Bizkaia

Laguntza digitalerako lau gune berri zabaldu ditu Bilbok

Bilboko Udalak laguntza digitalerako zerbitzua zabaldu du.

Uribarri, Zazpi Kaleak, Abusu eta Abandok badute, aste honetatik aurrera, bilbotarrei bideartutako laguntza digitalerako zerbitzu-gune bana. Bilboko Udalak zerbitzu hau zabaldu nahi izan du ahalik eta zerbitzurik onena eskaini ahal izateko.

Puntu berrietako bi finkoak dira: bat San Agustin udal zentroan kokatuko da eta zerbitzua emango du astelehenetik barikura, 9:00etatik 14:00etara, eta eguenetan, baita 16:30etik 19:30era ere; bestea La Bolsa eraikinean dago, Zazpi Kaleetan, astelehenetik barikura, 9:00etatik 14:00etara.

Beste bi puntuak ibiltariak dira: lehenengoa Ibaialdeko (Abusu) liburutegian dago, eguenetan 10:00etatik 13:00etara, eta bigarrena Azkuna Zentroko mediatekan, barikuetan, 10:00etatik 14:00etara.

Laguntza Digitaleko Gunea irailean jarri zen abian San Ignazio, Otxarkoaga, Santutxu, Errekalde eta Zorrotzako Udaltegietan, bai eta, modu ibiltarian, Elexabarriko aterpetxean ere. Izapideak eta kudeaketak online egiteko laguntza behar duten pertsonei laguntzeko eta gidatzeko sortu da zerbitzu hau, bai eta teknologiaren arloko gaietan eta gaitasunetan prestakuntza emateko ere.

Zerbitzu berri honen azken helburua da zaurgarritasun handia duten kolektibo batzuek pairatzen duten eten digitala murriztea. Horregatik, zerbitzu hau adineko pertsonei, ulermen arazoak dituztenei, maila akademiko apalekoei edo ekonomikoki maila apalekoak direnei zuzenduta dago, besteak beste.

Herritarren Arretako eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotzi Oihane Agirregoitiak hauxe gogoratu nahi izan du: “Hiri moderno eta adimentsua nahi dugu, herritarrei zerbitzuak ahalik eta modu erosoenean emango dizkiena. Horretarako, lineako digitalizazio- eta izapidetze-sistemetan aurrera egin behar dugu, baina badakigu horrek eskatzen duela, batetik, kolektibo batzuei laguntzea eta kolektibo horiek gaitzea, eta, bestetik, gure zerbitzuak eta horiek emateko modua egokitzea”, eta “ez dugu onartuko Bilbon inor atzean geratzerik”.

08/11/2022