Buscar
Gipuzkoa

Larunbatean Pasai Antxok Gaztain Eguna ospatuko du

Gaztainak erretzeaz gain, mendi ibilaldia, pilota partidak, herri bazkaria eta erromeria izango dira
Larunbatean Pasai Antxok Gaztain Eguna ospatuko du
Larunbatean Pasai Antxok Gaztain Eguna ospatuko du

Larunbatean, hilaren 26an, Euskaraldiaren egitarauaren barnean, Gaztain Eguna ospatuko dute Pasai Antxon, Papineko Gazteria taldeak antolatuta. Egun osoko jardunaldia prestatu dute eta gaztainak erretzeaz gain, mendi txangoa San Markora gaztainak biltzeko, herri bazkaria, pilota festa eta musika egongo dira. Helburua, garai bateko ohitura herrian berreskuratzea da.

Hortaz, 10.00etan, antxotarrak Ibaiondo kantinaren kanpoaldean elkartuko dira San Marko mendira gaztaina bila joateko. Gogoratu dutenez nork berak saskia eraman beharko du.

Ondoren, 12.30ean, Antxoko pala final handia jokatuko da Ibaiondo pilotalekuan. Helduen pala txapelketako irabazle Virgilio eta Telleria buruz buru arituko dira Papineko pala txapelketako irabazle Famo eta Gaitonen kontra. Sarrera librea izango da. 14.30ean bertso bazkari herrikoia egingo dute Biteri plazan. Antolatzaileek ohartarazi dute “adin guztien-tzat” dela bazkaria, eta honakoa menua: paella antxotarra, edaria (ura, sagardoa eta ardo zuri edo beltza), postrea eta kopa (patxarana eta belar likorea). Tiketak, hamabi eurotan, Dani, Kamio, Ibaiondo eta Izadi tabernetan salgai daude. Bazkaria karpa baten barruan egingo da.

Arratsaldean, 17.30ean, pilota partida profesionala jokatuko da Ibaiondon. Xala eta Azanza Santxo eta Alduntzinen kontra arituko dira. Norgehiagoka honetarako sarrerak erosi beharko dira, bost eurotan, pala partida bitartean edota pilota hasi baino ordu erdi bat lehenago, frontoian bertan. Sarrerarekin batera saski baterako zozketarako zenbakia lortuko da. Partida amaitu ondoren, 18.30ean, gaztaina erretzea hasiko da Biteri plazako karpan eta dastaketa doakoa izango da. Eguna amaitzeko, Bide Batez triki taldearen erromeria izango da 22.30etik aurrera.

BESTE EKINTZAK

Bestalde, Euskaraldiaren harira, beste hainbat ekitaldi antolatu dira Pasaian. Ostiralean Pasai San Pedroko Sanpedrotarra elkartean 22.00etan afaria egongo da eta ondoren bingo musikatua izango da. Yogurinha Borovak eta Aurori Badiolak gidatuko dute bingoa algara artean.

Larunbatean, Gaztain Egunaz gain, Trintxerpeko alkateordetzan Ane Lindaneren Mikrotik... bakarrizketa ikusi ahalko da 19.00etan. Igandean, ...Nahi dugu hitz eta jolas bertso saioa izango da Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan 18.00etan. Ane Zuazubiskar eta Xabat Illarregi arituko dira bertsotan, Imanol Artola gai-jartzaile dutela.

Abenduaren 2an, Euskaraldiari amaiera emateko, Itzal eta Ezpalak taldeek kontzertua eskainiko dute Pasai Antxoko Ibaiondo pilotalekuan. Gainera, Euskaraldiak dirauen bitartean, Pasai Antxoko tabernetan Belarria prestatzeko saioak antolatuko dira, euskaraz hobeto ulertzeko, euskaraz entzuteari beldurra ken-tzeko eta Euskaraldian konfiantza gehiagoz parte hartzeko. Ekimen hau bereziki Euskaraldian parte hartzeko zalantza duten horiei zuzendua egongo da, euskaraz zerbait ulertzen dutenei, baina ez guztiz ongi. Baita, inoiz euskara ikasi baina herdoilduta daukatenei ere.

Parte hartu nahi dutenek tabernetan mahai bat aurkituko dute Euskaraldiko leloarekin, eta astelehenetik ostegunera, 18.30etik 20.00etara, bertan esertzeko eta herriko euskaldunekin egoteko aukera izango dute. Haiek euskara errazean egingo diete eta kontu interesgarriak kontatuko dizkiete: albisteak, anekdotak. Bertan esertzen direnek euskaraz entzutea eta ulertzea izango da kontua.

2022-11-24T20:23:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo