien nolako rolloa geunden sortzen. Are, azkenekoz sortu direnak niretzat dira politenak. Egin ditugu guri gustatzen zaizkigun kantuak, ez jendeari zer gustatuko zitzaion pentsatzen.

Bigarren diskoa 2018an plazaratu zenuten, eta orduan ere aipatu zenuten lehena baino serioagoa eta landuagoa izango zela. Honetan saltoa zein norabidetan eman duzue?

E.A.: Kanpotik heldu naizen pertsona bezala ikusi dut disko honetan egon dela arriskatzeko edo gehiago esperimentatzeko gogo edo nahi hori.

P.B.: Nik uste dut disko honetan ez dugula eduki irten dena sortzeko konplexurik. Aurrekoekin alderatuta, irteten zenean soinu ilunagoa, guk geuk gure burua zentsuratzen genuen. Oraingoan, nahiz eta erroa mantendu, utzi diogu ateratzen zenari bidea egiten. Konplexu bako kantak sortu ditugu.

A.U.: Nevadah-ren esentzia mantendu dugu, baina beste partaide bat dagoen heinean, utzi dugu naturalki bidea egiten, eta gustura gelditu gara. Landuagoa esan nahi dugu hartu dugula denbora askoz ere gehiago kantu bat konposatzerakoan, eman dizkiogula buelta gehiago, agian gauza asko sinplifikatu ditugu… askotan sinpleena delako politena. Buelta asko eman dizkiogu kontuari. Niretzako helduagoak dira kantu hauek. 

P.B.: Nik uste bakoitzaren egoera pertsonalak eta bizi izan dugun garaiak ere eragina izan duela. Pandemian egindako kantu batek eta beste garai baten egindako beste batek oso gauza ezberdinak transmititzen dituzte, izan daiteke. Ez dugu horrela planteatu, ez dugu egin kantu eta diskoaren inguruko azterketa sakon bat, baina agian hortik ere izan daiteke. Eta gairen bat ere badago letretan: etxean itxita egon gineneko garaia, lan munduari begira zelan bizi dugun askatasuna, kontrola…

Diskoaren azala.

Diskoaren azala. Ibon Urizar

Kantuei lotuta, beste berrikuntza bat ere badago. Lehenengoz euskarazko bi abesti ageri dira disko honetan: ‘Basapiztia’ eta ‘Etengabeko Buklea’. Zergatik?

P.B.: Ez da lehena. Beste bat egin genuen duela urte batzuk, baina ez dago diskoetan. 

A.U.: Keinu bat da. Nahiz eta fonetikoki gehiago gustatu ingelesa, euskaldunak gara. Hasieran niri pertsonalki ez zidan belarrira ondo ematen edo behintzat, gustatuko litzaidakeen moduan, baina bukaeran gustatu zaizkit euskaraz egindako kantak ere. 

P.B.: Nik baneukan behar hori. Gogoa neukan letrak euskaraz egiteko, erakusteko Nevadah-k euskaraz ere funtzionatzen duela eta emaitza ona dela.

Iluna dela aipatu duzue. Zein zentzutan?

A.U.: Ilunagoa da, baina Rock and Rolla da argi eta garbi. Distortsio puntu pixka bat duelako diogu, aurrekoarekin konparatuta. Guk ez dugu musika iluna egiten, baina konparaketan, gitarrak eta dira pixka bat toke iluntxoagoa dutenak. Gura izan dugu apur bat indar gehiago eduki zezan baseak, gitarrak… eta kantuek oro har. Aldaketa nabaritzea ere nahi genuen. Nevadah da, baina partaide berri bat dago eta hori nabaritu behar da. Bere alea jarri du eta hor dago. Niri baxuarekin berdin gertatu zitzaidan eta hori eskertzekoa da. 

P.B.: Gu erabat zabalik egon gara. Ez zetorren Ekhi aurretik egindakoa egitera, etorri da bere modura abestera Nevadah-ren esentziari eutsiz. Denok moldatu gara.

E.A.: Hasieratik eskertu diet nik hori baita, konfiantza eman izana eta apurka joan izana tokia aurkitzen. 

Oiartzungo Mecca Recording Studion grabatu zenuten bigarren diskoa. Hau, ordea, Berrizko Lorentzo Records estudioan grabatu duzue. Zergatik aldaketa? 

A.U.: Musikalki pixka bat diferentea da disko hau: ilunagoa, distortsio pixka bat gehiago gitarretan, baxuaren soinua ere pixka bat aldatu dugu... Ez gara horren bila joan, hori irten da eta nahi izan dugu beste soinu mota bat sortu. Aurreko diskoa zen nahiko gordina, efektu gabeko soinua, naturalagoa. Baina estudioaren hautua gehiago dator hurbiltasunagatik. Berrizen grabatu dugu, etxe alboan eta oso tratu ona jaso dugu Aitor Ariñoren partetik.

P.B.: Logistika aldetik askoz errazagoa izan da Berrizen grabatzea. Edozein arazo baldin bazegoen edo edozein matiz edo aldaketa txiki egiteko etxetik 10 minutura egon gara uneoro. Horrek asko lagundu du. 

A.U.: Horrez gain, disko honetan gehiago parte hartu dugu. Gainean egon gara, gauza askotan fijatuz. Aurreko diskoan dena nahi genuen hain gordina izatea, non grabatu genuen bezalaxe joan zen guztia. Orain gehiago sartu gara. Horregatik esaten dugu ere landuagoa izan dela.

Bideoklipa egiteko kantu bat hautatu duzue: ‘It Still Goes On’. Asmoen adierazpen moduko bat? 

E.A.: Kantu hori da itzulera honen oda. Ilunpetan egon da taldearen lana, orain trantsizioa dator eta etapa berria. Hemen gaude, indartsu jarraitzen dugu… eta estetikoki ere badago transmisio hori. Aurreko etapa itxi, eta berri bat zabaltzen da.

2023-01-25T17:03:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo