Bizkaia

'Kronika soinudunak' programa sustatuko du Bertatik Bertara ekimenak

'Kronika soinudunak' programaren kartela.

Gaur, urriak 17, 'Kronika soinudunak' izeneko programa jarriko du martxan Bilbo, Santander eta Logroñoko udalek sustatutako 'Bertatik bertara' kultur ekimenak.

"Soinudun kronikak" emakume literato ahaztu edo isilduen obrari eskainitako ekimen bat da, hala nola izan ziren Pilar de Zubiaurre eta Sorne Unzueta bizkaitarrak, Concha Espina edo Matilde de la Torre kantabriarrak edo Maria de la O Lejárraga eta María Teresa León errioxarrak. Guztiak ere XIX. mendearen amaieran edo XX. mendearen hasieran jaioak, literaturaren bidez eskaini zuten beren garaiari buruzko ikuspegia edo begirada.

Bizkaian, Pilar de Zubiaurre eta Sorne Unzuetaren obrei begiratuko zaie, erreferente nabarmenak izan baitziren zein bere arloan.

Idazleen eguna

Kultur ekimen hau abiarazirik Emakume Idazleen egunaren kariaz, berriro ere gogorarazi nahi da literatur sorkuntzaren arloan genero-berdintasuna sustatu beharraren garrantzia, emakume literato asko ezabatu izan baititu desberdintasunak eta diskriminazioak. Horien artean, Pilar de Zubiaurre eta Sorne Unzueta, zeintzuen lanari, gauzatu eta askoz beranduago aitortu baitzaio balioa, eta zeintzuei aspaldidanik agertu baitzaie ezagutza beren ekarpenengatik.

Pilar de Zubiaure (Garai, 1884) da joan den mendeko hogeigarren eta hogeita hamargarren hamarkadetako Espainiako kultur giroan emakumerik nabarmenenetako bat. Lyceum Club Femenino delakoan parte hartu zuen (hura sortu zuenetako bat izan zen). Klub hori izan zen emakumeen lehen kultur zentroa, kezka intelektualak zeuzkaten emakumeek sortua arlo publikoan beren esperientziak partekatzeko zailtasunen aurrean. Erakunde horretan eta beste batzuetan jardunez, lagundu egin zuen Espainiako gizartean emakumeari buruzko mentalitatea aldatzen. Artikuluak eta kontakizunak idatzi zituen, eta haren lanari itzal egin zioten senarraren ospe intelektualak eta anaien eta ahizpen ospe artistikoak.

Sorne Unzuetak (Bilbo, 1900, "Utarsus" goitizenez ezaguna) ere ekarpen handiak egin zituen bere garaian, hezkuntzaren, politikaren eta gizartearen arloetan. XX. mende hasierako mugimendu abertzalean nabarmendu zen, auzo eskoletan euskara irakatsi zuten lehen irakasleetako bat izan baitzen. Emakume Abertzale Batzan ere kargu nabarmenak bete zituen, eta aldi berean literatura landu hainbat generotan (poesia, kontagintza, elezaharrak, artikuluak), euskaraz nahiz gaztelaniaz, nahiz eta batez ere euskarazko poesia lanarengatik izan ezaguna.

Podcast-ak

Programan, testu aipagarri batzuk hautatu dira, egile horien literatur lanetatik, memorietatik, kazetari artikuluetatik, gutunetatik edo kroniketatik aterata, profesionalek ozenki irakurri eta musikaz laguntzeko.

Emaitza podcast formatuan aurkeztu da, egile horiei ahotsa emateko. Asmoa da hiru hiriburuetako kultur eragileen eta hedabideen bidez egitea podcasten zabalkundea.

Abenduaren 2an, amaiera emateko ekitaldia

Proiektu hau abenduan amaituko da, hiru hirietan mintzaldi bana emango delarik ; espezialista bana jardungo da xehetasunak emanez uri bakoitzeko emakume aitzindari horietako bakoitzaren bizitzei eta lanei buruz

Bilbon, abenduaren 2an, Miriam Alzurik emango du hitzaldi bat, eta Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziak egingo du sarrera, Bidebarrieta Liburutegiko ekitaldi-aretoan.

Santanderren, egun berean, hitzaldi bat emango du María Toca idazleak, Kantabriako Liburutegi Nagusiko ekitaldi-aretoan. Logroñon, bestalde, abenduaren 2an, Isabel Lizárragak emango du hitzaldi bat, Almudena Grandes Liburutegian.

"Bertatik bertara"

"Bertatik bertara" programa 2012an sortu zen, Bizkaiko hiriburuak eta Kantabriak sinatutako hitzarmen baten ondorioz; Logroño geroago bildu zitzaien. Bilboren eta Santanderren helburu estrategikoen artean dago kultura aberastasun ekonomikorako eta sozialerako iturri izatea.

Santanderrek, Bilbok eta Logroñok kultur politiketan lankidetzan aritzeko interesa dute, kultura kontsumitzen duten herritarrei mesede egitearren eta hiru hirietako kultur enpresentzat eta sortzaileentzat aukera berriak sortzearren.

18/10/2022