Gipuzkoa

Larreaundi-Olaberria: auzolana komunitate bizigarri baten alde

Azken urteetan jende gazte berria sartu da Azo Elkartean, beste belaunaldi batekin elkarlanean bertako bizi baldintzak hobetzeko eta hainbat balore sustatzeko asmoz.
Auzo Elkarteko Jai Batzordea osatzen duten kide batzuk, bilera baten aurretik.
Auzo Elkarteko Jai Batzordea osatzen duten kide batzuk, bilera baten aurretik. / A.M.S.

Azken urteotan Larreaundi-Olaberria Auzo Elkartea eraldaketa sakona bizitzen ari da. Belaunaldi ezberdinetako kideen arteko lankidetza eta auzoaren hobekuntzarako borondate irmoa direla medio, elkartea indartzen ari da, auzolana eta komunitate-sarea sendotuz.

Duela hiru urte, gazte talde bat Roberto Iparragirre eta Miguel Burguete 80 urtetik gorakoek kudeatzen zuten Auzo Elkartean sartu zen, auzoan inplikatzeko nahiak bultzatuta. Talde berriak, hasieratik, helburu argia izan du: auzoaren bizi-baldintzak hobetzea eta hainbat balore sustatzea.

Elkartean sartzearen aurrekaria auzoko jaiak berreskuratzeko Jai Batzorde bat sortzea izan zen. Kontzertuak, txosnak eta bestelako jarduerak antolatu zituzten, eta auzotarren parte-hartzea nabarmena izan zen. “Jende helduak bere garaian jaiak nolakoak ziren gogoratzen zuen, eta oso oroitzapen onak zituzten. Eta beste belaunaldi batzuk jaiak berresukratzen saiatzen zebiltzatela ikusi zutenean poztu egin ziren. Orduan erabaki genuen Auzo Elkartean sartzea”, azaldu du Iker Eizagirrek.

Aurrerago, Balazta elkartearekin batera Olentzeroren Jaitsiera antolatu zuten, bai eta Euskararen zein Kirolaren Egunak. Gainera, urteak pasa ahala, bestelako ekimenak garatu dituzte, hala nola, Kulturartekotasunaren Astea, aisialdi taldea, liburutegi ibiltaria, ipuin kontaketa saioak, Auzo Baratza, etab.

Auzo Plana: beharrak identifikatzen

Jaiak berreskuratzeaz harago, talde berriak auzoaren premiazko beharrak aztertzea erabaki zuen. Horretarako, bilerak eta galdetegiak egin zituzten, eta horien bidez lortutako informazioarekin Auzo Plana osatu zuten. Bertan, hainbat premia nagusi identifikatu zituzten.

Alde batetik, auzoak duen espazio publikoen gabezia. “Larreaundik ez du plazarik, ezta oinezkoentzako ibilbide segururik ere”. Zentzu honetan, Iñigo de Loiola kalearen zati bat peatonalizatzea eta eskola eta futbol zelaiaren arteko eremua plaza bihurtzea eskatzen dute.

Mugikortasunari dagokionez, aparkatzeko arazoak daudela salatu dute eta bidegorrien eta Olaberriarekin lotura seguru baten beharra aldarrikatu dute.

Auzo Planan komunitate inklusibo bat sortzeko nahia jaso dute ere, non edonork, jatorria, klasea edo generoa edozein dela ere, parte hartu ahal izango duen.

Hezkuntza eta inklusioa ardatz

Auzoan hiru ikastetxe egoteak hezkuntza-proiektu sendo bat garatzeko aukera eskaintzen du. Horretarako Auzo Hezitzaileen Mahaia sortu zuten, eta bertan, ikastetxeetako ordezkariak, Eguzkitzako Guraso Elkarteak eta kale hezitzaileek parte hartzen dute. Horrela, aisialdi talde bat sortu dute, eta 20-25 gurasok beren haurrak bi astetik behin bertan parte hartzera eramaten dituzte. “Auzo ekosistema bat egoteak haurrek errespetuzko eta euskarazko aisialdi bat euki dezaten lagunduko du”, nabarmendu du Eizagirrek.

Bestalde, euskararen normalizazioa ere sustatu dute, Euskara Batzordearen bidez. Euskara Eguna antolatu eta AEKren eskutik auzoan bertan euskara ikasteko aukera eskaini dute. Halaber, feminismoa eta berdintasuna landu dituzte tailer eta hitzaldien bidez, eta aurten lehen aldiz Kulturartekotasunaren Astea antolatu dute, arrakasta handiz.

Beste eragileekin elkarlana

Erletxearekin elkarlanean, astelehen goizetan, 12.00etatik 13.00etara, gizarte prestazioen informazio puntua eskaintzen dute auzo lokalean. Edonor joan daiteke bertara bere eskubideei buruzko informazioa jasotzera, eta bereziki behar ekonomikoa duten auzokideentzat baliagarria da zerbitzua.

Alde horretatik, komunitatearen kohesioa sustatzeko balio handia ematen diote auzoko beste erakunde batzuekin –Balazta, Taupa, Skola Musik, etab.– lankidetzan aritzeari.

Auzo Lokal berria

Auzo Elkarte honen aldarrikapen zaharrenetako bat jarduera gehiago garatzeko aukera emango zien lokal berri batena zen, Iñigo de Loiolan duten egoitza txiki geratu baitzaie. Duela gutxi Udalak Virgen Milagrosa kaleko 3. zenbakian dagoen lokal bat lagatzea lortu zuten, eta 'Auzo Lokala' izena jarri diote.

Bertan, pilates, indar eta mugimendu eta luzaketa ikastaroak eskaintzen dituzte, bai eta klase partikularrak zein aisialdi taldea. Etorkizunean, bazkideei beren ekimenak antolatzeko aukera ematea ere gustatuko litzaieke, hala nola urtebetetze ospakizunak egiteko edota hitzaldiak antolatzeko.

Inplikazioa eta erronkak

Nahiz eta mahai eta batzorde ezberdinetan parte-hartze nabarmena dagoela aitortu, Eizagirrek adierazi du inplikazioa ez dela hain handia, eta dagoeneko lanean ari direnek hura haztea nahiko luketela.

Zentzu honetan, auzo eskalak hirian benetan eragiteko aukera eskaintzen duela nabarmendu dute. “Irun bezalako hiri batean auzo elkarteak indarberritzeko apostua egin beharko genuke, horien bidez gauza asko egin daitezkeelako”, esan dute. Eta udalerriko beste Auzo Elkarte askotan bezala, Larreaundi-Olaberrian ere jende gehiago beharko luketen arren, taldeak argi du azken urteetan martxan jarritako ildoetan lanean jarraituko duela, hasieratik ezarritako helburuak lortzeko asmoarekin.

2025-02-22T14:47:29+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo