Beste urte batez Uribe Kostako itsaslabarrak korrikalariz bete da. Pasa den igandean Kosta Trail ekitaldiak izan zuen leku. Aurten, 4000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute. Gainera, aurten urte berezia izan da: 18 urte bete ditu ekitaldi honen antolakuntzak. Kosta Trail ezin dugu “lasterketa” bezala definitu, ez gutxienez termino horrekin bakarrik.
Igandean Sopelatik abiatu ziren parte hartzaileek, Bizkaiko kostatik igarotzen den ibilbide honetan parte hartzeko hiru modalitateen artean aukeratu ahal izan zuten: 21 kilometroko mendiko erdi maratoia, 20 kilometroko mendi-martxa eta 7 kilometroko familia-martxa. 30 minutuko ezberdintasunarekin, modalitate bakoitza hasi zen Sopelatik.
Kosta Trail, aitzindari
Jesús Beamontek, antolatzaile taldeko kideak dioen bezala, Kosta Trail trail running-ean oinarritzen den lasterketa bat da, baina berezitasun batzuekin. Mendiak ez daude Uribe Kostatik hurbil, eta etxetik gertu antolatu nahi zutenez, hondartzak, itsaslabarrak, eta Uribe Kostako mendietako tontor txikiak. Horrela, lehen lasterketa bihurtu zen non mendiaz gain, hondartza ere ibilbidearen parte bilakatzen zen. Horrela “menditik, hondartzatik eta asfaltotik” igarotzen dira parte hartzaileek, Beamontek dioen bezala.
“Lehenengo edizioa oso berritzailea izan zen, mendi-lasterketa bat egin genuelako, baina itsasotik. Trail runner batentzat hori oso berritzailea zen”, dio Beamonte antolatzaileak. Gainera, 2006an, lehenengo edizioa ospatu zen urtean, trail running-a ez zen hain ospetsua. Urte horretan 250 parte hartzaile egon ziren. Gaur egun, Kosta Trail-ak garapen ikaragarria izan du, eta Jesús Beamontek dioen bezala, “profesionalizatu da, hazi da”.
“Lan asko egin dugu urte hauetan. Gure helburua beti izan da ekitaldi bat sortzea jendea disfrutatzeko helburuarekin”, dio Jesús Beamontek. Horretarako, kirol honetan hasi nahi duten pertsonak izan dituzte beti buruan: “Kosta Trail lasterketa popularra da, herri lasterketa. Gure helburua izan da mendi-lasterketak ezagutaraztea eta gure lasterketan parte hartu nahi izatea, azken finean, jai bat delako”.
Jesús Beamonte eta Izaskun Casas dira Kosta Trail-eko antolatzaileak eta sortzaileak. Beamontek dioen bezala, haiek bi lagun ziren eta Uribe Kostako itsaslabarrak erabiltzen zituzten lasterketa zelai gisa. Urtean behin egiten zuten ibilbide hori biek. “Modu oso sinplean jaio zen Kosta Trail, behin galdetu ziguten zergatik ez genuen zerbait antolatzen, eta gure erantzuna izan zen hurrengo urtean egingo genuela, eta horrela izan zen”.
Sailkapena
Aurten Jose Irurozqui madrildarra izan da garaile. Ordu bat, 27 minutu eta 21 segundoko marka lortu du. Gizonezkoen sailkapenean, Jon Pascual eta Martin Mac-Gragh izan dira bigarren eta hirugarren. Pascualek ordu bat, 29 minutu eta 58 segundo behar izan ditu, eta Mac-Graghek, berriz, ordu bat, 32 minutu eta 49 segundu.
Emakumezkoen sailkapenean Sara Gutiérrez gasteiztarra izan da helmugara iritsi den lehenengoa. Ordu bat, 49 minutu eta 27 segundotan heldu da helmugara. Bere atzetik, Zuriñe Frutos (ordu bat, 59 minutu eta 54 segundo) eta Garazi Bilbao (bi ordu eta 21 segundu) heldu dira.
Aurten, lehen aldiz aniztasun funtzionala duen pertsona batek parte hartu du: Pol Makuri kirolari paralinpikoa. 32 urteko eskiatzaileak 22. postua lortu du. Makurik mugikortasuna eta gorputzaren eskuineko aldeko indarra mugatzen dituen hemiparesiarekin bizi da. Egoera horrek ez dio inoiz etsiarazi kirol-proba askotan parte hartzeko orduan, eta Kosta Trail bere zerrendako beste lorpen bat izan da. Makurik Omango basamortua zeharkatu zuen urtarrilean, eta Zegama-Azkorrin parte hartu du. Emaitzak ikusita, pozik agertu da: “Mendian korrika egitera ohituta nago, baina ez hondartzan. Lasterketa honek bi eszenatokiak konbinatzen ditu, eta zoragarria da kostalde honetaz gozatzea hain lasterkari onekin”, dio Makurik.
Elkartasuna, lehen helburua
“Gainera, inklusioaren aldeko proba bat da, eta ilusio berezia egiten dit parte hartzeak”, esan du Pol Makurik. Antolakuntza taldetik dioten bezala, 4000 pertsona baino gehiago elkartu dira Kosta Trail-en. Hunkigarria hitzarekin baloratu dute 4000 pertsona elkartzea ez bakarrik kirola egiteko, baizik eta haien ekarpena egiteko kausa on bati.
