Otsailaren 17an, ostirala, 'La lucha por la vida' antzerkiak bere estreinaldia egingo du Arriaga Antzokian. Agerraldi berri hau, Pio Baroja 98ko Belaunaldiko idazle handietako bat zenaren trilogia bat da eta otsailaren 26ra arte egongo da ikusgai. Antzezlana Arriaga Antzokiak Madrilgo Teatro Español Antzokiarekin egindako koprodukzioa da.
José Ramón Fernández antzerkigileak, 2011ko Narratiba Sari Nazionala jaso zuenak, La lucha por la vida obraren antzerkirako egokitzapena egin du, bi premisatik abiatuta: lehena, murrizketa saihestezina izan arren, den-dena dagoela sentiaraztea. Eta bigarrena, obra izan dadila; ez bere ikuspegi bat, obra bera baizik. Beraz, bertsio honen helburua trilogia agertokira eramatea da, ez beste ezer kontatzeko erabiltzea. Bai egileari, bai obrari leial zaion moldaketa baten aurrean gaude, beraz.
Ramón Barea, Antzerki Sari Nazionala jasotakoa, da La lucha por la vida antzerkirako muntatzeko erronka bere gain har dezakeen antzerkigilerik aproposena. Duela gutxi Arriaga Antzokiaren El viaje a ninguna parte ekoizpenean egin zuen bezala, Bareak zuzendari lanak eta aktore lanak uztartzen ditu, Ramón Bareak berak, Aitor Fernandinok, Olatz Ganboak, Ione Irazabalek, Itziar Lazkanok, Sandra Martinek, Alfonso Torregrosak, Leire Ormazabalek, Diego Pérezek eta Arnatz Puertasek osatutako aktore talde bikaineko kide baita.
Hamar aktoreen artean (bost emakumezko eta bost gizonezko), ia ehun pertsonaia hezurmamitzen dituzte. Azkar aldatzeko gaitasun horrek, pertsonaia batetik bestera joateko eta eszenaz aldatzekoak, dinamismo oso interesgarria ematen dio obrari. Erritmo benetan bizia du. Izan ere, muntaia honetan, antzerki-ekintzak erritmo ia zinematografikoa du une batzuetan, antzezlanean eszena asko baitaude, 60 inguru, eta horietako askok oso denbora gutxi irauten baitute.
Horrela, Bareak Barojaren istorioaren muinera doan oholtzaratze bat hautatu du, istorioaren alderdi teatralera eta espiritura doana. Horrekin bat etorriz, Jose Ibarrolak diseinatutako agertokiak "gutxiago gehiago dela” erakusten du, eta antzezleen zerbitzura dagoen eszenografia praktiko baten aldeko apustua egiten du; jantziei dagokienez, aktoreak “elastiko batekin” ikusiko ditugu, Betitxe Saituaren diseinuak soinean dituztela. Jantziak nahiko hibridoak dira, baina, nolabait, XX. mende hasierako jantziak ekar ditzakete gogora.
Horrez gain, Ibon Aguirreren ikus-entzunezkoak ere ikusgai izango dira eta azpimarratzekoa da Adrián García de los Ojosek konposatutako musika, zeinak erromantizismoaren eta XIX. mendearen kutsua baitu: obran zehar konpas eta estilo ezberdinetan errepikatzen den leitmotiv nagusi bat du, eta baita jatorrizko musika gehiago ere, besteak beste pasodoble, txotis, bals, habanera edo txaranga estiloetakoa. Azkenik, David Alcortak argiztapenarekin egindako lanak antzezlanaren paisaiaren ezaugarriak finkatzen laguntzen du, hura ekintza narratiboan txertatuz.
Izan ere, Barojaren literaturan, paisaiak pisu handia hartu izan du beti. Baina Barojaren paisaiak eta deskribapenak ezin dira irudi errealistaren bidez erreproduzitu, eta hor sartzen da hitza, indar handiz; eta horixe da, zalantzarik gabe, ekoizpen honen gakoetako bat. Idatzizko hitzek, eta antzerkian hitz egitean adierazitakoek eta bultzatutakoek, antzezleek durunditzen eta gorpuzten dituztenek, deitzeko eta iradokitzeko ahalmena dute, eta “dekoratu” bat baino askoz indartsuagoak dira. Antzerkirako muntaia honek hitzean jartzen du arreta, irudimenaren pizgarri gisa duen ahalmenean. Aktoreen taldea korua ere bada, paisaia, taupada narratiboa eta eszenikoa. Eta beren hitzek irudimena pizten dute, testuinguru gogor eta zail batean garatzen den istorio bat kontatzen duen antzezlan honetan, zeinari, bitxia bada ere, komedia kutsua hartzen baitzaio, ikusleei oso une atseginak igaroaraziz.