"Oso larritzat" jo du Euskalgintzaren Kontseiluak gaur aditzera eman den euskararen aurkako epai berria. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoak Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko 179/2019 Dekretuaren aurkako ebazpena eman du. 2016ko Udal Legea garatzen zuen dekretuaren kontrakoa, eta epaileek 9.2, 11.1 eta 12 artikuluak osorik eta 18, 24, 27 eta 36 artikuluen zenbait atal baliogabetu dituzte.
Uztailean Espainiako Konstituzio Auzitegiak EAEko Udal Legearen artikulu bat partzialki baliogabetu zuen, eta oraingoa epai horren "luzapen bat" dela azaldu du Kontseiluak. Gainera, 6.2 artikulua soilik baliogabetu zuen Kontsituzionalak, eta bertako bi epaile ebazpenaren aurka agertu ziren. Oraingoan berriz, hiru artikulu osorik baliogabetu du Luis Garrido epailearen Auzitegiak, eta beste lau artikuluren zenbait atal ere bertan behera utzi ditu.
Gauzak horrela, "larritasuna areagotzen" duela kritikatu du Kontseiluak, Udal Legearen garapen dekretua izanik erabat edo hein handi batean "baliogabetzen dituelako" udal eremuan une honetan aurrera eraman daitezkeen euskararen normalizazioaren aldeko politika publikoak, euskararen sustapen politikak. Eta are gehiago "ez duela aintzat hartzen euskararen eta euskal hiztunen egoera minorizatua. Azken sententzia honek ukatu egiten ditu euskararen normalizazioaren aldeko politika publikoak behar direnik edo egingarri direnik", adierazi du.
Azaroaren 4ko manifestaziorako deia berretsi du
Azken hilabeteetan euskararen aurkako oldarraldia salatu da hainbatetan, eta oraingoan ere "botere judizialetik hizkuntza-politika egiten jarraitzen dutela" azaldu du Kontseiluak, "euskararen normalizaziorako bidea egitea posible denik ukatzen" ari baitira. Horrexegatik hain zuzen ere, azaroaren 4ko manifestaziorako deia berretsi du, "euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiari etena jartzeko ordua" dela azpimarratuz.