Bizkaia

Lekeitioko Euskal Zine Bilerak baditu irabazleak

Lehiaketa ofizialera aurkeztutako lanen kalitatea goraipatu dute, “genero eta izaera oso ezberdinetako lanak” izan direlarik
‘Muga’ lanarentzat izan zen aurtengo Urrezko Antzarra.

Urriaren 20tik 22ra bitartean Ikusgarri zine aretoan ikusgai izan ziren ikus-entzunezkoei saria eman diete Lekeition, bere Euskal Zine Bileraren baitan lehiatu ziren lanak txalotuz. “Genero eta izaera oso ezberdinetako lanak ikusi ahal izan dira jaialdian zehar eta, aniztasun horren bidez, istorio ikusgarri eta interesgarriez gozatzeko aukera egon” dela zehaztu dute antolatzaileek. Eta plazaratutako 20 lanen artean, Eñaut Castagneten Muga lanarentzat izan da sari nagusia. “Immigrazioa, maila sozial eta lan esplotazioa bezalako gaiak jorratzen dituen lana da. Western estruktura duen pelikulak denbora osoan tentsioa mantentzen du, kameraren erabilera eta musikaren erabilera bikaina nabarmendu dute epaileek. Hortaz, berarentzat 45. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 3.000 euroko saria”.

Sari nagusiaz gain, beste lau izendapen ere banatu ziren. Zuzendaritza onenaren saria eskuratu zuena Aitzol Saratxaga izan zen, bere Lanbroa filmarekin. “Baliabide narratiboak ikus-entzunezko lengoaiaren bitartez adierazten ditu eta genero fantastikoaren kodeak modu paregabean erabiltzen dituelako” eman zioten. Berarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra izan ziren. Eta gidoi onenaren saria Raul Barrerasen Arnasa lanarentzat izan da. “Xamurra eta hunkigarria” den filmea, “narratiboki era borobilean egina eta errespetuzko mezua adierazten duela azpimarratu dute epaileek”. Berarentzat izan ziren 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.

Bestetik, ikusleek astean zehar emandako botoen bidez EITB Ikusleen sariaren irabazlea Raul Barreras izan zen, “batez beste 5etik 4,31 puntu lortu” zituelarik. Eta Gazte22 saria Nagore Murielen Erro bi lanarentzat izan zen. “Aurtengo edizioan aurre-aukeraketa pasatu zuen egile gazte bakarra izan zen” Muriel. Azkenik, epaimahaiak Leire Egañaren Erlojupekoa lanari eman zioten aipamen berezia.

Etiquetas
26/10/2022