Actualizado hace 4 minutos
Lautan Hiru jaialdiaren zazpigarren edizioa hasiko da Bilboko Zazpikaleetan ostegunean, otsailaren 6an, Bea Egizabalek La Sinsorga gunean eskainiko duen Gregoria antzezlanarekin.
Jaialdiak beste hiru hitzordu izango ditu, hilaren 13an, 20an eta 27an, eta guztira zortzi ikuskizun eskainiko ditu, horietako lau estreinaldiak. Gainera, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin (EHAZE) batera antolatutako Ikusle Klubari ere eutsiko zaio.
Euskaltzaindiak osatu du egitaraua, Tartean antzerki konpainiarekin, BIRA Kulturgunearekin eta 7Katu gaztetxearekin elkarlanean, eta Bilboko Udalaren babesarekin. Eszenatokiei dagokienez, sei lekutan programatuko dira emanaldiak: La Sinsorga, Kalderapeko, BIRA, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea eta Euskaltzaindiaren egoitza.
Iaz antzerkiaren gorputza-gorputzaren antzerkia izan zuen ardatz jaialdiak, eta aurten, berriz, gazteek egiten duten antzerkiari erreparatuko dio, Gazte gara gazte eta ez dugu (zuen) antzerkia maite leloa baliatuz.
Aldi honetan lau estreinaldi izango dira: XXII. Cafe Bar Bilbao-Tartean sarietako testu saridunarekin eginiko Destiny Driver irakurketa dramatizatua, 2024ko Lautan Hiru laguntza eskuratu zuen Alferrak, tunanteak, maleanteak ikuskizuna, 7Katu gaztetxearekin batera egindako Errealitatearen harribitxiak pieza, eta Jon Oregik zuzendutako Arima eta Bihotza (Lezoko Antzerki Testu Laburren II. Lehiaketan lehen saria).
Gainera, Saioa Bañalesek eta Aroa Blancok Odola lana taularatuko dute, Bea Egizabalek Gregoria, Ruth Guimerak eta Leire Orbek Buruaz norbere egin eta Gaizka Chamizok Heroiaren mina.