Asteburu honetan, 75 urtez pilotaren zaletasuna Lasarte-Orian sustatu ostean, Intza KEk bere urteurrena ospatuko du hamaika ekitaldirekin. Zer goraipatu badaukate, herriko elkarterik zaharrena baita.
Honela, ostiral honetan 19.30ean pilotari buruzko solasaldia izango da Intzaren egoitzan. Bertan parte hartuko dute pilotari ohiak diren Jokin Errasti, Mikel Unanue Juan Mari Arteaga; Axier Arteaga pilotaria eta Aniceto Lazkano entrenatzaileak. Jose Felix Solanok egingo ditu modera-tzaile lanak.
Larunbata egun handia izango da. Honela, 12.00etan Sagardotegi kaletik danborrada aterako da. ATLO elkartearen laguntza izango dute eta txaranga ere izango da.
Arratsaldean, 16.30ean, Sagardotegi kaletik ere, Ttirriki Ttarraka eskolako trikitilariekin batera kalejira egingo dute.
Egunarekin amaitzeko, Loidibarren pilotalekuan, 17.30ean, Intza KEren eskolako pilotarien arteko partidak izango dira.
Iganderako antolatu dira ekitaldi gehienak. Eguna hasteko, 9.00etan Intzako egoitzatik, txistulariek diana egin eta herriko kaleak zeharkatuko dituzte.
11.00etan Ama Brigitarren komentuan herri meza izango da, zendutako Intzako bazkideak oroi-tzeko.
Ordu berean, Loidibarren pilotalekuan pilota partidak jokatuko dira: Artetxe eta Erasun, Salaberria eta Lizeagaren aurka; eta Alberdi eta Ugartemendia, Igoa eta Apezetxearen aurka.
Urteurrenarekin amaitzeko Intzaren egoitzan bazkaria egongo da.
Aste honetan elkarteak egindako aurkezpenean aurreratu zuenez, 75. urteurrenaren harira eta elkartearen historia berreskuratzeko asmoz, argazki historikoz osatutako dokumental bat egiten ari dira. Bazkideei USB edo disko batean entregatuko zaie prest dagoenean.
Ospakizun hau egin ahal izateko eta egitaraua prestatzeko Lasarte-Oriako Udalak 10.000 euroko dirulaguntza eman du.