Buscar
Deportes

Kontxan itsasoko arraunaren lehen Europako txapelketa

Arrauna Donostiako badian modalitate berri bat izango da gaurtik larunbatera bitartean, hondartzako esprinta ere jokatuko delarik
Agintariak, antolatzaileak eta arraunlariak atzoko aurkezpen ekitaldian. Argazkia: N.G.
Agintariak, antolatzaileak eta arraunlariak atzoko aurkezpen ekitaldian. Argazkia: N.G.

Kontxako Badian itsas arrauneko eta hondartzako esprinteko Europako Txapelketa jokatuko dira gaurtik larunbatera bitartean. Modalitate bitxia da, eta Gipuzkoan ere baditu jarraitzaileak. “Honenbestez, inauguratuta geratzen dira itsas arrauneko eta hondartzako esprinteko Europako Txapelketak” esanda, Patrick Rombautek, Nazioarteko Arraun Federazioko presidenteordeak, Europako Txapelketa honen lehen edizioaren irekiera egin zuen atzo Donostiako Udaletxean. Ekitaldian Ricardo Unzueta ere izan zen, Ur Kirolak klubeko presidentea, 2022an ehun urte betetzen dituen kluba baita antolatzaile nagusia.

Europako Txapelketa honetan 27 herrialdetako 500 gizonezko zein emakumezko arraunlari inguru lehiatuko dira. Gainera, federazio, epaile eta ordezkaritza desberdinetako mila pertsonatik gora bilduko ditu ekitaldiak. Txapelketa zuzenean eskainiko da telebistaz mundu guztira, eta Gipuzkoako hiriburuan 20.000 ikusle baino gehiago izatea espero da. Beraz, Kontxa oso estropada gune esklusibo bihurtuko da, lehiaketako bi modalitate desberdinak bertan jokatuko baitira; arraunaren mundu mailako epizentroa izango da, kontuan izanik hurrengo 2028ko Los Angeleseko Jokoetan diziplina olinpikoa izango dela. “Donostia Europako lekurik ikonikoenetakoa da arraunari dagokionez, eta oso pozik gaude txapelketa hau hemen ospatzearekin”, azpimarratu zuen Rombautek.

Kontxan bainatu ahal izango da

Txapelketaren kostua 375.000 eurokoa izan da, eta aurreikuspenen arabera, hirirako zuzeneko inbertsioko itzulera milioi bat eurotik gorakoa izango da. Gainera, antolatzaileek atzo argi utzi nahi izan zuten hondartzan bainatzea ez dela debekatuta egongo Itsasoko Arraunaren Europako Txapelketa ospatzen den egun hauetan.

Lehiaketa gaur hasiko da 09:30ean, Ondarretako hondartzaren eta Santa Klara uhartearen arteko lasterketa azkarrarekin (500 bat metro joan-etorri artean), eta 15: 50ak arte iraungo du; bihar 09:30etik 18:40ak arte; eta larunbatean, 09:30etik 16:35era. Azken bi egun horietan kostaldeko arraunean arituko dira, proba luzeagoak eta erresistentziazkoak izaten direlarik.

Aurkezpenaren buru izan genuen Eneko Goia Donostiako alkatea, eta honakoa azpimarratu nahi izan zuen “orain hilabete t’erdi Kantauriko kirol-hitzordu nagusia den Kontxako Bandera jokatu ondoren, arraunaren agertoki nagusia izango da berriro ere gure badia”. Bide batez, Ur Kirolak talde donostiarrari eskerrak eman zizkion antolaketan egindako lan eskergarengatik.

2022-10-28T06:43:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo