Kultura funtsezkoa da gizakion garapenerako eta, beraz, irisgarria izan behar da. Helburu horrekin, Arteria proiektuaren baitan, Egoera zaurgarrian dauden pertsonen parte-hartzea kulturan ikerketa egin da.
Ikerketa Urola Goierri eta Goierrin egin da. Joxe Jimenez, Asier Huegun eta Eider Ganboa EHUko irakasleek egin dute, Dar-dar gizarte ekimenezko kooperatibak bultzatuta. Egoera zaurgarrian dauden pertsonek, teknikariek eta artistek parte hartu dute.
Aurkezpena Zumarragan egin zuten. Asier Zinkunegik Dar-darren Arteria egitasmoaren helburua gizarte eraldaketa sustatzea dela gogoratu zuen. Horretarako, oraingo honetan egoera zaurgarrian daudenak kulturan integratzea helburu duen ikerketa egin dute. Ikerketan, Zumitegi, Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen elkartea, K6 Gestion Cultural, Zazpi Arte, Caritas, Goienetxe Fundazioa, Begisare eta Zabalduzek parte hartu dute. Gainera, Beasain, Lazkao, Legorreta, Ormaiztegi, Ordizia, Segura, Urretxu, Zaldibia eta Zumarragako udalen laguntza izan dute.
Ondorioak
Huegunek galdeketa eta bileretatik ateratako hainbat ondorio aipatu zituen: pertsona zaurgarriak zinera eta antzerkira joaten direla batez ere (gainontzeko ekitaldietara baino gehiago), aisialdiko espazio erabilienak kafetegiak eta parkeak direla eta sortzaileak eta teknikariak inklusioa aintzat hartzen saiatzen direla. “Baina zailtasunak dituzte nahi hori praktikara eramateko: nola egokitu espazioa, nola helarazi informazioa… lana dago egiteko. Bestalde, pertsona zaurgarriek pertsonen arteko harremanari garrantzi handia ematen diote: teknikariek eta dinamizatzaileek harrera ona egitea, gertutasuna erakustea… Sortzaile eta teknikariek prestakuntza behar dutela onartu dute”.
Ikerlariek sei proposamen egin dituzte: kultura parte hartzaile inklusiborako diseinua egitea, sortzaile eta teknikarien prestakuntza sustatzea, ikaskuntzarako diseinu unibertsalaren printzipioak txertatzea, kultura espazio partekatuak sortzea eta, finean, proiektu berritzaileak gara-tzea kooperazioan oinarrituz.