Kontsumobidek 123.000 euroko isuna ezarri dio Kutxabanki erakundeak "kutxa-zerbitzua ez emateagatik" eta "kontsumitzaileen eskubideen aurkako abusuzko praktikak egiteagatik sortutako arau-hausteen ondorioz". Partikularren erreklamazioen eta EKA/ACUV elkartearen salaketa baten ondorioz irekitako prozeduraren emaitza izan da hori.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, erreklamazio horiek Kutxabankeko bezeroen kontuei eskudirutan ordaintzeko ezintasunean oinarritzen ziren. "Kutxa-zerbitzua bezeroen kontu korrontearekin lotutako zerbitzu bat da, eta bankuak sarrerak jasotzen ditu eta ordainketak egiten ditu bezeroaren izenean, hark emandako aginduak betez".
"Ordainketa-zerbitzuen esparru-kontratuan bertan, zerbitzu hori ordu-tarte eta asteko egun jakin batzuetara mugatzeko aukera baino ez da jasotzen", azpimarratzen dute salaketetan.
Hala ere, salaketan zein Kontsumobiden jasotako erreklamazioetan egiaztatu da Kutxabankek bere erakundean kontuak irekita dituzten bezeroei ezartzen diela bezeroak ez diren beste pertsona batzuen diru-sarrerak jasotzeko ezintasuna, eta, horrela, "kutxa-zerbitzua ematearen oinarrizko ezaugarrietako bat urratzen du".
Gainera, euskal bankuak kendu egin du leihatiletan "eskudirutan ordaintzeko edo eskudirutan sartzeko aukera, kontsumitzailea babesteko araudiak legez onartutako ordainbideak onartzeko ezarritako betebeharra urratuz", adierazi du Eusko Jaurlaritzak.
Horrenbestez, Kontsumobidek 123.000 euroko isuna ezarri dio Kutxbanki arau-hauste larriengatik. Arau-hausteak larritzat kalifikatzeko arrazoia da arau-hauste horiek "orokortu egin direla eragindako pertsonen kopuruari dagokionez".