Jesús Beamontek dioen bezala, haientzat kirola oso garrantzitsua da, “baina balorerik gabe ez dauka zentzurik”. Kosta Tail-aren eta elkartasunaren arteko harremana haustezina da. Aure, diru-bilketaren zati bat GaituzSport Fundazioari emango zaio. Fundazioak “ezGAITASUNA” duten pertsonen inklusioa sustatzen du, haiek definitzen duten bezala. Jarduera fisikoa eta kirola baldintza berdinetan egitea eta aniztasuna errespetatzea sustatzen dute.
Iraunkortasuna, ardatz
Elkartasuna ez ezik, oso garrantzitsua izan da iraunkortasuna Kosta Trail-en. Jesus Beamontek dioen bezala, beti izan dute konpromiso hori ingurumenarekin, baina 2020ko geldialdia eta 2021eko edizio birtuala eta gero, 2022an bueltatu ziren eta horretan laguntza eskatu zieten. Zertarako? Kosta Trail plastikorik gabeko ekitaldi bat bilakatu nahi zuten, eta horretarako, parte-hartzaileek haien proposamenak botatzeko aukera izan zuten.
Jesús Beamonteren hitzetan, plazera da parte-hartzaileek antolakuntzak hartutako konpromiso bera erakustea. Berak dioen bezala, horri esker gero eta neurri gehiago bilatzeko asmoa daukate, ahalik eta proiektu jasangarriena lortzeko.
Nahiz eta oraingoan plastikoan zentratuta dauden, Kosta Trail-ek aldaketa asko egin izan ditu jasangarria izateko. Horren adibide bat da Gorlizko itsasargitik jada lasterketa ez igarotzea. Horren adibidea da lasterketa ez dela Gorlizko itsasargitik igarotzen gaur egun. Udako hilabeteetan ugaltzen ari diren inguruko hegaztiei trabarik ez egitea izan zen arrazoia, eta, hala, gure kostaldeko ingurua zaintzea.
Iraunkortasunarekin lotuta, azken urteetan “iraunkortasunaren aldeko lana” antolatzaileen prioritatea izan da. “Ahalik eta gehien landu dugu plastikoen murrizketa. Aurten, adibidez, lasterketa autosufizientea izatea lortu dute. “Kosta Trailaren edizio honetan autosufizientzia bideko martxak egin ditugu. Horrek esan nahi du ez dugula ur-botilatxorik banatu martxetako hornidura puntuetan. Parte-hartzaile bakoitzak bere botila/kantinplora eramatea gomendatu dugu, ibilbidean dauden iturrietan betetzeko. Halaber, Kosta Trail igarotzen den eremu guztietan hondakinik ez botatzeko ardura daukate parte-hartzaileek”, dio Beamontek.
Aurten hartutako beste neurri bat izan da kotxe elektrikoak erabiltzea. “pausu txiki bat da, baina horrelako pausoek jasangarriagoa bihurtzen dute lasterketa”, dio Beamontek.
Kosta Trail-ek ingurumena errespetatzeko konpromisua hartu du, eta hurrengo urteetan jasangarritasun parametro handienak beteko dituen proba bat izatea da helburua. Hori posible izan dadin, edizio bakoitzean neurriak hartzen saiaten dira, proban plastikoen erabilera murrizteko. Horretarako, Jesús Beamontek dioen bezala, “parte-hartzaile guztien laguntza” beharko dute.
Beamontek ekitaldiak uzten duen aztarna ekologikoa eta aztarna solidarioa aipatu du. “Aztarna solidarioa ahalik eta handiena izatea nahi dugu, eta aztarna ekologikoa ahalik eta positiboena. Lasterketa egin eta hurrengo egunean gure ekitaldiaren eragina ingurumenean minimoa edo zero izatea nahi dugu”.
Arrakastaren zergatia
Kosta Trail erreferente bihurtu da mendiko lasterketen artean. Egia da ez dela bere oinarrian mendi-lasterketa sinple bat, baina lortu izan du Euskadiko inguru mota ezberdinak elkartzea. Jesús Beamontek dio bere ustez “jaia” bat antolatzen dutela: “Herrikoa da, mendi-lasterketen zaleak ginen eta hortik sortu genuen proiektu hau”. Beamontek uste du arrakastaren zergatia proiektuaren izaera berean dagoela: “Modalitate honetan hasteko proiektu egoki bat da, mendi-lasterketak eta mendi-martxak ezagutarazi nahi ditugu”.
Jesús Beamontek aipatzen du 18 urte hauetan ikusi duten patroi bat: “Gaur egun erdi maratoia egiten duten askok martxa laburretik hasi ziren, baina 18 urte hauetan Kosta Trail-ekin batera hazi dira, eta gaur egun pertsona horiek mendi-lasterketetan ibiliak dira, eta hasieran ez zuten ezta haien buruan erdi maratoi bat egiten imajinatzen”.
Jesús Beamonteren ustez, Kosta Trail hiru terminoen bidez definitu ahal da: jasangarritasuna, elkartasuna eta osasuna. Bere hitzetan, Kosta Trail inoiz mendi-lasterketak egin ez duenarentzat “haur-ekola” da, eta aldi berean, altuera aldaketa handirik gabe ibilbide bat eskaintzen dio jendeari: “Jende asko ez da ausartzen 21 kilometroko erdi maratoi bat egitera mendian aurkitu ahal duen desnibelagatik, baina gure kasuan, desnibel hori minimoa da, eta jendeak beldur hori ekiditen du”.