Buscar
Actualidad

Lekarozko ezkilak

Goñik gogoan ditu Keda-ezkilak aditu ondotik aitak erraten zizkion hitzak: “Keda, goatzera gan eta kideilak heda”
Baztan Ikastolako 5. mailako ikasleak, Mari Karmen Goñirekin.
Baztan Ikastolako 5. mailako ikasleak, Mari Karmen Goñirekin.

Joan den egunean Mari Karmen Goñi, Ikastolako andereño ohia, 5.mailara etorri zi-tzaigun Lekarozko ezkilen inguruan solastatzera. Baztan bailarako herrietako bizitzan ezkilen dandak arront garrantzitsuak izan dira. Herriaren eguneroko martxa eta momentua ezkilen doinuen bidez jakitera ematen zen. Mari Karmenek erran zigunez, Lekaroz herri nekazaria zen eta garai batean erlojurik ez zenez, elizako erlojua eta ezkilen dandak arras garrantzitsuak ziren lanean noiz hasi eta noiz akitu jakiteko eta baita bertze hainbat gauzetarako ere.

Herri bakoitzak bere ezkil dorretan tamaina desberdinetako ezkilak dituzte. Lekarozko ezkil dorrean lau ezkila daude: bi arras ttikiak, bertze bat koxkorra, maingutzekoaz ezaguna eta laugarrena handi xamarra. Bakoitzak tamainaren araberako soinua du.

Eguna hasi eta gaueraino hainbat alditan jotzen ziren ezkilak, eta jo aldiero erranahi edo mezu desberdina adierazten zuten.

Ezkil jotze eta ezkil doinuak, erlojuaren martxaren ardurarekin batera eta dena eskuz, herriko serorak edo bere familiakoek egiten zituzten.

Eguneko lehenengo ezkilak, argi ezkilek goizeko 6:00etan jotzen zituzten. Ezkila handiarekin 14 danda eta ertainarekin 3 jotzen zituzten.

Ondokoak 12:00etan jotzen zituzten, Angelus ezkilek. Nekazariek kanpoko lanetan ari zirela, lana utzi, txapela kendu eta otoitz egiten zuten. 12 danda egiten zituzten abisatzeko.

Ilunabarrean berriz, ilun ezkilek jotzen ziren. Bere mezua, adinez gazteak zirenak etxera joateko ordua zutela zen. Hauek argi ezkilak bezalakoak dira, 14 danda ezkila handiarekin eta gero, 3 tartekoarekin.

22:00ak inguruan Keda ezkilen dandak jotzen ziren. Ordu honetako denek etxean egon behar zuten. Mari Karmenek bere aitari aunitz aldiz aditu zion: “Keda, goatzera gan eta kideilak heda”. Ohatzean luze-luze jarri eta lo egiteko tenorea zela abisatzen zuen. Kedan hiru danda jo, ixilune bat, berriz ere hiru danda, ixilunea… Horrela, 9 aldiz egiten zen.

Elizkizunetara deia ere ezkilekin egiten zen eta oraindik horrela egiten da. Lehen besta mezperan arratsaldeko hiruetan ezkilak jotzen ziren. Ezkilen bertze betebeharra suteak abisatzeko izaten zen. Herriko ezkilak arras erritmo azkarrean jotzen zituzten; lehenik, ezkila batekin eta gero bertzearekin jendeari laguntzaren beharra bazela eta sua itzaltzera deituz.

Bertze ezkil jotzeak eta oraindik segitzen dutenak hil ezkilak dira. Herrian heriotzaren bat izatean jo-tzen dira. Hildakoaren familiakoak serorengana joaten ziren pertsonaren heriotzaren berri ematera. Orduan serorak agonia dandak jo-tzen zituen, hauek mantxo mantxo jotako bortz danda ziren.

Geroago hil ezkilak jotzen ziren. Hil ezkilaren soinua desberdina da emazteki eta gizonkia izan. Gizonkietan ezkil handiarekin hasi, gero tarteko ezkila, berriz danda handiarekin, ondotik tartekoarekin…horrela danda andana batzuk eta akitu handiarekin egiten da. Emaztekia bada hil dena, lehenik danda bat tarteko ezkilarekin eta gero handiarekin. Horrela ezkil andana bat jo arte eta tartekoarekin akitu. Azpaizaren heriotza bi danda ezkil handiarekin eta bat tartekoarekin andana bat egin arte jotzen da, eta hasi bezala ezkil handiaren bi dandekin akitzen da. Haurren hil doinuak ezkil txikiekin jotzen dira; arinago eta erritmo xuabeagokoarekin.

Baztango herrietan urtero eta orain ere Aralarko Mikel aingeruaren bisita izaten da eta lehen Lekarozera Oharrizko monjetatik etortzen zen. Bidaia oinez egiten zen eta bide guztian lehenik monjetatik eta gero Lekarozko elizetatik agurra eta ongi etorria ezkilak jotzen ematen zi-tzaion.

Ezkilek herriarekin komunikatzeko balio zuten, baina baita herriak ber-tze herriekin komunikatzeko ere. Ezkilekin erran eta ezkilekin erantzun egiten zen. Doinuei letra jartzen zioten zenbaitzuek. Badakizue zer erraten zuten gure herriko ezkilek? “Bakailo saltsa, bakailo saltsa, bakailo saltsa…” -erraten zuen herri batek. Eta ondokoak erantzun: “Baluke, jain luke, baluke, jain luke”. Bertze herri batek, berriz: “Zerriek landan, zerriek landan, zerriek landan”. Eta ondoko herriak horrela erantzun: “Atratzik , atratzik , atratzik”. Eta akitzeko, ber-tze herri batek: “Gu nausi, gu nausi gu nausi.”

Ezkilak din-dan, din-dan, segi dezatela herrietan martxan.

2022-11-11T07:16:05+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo