Bilbotarrek izapideak eta kudeaketak online egin ahal izateko laguntza behar izatekotan zerbitzu berri bat jarriko du martxan Bilboko Udalak. Konkretuki, laguntza-gune digital bat abiaraziko du.
Zerbitzu berri honen azken helburua da zaurgarritasun handia duten kolektibo batzuek pairatzen duten eten digitala murriztea. Horregatik, zerbitzu hau adineko pertsonei, ulermen arazoak dituztenei, maila akademiko apalekoei edo ekonomikoki behartsuak direnei zuzenduta dago, besteak beste.
Udalak 5 laguntza-gune digital abiatu ditu beste horrenbeste barruti-udaltegitan: Santutxu, Otxarkoaga, Zorrotza, San Ignazio eta Errekalden. Udaltegi horietan, online arretan eta izapideetan prestakuntza jaso duten langileek erabiltzaileen zalantzak edo zailtasunak argituko dituzte, eta ziurtatuko dute egin beharreko kudeaketak behar bezala izapidetzen direla.
Espazioak eta ordutegiak zabaldu edo aldatu egin daitezke, herritarren eskariaren arabera.
Gainera, seigarren laguntza-puntu bat egongo da, ibiltaria eta Elejabarriko aterpetxean zerbitzua emango duena, besteak beste.
Zerbitzu horren barruan, kolektiboei prestakuntza emateko aukera dago. Prestakuntza teknologia berriei buruzkoa izango da, eskaeraren arabera eta unean uneko beharrizanei erantzunez. Ikastaroak gune horietan eman daitezke, edo beste espazio batzuetan, adibidez KZguneetan edo prestakuntza jasotzen duten elkarteen lokaletan.
Juan Mari Aburto alkateak gaur goizean Errekaldeko laguntza-gune digitala bisitatu du, Oihane Agirregoitia Herritarren Arreta eta Partaidetza eta Nazioarteko Gaietako zinegotziarekin, Iñigo Zubizarreta Gizarte Ekintzako zinegotziarekin, eta Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziarekin. Udalbatzako beste kide batzuk ere egon dira.
Aburtok gogora ekarri du “Bilbon ez dugula inor atzean utziko. Geure hiria etengabe mugitzen ikusi gura dugu, eraldaketa digitaleko helburu guztietan aurrera egiten, baina betiere aurrerapen horrek herritarren ongizatea hobetzeko helburuz. Herritar guztien ongizatea”.
Alkateak honakoa gaineratu du: “hiri moderno eta adimentsu bat gura badugu, herritarrei zerbitzuak ahalik eta modurik erosoenean eskaintzen dizkien hiri bat gura badugu, aurrera egin behar dugu digitalizazioko eta online izapideetako sistemetan. Baina ondo dakigu horretarako kolektibo batzuei lagun egin behar zaiela eta prestakuntza eskaini behar zaiela. Era berean, geure zerbitzuak eta beraiek emateko modua beharrizan horietara egokitu behar ditugu”.
Programa honen aurrekontua 300.000 eurokoa da. Laguntza-gune digitala zerbitzu pilotua izango da urtea bukatu arte. Udalak uste du ordura arte 2.000 bat pertsonari arreta eman ahal diela, eta beste hainbesteri prestakuntza eskaini. Proba-aldia amaitutakoan, Udalak hura mantentzea eta/edo beste auzo batzuetara zabaltzea aztertuko du.
Gizarte-kohesiorako neurriak
Udal zerbitzu berri horren sorrera "Bilbao 2022 Plana: 21 neurri Covid-aren ondorioen aurka" izeneko planaren neurrietako bat da. Planaren helburu nagusia da uriko ekonomia, kultura eta gizarte-bizimodua suspertzea pandemiak dirauen artean.
Zehazki, zerbitzua gizarte-kohesioarekin zerikusia duten neurrien barruan sartzen da. Neurri horien bidez, COVID-19ak bereziki ukitutako pertsona guztientzat babes sozial bat sortu gura da, pertsona horiek arreta eta babes bereziak behar baitituzte.
Irisgarritasun unibertsala
Bilboko Udalak irisgarritasun unibertsal eta jarraituarekin duen konpromiso irmoa mantentzen du. Aurrera egiteko, eta pertsona guztiek udal zerbitzuak modu normalizatuan, erosoan, seguruan eta eraginkorrean eskuratu, ulertu eta erabiltzeko.
Horrela, uriko elementuen eta espazio publikoen irisgarritasun fisikoa hobetzeaz gain, udalak hainbat prestakuntza ikastaro eskaintzen dizkie udal langileei, dibertsitate funtzionala duten kolektiboen premiei ematen dien arreta egokitzeko.
Helburu berarekin, Udalak 450 administrazio-dokumentu baino gehiago irakurketa errazera egokitu ditu. Tutorial batzuk prestatu ditu izapideak egiteko urratsak modu erraz eta ulergarrian azalduz. Bideoak Bilboko Udalak Youtuben daukan kanalean daude.