Buscar
Actualidad

“Korrika Euskal Herri idealaren erakusgarri izango da”

Irundik abiatuko da gaur 23.Korrika ‘Harro herri’ lelopean, hamaika egunez “euskaraz harro bizi nahi dugula” kilometroz kilometro aldarrikatuz
“Korrika Euskal Herri idealaren erakusgarri izango da”
“Korrika Euskal Herri idealaren erakusgarri izango da” / Oskar González

Koordinatzaile lanetan zabiltzan lehenengo edizioa izango da honakoa. Nola bizi izan duzu orain arteko prozesua eta erantzunkizun hau?

—Orain arte beste ikuspuntu batzuetatik bizi izan dut Korrika, eta aurtengo erantzukizuna askoz ere handiagoa da, baina hilabete luzeetako lanari esker eta ingurukoen lanari esker bide onetik goaz eta espero dugu horrela izatea Baionara iritsi arte.

Zer espero duzue aurtengo Korrikan? Zeintzuk dira helburuak?

—Helburuak berdinak dira 1980tik. Korrika beharrezkoa dugulako Aek-k aurrera egin ahal izateko eta egunerokotasunean euskararen normalizazioan egiten dugun lan hori susta- tzeko. Eta bestetik, ezin ahaztu euskararen kontzientziazioan eragiteko dagoen beharra. Bi horiek dira Korrikaren helburuak. Eta aurten Harro herriren bitartez islatu nahi izan duguna da euskara dela euskaldun egiten gaituena. Ordua dela, garaia dela, esateko euskaraz harro bizi nahi dugula, eta norbanakoen erantzunkizuna dela euskaraz bizitzeko hautua egitea, baina aldi berean komunitatea osatuko dugula euskaldun guztion artean. Hori da erronka.

Konplexuak daude oraindik euskaldunen artean?

—Bai. Argi dago, nabaria da erabilera datuak ez datozelako bat ezagutzarekin. Arrazoietako bat konplexuak izan daitezke. Baina ikasteko aukerak ere aldarrikatu nahi ditugu, edozein pertsonak dagoen egoeran egonda euskaraz doan ikasteko aukera izatea. Eta badago lana horretan.

Aurten Azterketak euskaraz kolektiboa omentzen duzue. Zergatik?

—Ipar Euskal Herrian burutzen den borroka hau ezezaguna da Euskal Herriko leku askotan. Korrika bozgorailu izatea nahi dugu, ezagutzen emateko zein den bertan bizi den errealitatea. Gaur egun gazte askok nahiz eta euskaraz ikasketak egin ez dute azterketak euskaraz egiteko aukeratik. Eta 25 urte luzez egindako hizkuntza eskubideen aldarrikapeneko borrokagatik, egindako bide luzeagatik aitortza bat egin nahi izan diegu. Gazteak dira bultzatzaileak, egitasmoaren zentroa, eta azpimarra- tzekoa da. Sarri esaten da gazteek ez dutela ardurarik hartzen, eta azpimarragarria iruditu zaigu.

Oldarraldi judizialak markatutako urtea da honakoa. Garrantzi handiagoa ematen dio aurtengo Korrikaren babes sozialari?

—Bai, egia da askotan atera garela gure herriko eta hirietako plaza eta kaleetara oldarraldi judizial horren salaketak egitera. Uste dugu beharrezkoa dela, ez bakarrik Korrikan. Noski Korrika Euskal Herri idealaren erakusgarri izango da. Baina antzeko beste ekitaldietan ere beharrezkoa da kaleak betetzea eta euskaldunak hemen gaudela aldarrikatzea.

Mende erdi pasatu da lehenengo ediziotik, nola aldatu da Korrika urteotan ?

—Izan duen alde positiboa da garaietara egokitzen jakin duela. Dagoeneko 23 edizio egin ditu, 44 urte eta pil-pilean dagoen egitasmoa da, euskararen inguruan Euskal Herrian dagoen erraldoienetakoa. Egokitzeko joera izan du, aurten APPa indartzeko apustua egin dugu, gero eta elkarlan gehiago abiatzen ditugu, eragile ezberdinekin, komunikabideekin… ari gara bidea egiten.

Korrika oraindik beharrezkoa al du AEK-k?

—AEK-k Korrika beharrezkoa du ekonomikoki, bai. Bestela ezineskoa litzateke aurrera egitea.

Zer ematen dio euskaldunei?

—Guztioi zorrarazten digu zirrara berezi bat. Korrikak pertsona oro, komunitate baten talde baten parte sentiarazten du, bagarela nor, badugula gure lekua eta komunitate horrek duen indarrarekin harro herri sortuko dugula.

Garrantzitsua da Euskal Herriko mugetatik kanpo egiten den Korrika ere?

—Korrikak daukan muga bakarra euskararena da. Munduan zehar banatuta dauden euskaldunek ere antolatzen dituzte Korrikari lortutako egitasmoak, eta diaspora ere presente izaten dugu. l

2024-03-14T20:32:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo