Gipuzkoa

Landa-lurren mugak digitalizatzeari ekingo dio Azpeitiko Udalak

Ekimenaren helburua landa-lurren mugen ezagutza babestea da eta horretarako lursailen jabeekin bilerak egingo dituzte
Bi neska Xoxoterako bidean, Azpeitiko lurretan. | ARGAZKIA: ARNAITZ RUBIO

Azpeitiko Udalak landa-lurren mugak zehaztu, eguneratu eta digitalizatzeko lanari ekin dio, beti ere, “landa-lurren mugen ezagutza babesteko” helburuarekin. Horretarako, Udal ordezkariak lursailen titularrekin bilduko dira hilaren 24an (bi batzar egingo dira, 11.00etan eta 18.00etan).

Udaletik azaldu dutenez, gero eta zailagoa gertatzen da landa eremuko lursailen mugak identifikatzea eta zehaztea: “Lursailen titularren batezbesteko adina altua da, eta mugen desagertze edo nahaste arriskua kontuan izanik, mugak eta mugarriak GPS koordenatuekin zehaztu nahi ditugu”.

Lan hauek behar bezala garatzeko ezinbestekoa izango da jabeen laguntza izatea, “mugakideekin lursailen mugak eta mugarriak adostu beharko dituztelako”.

Egingo diren lanen emaitza bezala, plano pertsonalizatuak emango zaizkie titularrei, lursailen mugak eta gaur egun dauden mugarrien zein berrien koordenatuak zehaztuz. Gainera, zuzenak ez badira, katastroko mugak zuzenduko dira. Azken batean, proiektuaren helburuak “mugetan egon daitezkeen akatsak argitzea eta zuzentzea, eta mugei eta mugarriei GPS koordenatuak ezartzea” dira.

Jabeek edo haien oinordekoek landa-jabetzak ahaztu edo ezagutzen ez badituzte, mugarriak eta mugak nahasgarriak izango dira edo, besterik gabe, desagertu egingo dira. Horren ondorioz, mendia ez da zaintzen, eta horrek ondorio larriak ditu landa-munduan.

Egoera horren aurrean, Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduta, 500 partzela mugatzeko lanak hasi ditu. Lursail horiek 836 hektarea hartzen dituzte landa-lurzoruan. Aurreneko fase honetan 1 eta 7 poligonoetako landa-lursailen inguruko lanketa egingo da, “eremua oso zabala delako”. Gainerako poligonoetako lanketak “hurrengo urteetan” egingo dira. – Jabi Leon

03/11/2022