Buscar
Polideportivo

Larrañaga eta Vicente aurrez aurre apirilaren 2an

Vicente eta Larrañaga apustua adostu zuten egunean.
Vicente eta Larrañaga apustua adostu zuten egunean.

Donostia Iker Vicente nafarrak eta Mikel Larrañaga gipuzkoarrak hitzartu dute jada, momentuko bi aizkolari onenen arteko erronka historikorako eguna. Azkenik, apirilaren 2an, larunbatez, arratsaldeko 18.30ean hasiko da desafioa Tolosako zezen plazan, astebete beranduago izango ote zenaren susmoa zabaldu bada ere.

Vicentek eta Larrañagak 7.000na euro jokatuko dituzte, sei oinbiko eta hamabi kanaerdiko nork azkarrago moztu. Alegia, bi aizkolariek 53,1 zentimetroko diametroa eta 1,669 metroko perimetroa duten sei enbor, eta 39,8 zentimetroko diametroa eta 1,252 metroko perimetroa duten beste hamabi zatitu beharko dituzte. Apustua, beraz, ez da nolanahikoa izango, gogorra oso. Euskadiko Txapelketa, esate baterako, lau oinbiko, 60 hazbeteko lau enbor eta lau kanaerdikotara jokatzen da. Eta, zer esanik ez, Euskal Herriko bi aizkolaririk onenak elkarren lehian jartzeak pizten du nagusiki, apustu honekiko interesa. Iker Vicente da Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko egungo txapelduna; Euskal Herriko Lehen Mailako Txapelketako kide ohiek antolatzen dute Euskal Federaziotik at dagoen txapelketa hori. Jakina denez, Larrañaga txapeldunordea izan zen.

Azpeitiarra bigarren izan zen Vicenteren atzetik, bai iaz, baita 2019an ere, Euskal Herriko Txapelketan. Azken Urrezko Kopan, ordea, Larrañaga nagusitu egin zitzaion Vicenteri hamabi kanaerdiko lanean.

Apustuetan aritutakoak Mikel Larrañaga (Azpeitia, 1989-12-20) eta Iker Vicente (Otsagabia, 1987-6-15), biak ere aldez aurretik apustuetan ibilitakoak dira. Azpeitiarrak Eneko Otaño Beizamako aizkolariari irabazi egin zion aizkora hutsean, eta, apustu mistoan, baita Alex Txikon eskalatzaile bizkaitarrari ere; nafarrak, berriz, bere desafio bakarra Xabier Orbegozo, Arria V.a, errezildarraren aurka jokatu zuen orain lau urte.

Etiquetas
2022-02-17T07:25:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo