Buscar
Polideportivo

“Lanaren erdia egin badugu ere, aurkaria handia da”

Eskubaloia Gaur Bidasoak Norvegian, 18.45etik aurrera, joaneko partidako hiru goleko errenta multzoen fasera sailkatzeko baliatzea espero du Cuetarak
Jokalariak Cuetararen aginduak arretaz entzuten, atzo Trondheimen. | ARGAZKIA: CD BIDASOA
Jokalariak Cuetararen aginduak arretaz entzuten, atzo Trondheimen. | ARGAZKIA: CD BIDASOA

Jacobo Cuétara Bidasoa-Irun taldeko entrenatzaileak sinesmen osoa du European Leagueko aurre-kanporaketan bere taldeak Kolstad norvegiarra gaindi-tzeari dagokionean. Multzoen faserako sailkapena ziurtatzeko, Irungo taldeak astearte honetan Tromdheimen jokatuko den itzulerako partidan, joaneko partidan lortutako hiru goleko errenta baliatu beharko du, 18.45etik aurrera (ETB1). “Lanaren erdia egin dugu, baina aurrean aurkari handia izango dugu”, esan du entrenatzaileak.

“Zenbat eta gol gehiagoko errenta, hobe; guk hiruko abantaila daramagu, baina agian gol gehiagorekin, etxean jokatzen dutenez, haiek ere epika aldarrikatuko lukete”, adierazi zuen prestatzaile asturiarrak, eta presioa ere sartu nahi izan zion aurkariari, “Eurek betebehar franko dute etxean jokatzen dutelako, aurrekontuagatik, inbertsioagatik...” eta premia larri horiek baliatzeko asmoa adierazi zuen.

Kanporaketa honen aurrean Cuetarak badu zalantzarik, ordea, “Artalekun beraiek eskainitako irudia baliozkoa izan ote zen” egiaztatu nahi baitu, Kolstadek oso une onak eta, batik bat bigarren zatian, gabezia batzuk tartekatu zituelako. “Hori izango da gakoetako bat, eta bestea, gu gure mailan jarduteko gauza izatea. Horretan gabiltza buru-belarri, eta larunbateko Bar-tzelonaren aurkako partida ondo etorri zaigu”, adierazi zuen Cuetarak.

Patzientzia

Partida zail horren aurrean Jacobo Cuetarak “pazientzia eta lasaitasuna” eskatu die bere jokalariei, aurreko asteartean Irungo Artaleku kiroldegian gertatu bezala, “joanekoan bezala, alde bateko eta besteko partzial eta aldaketa ugari egon daitezke, eta guk geurea egin behar dugu etsi-etsian”.

“Taldea ondo ikusten dut, nahiz eta jokalari batzuk oraindik behar bezala egokitzeko prozesuan egon, eta beste batzuk lesioetatik irten berritan... baina alor askotan hobe-tzen ari gara eta lehiakor izateko prest gaude; horregatik, partida biribila jokatu eta amaierara arte aukerak izatea espero dut, horrek nolabaiteko abantaila emango liguke eta”, esanez amaitu du Cuetarak.

2022-10-05T06:21:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo