Buscar
Vida y estilo

Korrika eginez, kirola demokratizatu

Datuek diotenaren arabera, korrika egitea gero eta gehiago praktikatzen den kirola da
Paula Fernández bere kabuz hasi zen korrika egiten.
Paula Fernández bere kabuz hasi zen korrika egiten. / Paula Fernández

Zaila da zehaztea 70ko hamarkadan running bezala ezaguna bihurtu zen kirola praktikatzen duten pertsonen kopurua. Horren inguruan egin diren azkenengo analisietan hurrengoa zehazten zuten: espainiar estatuan %33ak running-a praktikatzen du edo praktikatu izan du bere bizitzako garairen batean.

Korrika egitea, kirol bat ez ezik, beste gai batzuekin lotzen den zeharkako praktika bat bihurtu da. Adibidez, ezinezkoa da gaur egun ez lotzea solidaritatea eta korrika egitea: gaixotasun bat ikertzeko dirua lortzeko lasterketak antolatzen dira, adibidez. Euskal Herrian, korrika egiteari beste buelta bat eman diogu eta bi urtean behin Korrika ekimenaren bidez euskararekiko atxikipena erakusten da herriz herri. Jaietan ere ohikoak dira korrikarekin lotutako ekintzak: Bilboko Hiri Krosa antolatzen du Bilboko Konpartsak Federakundeak.

Edonola ere, korrika egitea ez da kirolari profesionalen esku dagoen zerbait: material gutxi behar da, edonon praktika daiteke, eta entrenamenduak guztiz adaptatu ahal dira kirolariaren mailara. Horregatik gero eta jende gehiagok praktikatzen duen kirola da.

Korrika egiten hasteko metodoa

Running-aren bidez, kirola demokratizatu egiten da. Instalazio batera sartzerik ez duen pertsonak edo materiala erosterik ez duenak ere egin dezake kirol hau”, dio María Rodríguezek, duela 20 urte baino gehiagotik hona ibilia den korrikalariak. “Egia da zapatila onetan inbertitu behar dela, baina oso epe luzerako inbertsioa da, eta, gainera, ez da beharrezkoa hasten zaren momentuan”, azaldu du Rodríguezek.

María Rodríguezek esan du running-aren “apologia” egiten duela beti, eta inguruarekin kirola egiteaz hitz egiten duen bakoitzean modalitate hori probatzea gomendatzen duela: “Gauza guztietan bezala, hasiera zaila da, baina nik beti gomendatzen dut tartetako plan bati jarraitzea, hau da, korrika egiteko une leunak eta ibilaldi arineko beste une batzuk konbinatuz”. Rodríguezek gogorarazi du horrela hasi zela bera, eta 12 asteko plan bati jarraitu ziola. Plan horretan, oinez egiten zuen denbora murriztuz joan zen, eta korrika egiten ematen zuen denbora gero eta handiagoa zen.

Rodríguezek azaldu duenez, lehen astean bere helburua 20 minutuz erritmo altuan ibiltzea zen. Bigarren astean, 30 minutu ematen zituen erritmo altuan ibiltzen. Planaren helburua zen 12. astean 30 minutu horiek korrika egiten lortzea. “Asteak aurrera egin ahala, gero eta denbora gehiago egiten duzu korrika. Adibidez, 6. astean, 5 minutu jarraian 4 aldiz korrika egiten duzu metodo honi jarraituz, baina 4 aldi horien artean, bi minutu egiten dituzu oinez, errekuperatzeko”. Horrela, Rodríguez astean 3 egunetan korrika egitera irteten zen.

Metodo horrek aldaera asko ditu, eta mundu guztiak ez ditu denbora-tarte berdinak jarraitu behar metodo hori egiteko. Helburua 6 astetan, 8tan edo 12tan lor dezakezu. María Rodríguezek Interneten informazioa bilatzea gomendatzen du. Horretarako, ‘CaCo’ metodoari buruzko bilaketa egin zuen berak.

Korrika egiten hasteko, ‘CaCo’ metodoa gomendatzen da.

Korrika egiten hasteko, ‘CaCo’ metodoa gomendatzen da. Paula Fernández

Korrika egitearen onurak (eta arriskuak)

Mikel Alonso fisioterapeuta da, eta korrika egitearen onurak anitzak direla dio, baina ziurtatzen du ere kontuan izan behar ditugula kirol honen arriskuak, bereziki, pisu handia badaukagu edo artikulazioetan mina izan badugu noizbait.

Onuren artean, Alonsok dio kirol honek osasun kardiobaskularra hobetzen laguntzen dizula, bihotza indartu eta odol-zirkulazioa hobetzen baitugu. Gainera, pisua kontrolatzen laguntzen digu, kaloria asko erretzen ditugulako eta gorputzeko gantz asko murrizten dugulako. Pisuaren kontrolarekin lotuta, korrika eginez ere sendotzen ditugu gure muskuluak; izan ere, jarduera aerobikoa izan arren, korrika egiteak muskuluak sendotzen ditu, batez ere hanketakoak, gluteoak eta gorputz-enborrekoak.

Alonsoren esanetan, hobekuntza fisikoak kontuan hartzeaz gain, korrika egitea oso lotuta dago osasun mental hobearekin eta loaren hobekuntzarekin ere.

Fisioterapeutak dio kontuan hartu behar ditugula gehiegizko erabilerak eragindako lesioak edo giltzadura-arazoak, batez ere belaunetan eta orkatiletan, “gainazal gogorretan korrika egitean oinetako egokirik gabe gorputzeko atal horiek sufritu egin baitezakete”. Alonsoren esanetan, running-a kirol egokia da pisua galtzeko, baina gehiegizko pisua badugu, arreta berezia jarri behar dugu artikulazioetako lesioekin eta muskuluen higadurarekin.

