Gipuzkoa

Lazkao: Martxan da Gerriko Ikerlan Bekaren deialdi berria

Aurtengo edizioa aldaketekin ailegatu da, izan ere gaia zehaztuta dago dagoeneko
Gerriko Ikerlan Bekaren aurkezpena. | ARGAZKIA: LAZKAOKO UDALA

Gerriko Kultur Elkarteak, Maizpide Euskaltegi-Barnetegiak eta Lazkaoko Udaleko euskara eta berdintasun batzordeak elkarlanean, Gerriko Ikerlan Bekaren deialdi berria antolatu dute. XX. edizioa izango da aurtengoa eta martxan da jada.

Deialdi berria aldaketekin ailatu da, izan ere orain arteko deialdietan gaia Goierri eta goierritarrei buruzko edozein izan zitekeen; aurten, berriz, gaia zehaztuta dago eta ondorengoa da: Lazkaoko emakumeak. Andreek Lazkaoko gizartean eta historian izan duten presentzia, ezaugarriak eta garrantzia.

Gaiaz ez ezik, ikerlanak aurkezteko modua, euskarria, ere aldatu da edizio honetan. Hau da, idatzizko edota ikus-entzunezko euskarrian aurkezteko aukera ere izango da.

Proposamenak 2023ko urtarrilaren 13ra arte aurkez daitezke gerrikokultura@gmail.com helbidean.

Beka 7.000 eurokoa izango da eta diru kopuruaren erdia izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, beste erdia, aldiz, lana amaitu, entregatu eta epaimahaikideek onespena emandakoan. Epaiaren berri 2023ko martxoaren 10ean jakinaraziko da, Lazkaoko Udaletxean.

Bekak euskararen irakaskuntza, euskalduntzea eta alfabetatzea sustatzea, eta euskararen erabilera eta tokiko kultur ekoizpena bultzatzea ditu helburu.

28/10/2022