Gipuzkoa

Korrikaren aldeko Xoxotera irteera antolatu dute iganderako

Hainbat mendizale 2019an Korrikari babesa emateko Xoxotera egindako irteeran. Argazkia: Azkoitiko AEK

Euskeraren aldeko Korrikaren 22. edizioa hilaren 31n abiatuko da Amurriotik eta hamaika egunetan Euskal Herri osoa zeharkatuko duen ibilbidea egin ondoren apirilaren 10ean amaituko da Donostian.

Aurreko edizioetan bezala, Korrikaren oihartzuna zabaldu eta giroa berotzen joateko Korrika Kulturala egingo da eta horren baitan mota ezberdineko dozenaka ekitaldi izango dira eskualde guztietan euskararen aldeko lasterketaren aurretik.

Horien artean Urola Erdiko AEK euskaltegietatik datorren iganderako antolatu duten mendi irteera berezia dago. Eskualdeko mendizale guztiak Xoxotera egingo den txangoan parte hartzera gonbidatuta daude. Azkoitia, Azpeitia eta Zestoatik zenbait talde abiatuko dira, eta hiru herrietatik ateratako taldeek Xoxoten bat egingo dute Korrikari babesa emateko.

Azkoitiko mendizaleak 9.30ean elkartuko dira Balda Plazan mendi irteerari hasiera emateko (bide laburragoa nahi dutenek 10.00etan dute hitzordua Aittolako aparkalekuan). Azpeitikoak, berriz, Plaza Nagusian elkartuko dira ordu berean eta Zestoako mendizaleek 9.00etan ekingo diote txangoari Gurutzetik (Ondarbasotik ere abiatuko da beste talde bat, 9.45ean).

Izen-ematea

Datorren igandean Urola Erdian egingo den Korrikaren aldeko mendi irteera honetan parte hartu nahi duten herritarrek izena eman behar dute aurrez; batetik, zenbateko taldeak izango diren zehazteko, eta bestetik, Xoxoteko aterpetxean mokadua zenbat lagunek egingo duten jakiteko.

Edonola ere, interesatuek AEK euskaltegietan edota 607 612 697 telefono zenbakira deituz (whatsapp mezua ere bidali daiteke) eman dezakete izena (mokaduaren prezioa 5 eurokoa da). Mendizale eta euskaltzale guztiak gonbidatuta daude.

24/03/2022