“Artikulazioen kasuan, korrika egitearen inpaktu errepikakorra gogorra izan daiteke gure artikulazioetarako, eta gehiegizko pisuak karga handitzen du lehen aipatu ditugun gorputz-zatietako artikulazioetan, hala nola, belaunetan”, dio Alonsok.

Paularen erlaxatzeko modua

“Duela 5-6 urte hasi nintzen korrika egiten eta hasieran erlaxatzeko egiten nuen, ez nekien ezta zenbat kilometro egingo nituen”, dio Paula Fernándezek. Berak dioen bezala, duela urte batzuk hasi zen korrika egiten, eta nahiz eta gero eta jakintza gehiago duen gaiaren inguruan, oraindik amateur mailan kokatzen du bere burua, edo berak dioen bezala, “korrikalari disfrutona” bezala definitzen da.

Paula Fernández korriketan hasi zen momentuan pentsatuz, ez du aurkitzen arrazoi zehatz bat kirol honekin hasteko: “Ez neukan denbora gehiegi kirola egiteko eta modu honetan edozein ordutan egin ahal nuen korrika, eta ez nuen materialik behar”. Berak dioen bezala, “erosoa” iruditu zitzaion. Hala ere, urteak aurrera egin ahala, kirol garestia dela komentatzen du: “Erlojua, zapatila pare bat baino gehiago…”.

Korrika egiteko, errutinaren beharra

Paula Fernándezek dio hasieran ez zuela errutinarik jarraitzen, baina duela 3 urte errutina bati jarraitzen hasi zela. Duela bi urte lasterketa bat prestatu zuen ere entrenatzaile batekin: “Orain pixka bat gehiago dakit entrenamenduei buruz eta nire gorputza ezagutzen dut, beraz, nire kabuz aritzen naiz”.

Orokorrean, astero 4 egun egiten ditu korrika. 2 egunetan erritmoa begiratu gabe korrika egiten du, 8 kilometro inguru. Beste egun batean serieak egiten ditu, eta gehienetan igandeetan korrika egiten du “bai mendian, bai hirian”, 12-16 kilometro inguru.

Noski, Fernándezek dio 4 egun horiek astero 3 aldiz indar lana eginez osatzen duela. “Gainera, spinning klaseak gustuko ditut, eta asterako praktikatzen dut”, dio Fernándezek. Bere hitzetan, azken kirol honekin lortzen duena “gaitasun aerobikoa eta erresistentzia hobetzea da”.

Pazientzia, ardatz

Paula Fernándezek korrika egiteko gaitasun zehatzetan pentsatu behar badu, argi dauka zein den berarentzat garrantzitsuena: pazientzia. “Hasten zarenean, astiro egin behar da korrika”, dio Fernándezek. Kontuz ibili behar gara zauriekin eta lesioekin.

Pazientzia garrantzitsua da korrika egiten denean.

Pazientzia garrantzitsua da korrika egiten denean. Paula Fernández

Gainera, pazientzia ez da beharrezkoa bakarrik hasieran: “Korrikalari bezala, hasierako garapena oso azkarra da, aste gutxitan askoz gehiago irauten duzu korrika egiten, gutxiago itotzen zara…”, azaltzen du Fernándezek, “hala ere, pazientzia behar duzu hobekuntza prozesu hori geldoagoa delako aurrerago, eta orduan, hor bereziki garrantzitsua bihurtzen da lanean jarraitzea”.

Korrikalari baten garapena

Paula Fernándezek, atzera begiratzen badu, argi dauka korrika egiten hasteko ‘CaCo’ metodoa jarraituko lukeela. “Hasi nintzenean, ez nuen metodo hori ezagutzen eta oso nekatuta egon arte egiten nuen korrika”. Horregatik, hurrengo egunean ezin zuen korrika egin. “Bistan da hori ez dela metodo egokiena, eta pixkanaka hasi behar garela korrika egiten”. Paula Fernándezentzat, gakoa entrenatzaile batekin hastea izan zen: “Momentu horretan konturatu nintzen gero eta lasaiago korrika egiten nuenean, hobeto eta azkarrago egiten nuela”.

Fernándezek motibazioa lasterketetan izena emanez aurkitu zuen: “Helburu bat nuen, ez zen soilik korrika egitea eta listo, nire burua trebatzen nuen ere”.

Pazientziari garrantzia eman dion bezala, Fernándezek dio garatu duen gaitasun garrantzitsuena “diziplina” dela. Egunero 6:30etan esnatzen da korrika egiteko, horrela, egun osoa dauka “lan egiteko, ikasteko edota lagunekin eta familiarekin denbora pasatzeko”.

Etorkizuneko erronken beharra

Etorkizunari begira, Paula Fernández Ultra Pirineu lasterketan parte hartuko duela kontatu digu. Kasu honetan, hiri lasterketa izan beharrean, mendi lasterka izango da, 21 kilometrokoa. Hala ere, ez da Fernándezen erronka bakarra: “Gustatuko litzaidake Kopenhageko Erdi Maratoian parte hartzea”, esan du. Epe luzeko etorkizunari erreparatuz, triatloietan aritzea ez du alde batera uzten: “Kasu honetan, igeriketa praktikatzen hasi behar dut, baina posible ikusten dut”, gehitzen du.

Izena emateko momentuan, Fernándezek lasterketa mota ezberdinak daudela dio: “Badaude entrenamendu bezala ikusten ditudan batzuk. Horietan, ondo pasatzera noa eta agian lagun bat laguntzera. Beste alde batetik, badaude prestatu ditudan lasterketak. Horiek urte hasieratik badauzkat planifikatuta eta gehienez urtean 4 aukeratzen ditut”.

2024-08-18T13:26:05+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo