Buscar
Bizkaia

Larunbatean ospatuko da Miribillako suhiltzaileen parkeko ate irekien jardunaldia

Suhiltzaileen jarduera bat, ate irekien jardunaldi batean.
Suhiltzaileen jarduera bat, ate irekien jardunaldi batean.

Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta azken edizioak bertan behera utzi behar izan ondoren, datorren larunbatean, martxoak 4, itzuli egingo da urtero ospatzen zen Miribillako suhiltzaileen parkeko ate irekien jardunaldia. Ekitaldia goizeko 10.00etatik 13.30era ospatuko da, San Joan jainkoaren eguna omentzeko.

Jardunaldi hori Bilboko Suhiltzaileen Kultur eta Kirol Elkarteak bultzatzen du eta San Joan Jainkoaren eguna gomutatzeko lehenengo jarduera izango da; azken ekitaldiak, ordea, martxoaren 8an (eguaztena) egingo dira.

Ate irekiak

Ate Irekien Jardunaldia herritarrentzat da, baina, batez ere, suhiltzaileen parkeetan egunero egiten den lana eta profesional horiek larrialdi-egoerei aurre egiteko erabiltzen diren materialak eta ibilgailuak gertutik ezagutu nahi dituzten familientzat eta haurrentzat.

Horrela, aukera izango da hainbat espazio bertatik bertara ezagutzeko -hala nola, ke-galeria-, mahuka bat erabiltzen ikasteko, kamioi batean muntatzeko eta tirolina eta autoeskalaren erakustaldietan parte hartzeko... Gainera, haurrentzako hainbat jarduera eta jolas egongo dira.

Jardunaldi berezia izango da, 2020tik ez baita egin; aurreko edizioetan 3.000 pertsona inguru bertaratu izan dira.

Jardunaldiaren barruan, aurten ere Suteen Prebentziorako Asteari lotutako jarduerak egingo dira, MAPFRE Fundazioarekin eta Suhiltzaileen Profesional Teknikoen Elkartearekin (APTB) lankidetzan antolatuta.

Sentsibilizazio-kanpaina bat da –pandemia ostean berrio egingo dena-, nork bere burua babesteko ezagutzen berri zabaltzeko herritarren artean, baina, bereziki, haurren artean.

Horrela, Miribillan 400 metro koadroko ebakuazio-etxe puzgarria instalatuko da. Etxebizitza edo ikastetxe baten ebakuazioa simulatuko da bertan, eta bi tailer jarriko dira martxan: su-itzalgailuena bata, eta BBBrena bestea. Halaber, haurrei prebentzio-gidak emango zaizkie, lekuan bertan ikasitakoari jarraipena eman diezaioten.

Jardunaldi horri esker, jakin ahal izango da nola sor daitekeen sutea eta zer prebentzio-neurri hartu behar diren sute hori saihesteko, bai eta nola jokatu behar den ere, sutea gertatu bada.

Beste ekitaldi batzuk

Suhiltzaileen zaindariaren jaiak domekan, martxoaren 5ean, jarraituko du. Kirol-eguna izango da, eta jaiarekin bat egin nahi duten estatuko beste suhiltzaile-zerbitzu batzuekin ospatuko da.

Egun honetan, goizeko 11:00etatik aurrera, “Bilboko Suhiltzaileen XIX. Sariketa” egingo da: 6 kilometro inguruko lasterketa Bilboko itsasadarraren ertzetan. Bilboko Udaleko langileek eta suhiltzaileen beste kidego batzuetako ordezkariek ere parte har dezakete lasterketan.

Ekitaldiak martxoaren 8an bertan amaituko dira, San Joan Jainkoaren egunarekin. 11:00etan suhiltzaileen ibilgailu klasikoen eta gaur egungoen karrusela egingo da. Miribillatik abiatu, Bilboko kaleetan barrena ibili eta Miribillako parkera itzuliko dira.

Jarraian, barne-ekitaldia egingo da: omenaldia Miribillako parkean erretiroa hartu duten suhiltzaileei. 14:00etan, lankide arteko bazkaria egingo dute eta, ondoren “Suhiltzaileen Mus Txapelketa”, aurtengo ekitaldiei amaiera emanez.

Bilboko suhiltzaileen zerbitzua

1884ko urtarrilaren 17an sortu zuten oraingo Bilboko Suhiltzaileen Zerbitzua, baina lehenago du jatorria. Izan ere, 1832an, Suteen Aurkako Batzorde bat sortu zuten. Batzordeko kideak Uriko korrejidorea, Udalak izendatutako errejidore bi eta Elkarrekiko Aseguruetako Ugazaben Batzar Nagusiak aukeratutako bi pertsona ziren. 1858an, San Jose Suhiltzaileen Elkartea eratu zuten, eta hazi horretatik sortu zen oraingo Bilboko Suhiltzaileen Zerbitzua.

2023-03-01T15:16:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo