Gasteizko taxi-zerbitzuan ibilgailu elektrikoak erosteko dirulaguntza-deialdia irekitzea adostu du Tokiko Gobernu Batzarrak. Ekimenak seigarren edizioa izandu aurten. Lau pertsonek izango dute laguntza, 10.000 euro bakoitzak.
"Gasteizko udalaren mugikortasun iraunkor eta osasungarriaren politiken estrategiak helburu estrategikotzat du garraio publikoan errekuntza-motorra duten ibilgailuak ibilgailu elektriko berriez ordezten laguntzea", azaldu eta gaineratu dute Udaletik: "Horrela, airearen kalitatea hobetzen laguntzen da, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuz. Era berean, garraioa elektrifikatzeak lagundu egiten du kutsadura akustikoa eta energia-kontsumoa murrizten".
Dirulaguntza-deialdi hau 2023an ibilgailu elektriko berriak erosteko da eta 40.000 euroko aurrekontua du. Dirulaguntzen onuradunek erositako ibilgailu elektrikoa gutxienez lau urtez Gasteizko taxi-zerbitzuan erabiltzeko konpromisoa hartzen dute.
Bestalde, Udalarekin jarraituz, tokiko gobernu Batzordeak gaur onartu du Gasteizko Udala Haur Txirotasunaren aurkako Goi Komisarioaren Haur Pobrezia Zero Herrialde Aliantzara atxikitzea.
Aliantzaren helburua da “haur-txirotasunaren joera aldaraztea, arazo hori desagerrarazteko funtsezko eragileen artean akordioak sortuta: Administrazioa, enpresak, fundazioak eta hirugarren sektoreko erakundeak. Gure helburua da herritar guztiei aukera-berdintasuna bermatzea, hala haur-txirotasunaren zirkulua apurtzeko”, adierazi du Maider Etxebarriak, alkateordeak.
Helburu hori lortzeko, beste hainbat neurriren artean, honako hauek planteatu dituzte: jarduerak koordinatzea, haurren txirotasunaren aurkako borrokan berrikuntza bultzatzea, baliabide berriak mobilizatzea, arazoari ikusgarritasuna ematea eta kausak, ondorioak eta irtenbideak aztertzea.