Azken zortzi eguneko euri ugari eta gozoek Argaren emariari eragin diote, ekainetik honat hil hurran egondako isuria bixiberrituta. Ura nagi egon baita luzaroan Arrotxapeko zubiaren azpian, Plazaolako zubirantz aitzina egin ezinik, gero eta harlauza zabalagoak agerian utzita. Larrazken izugarri beroaren ondotik ere, azkenean zuri agertu dira egun batez Sarbil eta bertze zenbait kasko, Irulegi bera barne. Ez zen gozoa izanen han goian negu gorrian bizitzea, ez horixe. Alabaina, lurra hain baitzen egarri, ur gehiena barnera sartu da, Lotzako aintziran gertatu bezalaxe. Ez da oraindik urik lur gainean, hortxe ari baita lur zartatu eta idorra zurrupa eta zurrupa. Euria, hala ere, arnasgarri gertatu da, arnasa hartu baitute bazterrek orok, mendiko animaliek, aziendak eta guk denok ere bai. Hobeki erran, den-denok alkate jaunak izan ezik, asteazken goiz euritsuak emaniko zartako latzaren ondorioz. Bizitza horrelakoa baita. Bezperan harro-harro eta larderiatsu mintzatu zen Gazteluko plazako barren alde, hura Sanferminei aspaldi honetan eginiko ekarpenik handiena zelakoan, eta hara, biharamunean, zurbil eta goibel agertu beharra, burua harri eginik, Kordobillako segada zorrotza oin azpian sumaturik. Iruñerrian aspaldian errana baita hurbilen duzun lagun hurkoak izorratzen zaituela maizenik. Zenbat aldiz ez ote duen alkateak berak baliatu Kordobillako lagun hurkoa bertzeak zafratzeko, bertzeei direnak eta ez direnak leporatzeko, azpilanean aritzeko. Orain, hari berari zakarki erran diote joana zaiola alkate aldia. Bitartean, Esporrinenak ere egin du. Hark ere ez zuen halakorik espero. Hori bai, jarleku bat aldarrikatu du ozenki, ipurdia non pausatu izateko. Horrenbertzez, idorte gaitzari akabera ematen hasi zaion astean eraman du euriteak uretan beheiti udaleko bikote irizkidea. Euriari eutsiko ahal dio!
Navarra