Buscar
Gipuzkoa

Laien ingurumen eragile berria sortu da Urola Erdian

Lapatx zabortegia itxi ostean, eremuaren kudeaketa daraman enpresa ere eraldaketa prozesuan dago
Urola Erdiko Lapatx zabortegiaren irudi orokorra. | ARGAZKIA: N.G.
Urola Erdiko Lapatx zabortegiaren irudi orokorra. | ARGAZKIA: N.G.

Trantsizio ekologikorako bidean ingurumen eragile berria sortu da Urola Erdian. Lapatx zabortegia itxi ondoren, eremuaren kudeaketa daraman enpresa eraldaketa prozesu batean murgildu da eta horren fruitua da ingurumena eta energia helburu dituen Laien eragilea. Lanean ere hasiak dira, izan ere, zigilatutako eremuan, zabortegi zaharrean, energia berriztagarriak ezarri eta ekonomia zirkularra bultzatzeko instalazioak prestatzen ari dira.

30 urtez zaborrak jaso ostean 2016. urteko abenduan itxi zen Lapatx zabortegia. Ordutik, eraldaketa prozesu etengabean dago. Izan ere, zaborra lurperatzeari utzi zion egun batetik bestera, baina zereginak ez ditu amaitu. Eraldaketa prozesu horren baitan, etorkizuneko erronkak identifikatu eta ekonomia zirkularra eta energia oinarri dituen trantsizio ekologikorako eragile bihurtu da, eskualdeari zerbitzua ematen jarraitzeko. Eta eraberritze horren baitan izena ere aldatu du: Laien. Ingurumena eta energia ingurumen eragilea.

Etorkizuneko erronken eta eraldaketaren oinarrian egin berri duten plan estrategikoa dago. Hala, aldaketa klimatikoari aurre egitea, jasangarritasuna bultzatzea, ekonomia zirkularra bultzatzea eta trantsizio energetikorako poiektuak garatzeko puntuak ditu zehaztuta datozen urteotarako bide-orrian. Beti ere, eremuak beharrezko duen Ingurumen Baimen Integratuak eskatzen dituen betebeharrak atzean utzi gabe.

Lau helburu estrategiko zehaztu dituzte. Lehenik, Urola Erdia eskualdeari zerbitzua ematea ezinbestekoa da. Hala, herritar eta mankomunitatearentzat ingurumen interes, interes sozial edo ekonomikoan izan dezaketen jarduerak gauzatuko dira, beste eragileekin elkarlanean.

Era berean, trantsizio energetikoa bultzatuko da,energia eta espazio baliabideak energia trantsizioarako baliatzea instalazioak jasangarri bihurtuz, menpekotasun energetikoarekin bukatzeko, kutsadura gutxitzeko eta kostuak murrizteko. Bestalde, ekonomia zirkularra bultzatuko da, hondakinen balorizazioaren bidez. Hondakinen biltegiratzeko eta tratatzeko jarduerak egingo dira ekonomia zirkularraren eredua sustatzeko helburuz eta ingurumen-inpaktua minimizatu eta kostuak optimizatzeko. Azkenik, zigilatzearen jarraipena egino da.

Zaborrei jarraipena

Zabortegiak zaborra jasotzea utzi bazuen ere, bere bizitza ez zen momentu batetik bestera bukatu. Zaborra jasotzea bukatu ostean hasi zen zigilatzea. Lapatxek 90.000 metro koadro ditu; bi zatitan banatuta. Zabortegi zaharra eta berria. Zabortegi zaharrean, 1988. urtetik 2000. urtera arteko zaborrak daude pilatuta. Zati hori dagoeneko zigilatuta dago. Hala ere, 30 urtez jarraipena egin behar zaio eremuari.

Zabortegi berrian, 2000. urtetik itxi artean jasotako zaborra dago eta 60.000 metro koadroko lurra egonkontzeko denbora eta zainketa egin ostean 2023. urtean zigilatzen hasiko dira, eta legeak agindu bezala faseka egingo da. Hiru edo lau urtean zigilatuta egongo da eta ekonomia zirkularra eta energia trantsizio bultzatzeko gunea izatea aurreikusten da.

2023-01-01T00:59:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo