Lesoinuren XXXIX. edizioak hamalau ekitaldi bilduko ditu Lezon datorren larunbata, martxoaren 29, eta apirilaren 11 bitarte. Mota askotarikoak izango dira emanaldiak. Kontzertuak, formazioak, ipuin musikalak eta ekitaldi parte-hartzaileak izango dira Lezon, besteak beste, Lesoinuk iraun bitartean. “Ia bi hilabetez herrian musikarekin modu ezberdinetan gozatzeko aukera izango da”, adierazi zuten ekimenaren aurkezpenean.
Ekintza guztiak doan izango dira apirilak 11eko Hegoak antzerki musikala izan ezik. Sarrerak zortzi euro balio du eta hau Udaleko webgunean eskuratu daiteke.
Lesoinuren helburua musika ikasleengana eta orokorrean herritarrengana gerturatzea da eta horregatik hainbat ekitaldi kalean izango dira, baina eguraldi txarra eginez gero Gezala auditoriumean egingo dira.
Hiru zutabe
Xanti Espinak, Tomas Garbizu Udal Musika Eskolako (TGLUME) zuzendariak, egitarauaren inguruan informazioa eman zuen. Hamalau ekitaldiak hiru zutabe nagusitan banatuko direla azaldu zuen: formazioa, parte-hartzea eta profesionalen saioak.
Formazio-saioetan bi azpimarratu zituen Espinak. Lehenengoa Musikosophia da, apirilaren 4ean burutuko den, Ainhoa Pintosen eskutik. Musikaz gehiegi jakin gabe, kontzertu bat entzuten ikasi nahi dutenei zuzenduta dago eta bi saio izango dira: 17.00etan gaztetxoenentzat eta 18.30ean helduagoentzat.
Bigarrenak, Musika eta zinema izenburua izango du. Musika zinema bezalako beste arte espresio moduetan nola uztartzen den ikasteko jardunaldia izango da. Gazteentzat musikaren produzkioaren inguruan aukera-lehio berriak zabaltzeko aproposa den jardunaldia da. Aitor Amezagak eskainiko du apirilaren 9an, arratsaldeko 19.00etan.

Lesoinuko egitaraua
Bestalde, saio parte-hartzaileak Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleek egiten duten lana kaleratzeko izango dira, haien presentzia handia izango da egitarauko ekitaldietan.
Azkenik, profesionalak ere aipatu zituen TGLUMEko zuzendariak. Zutabe honetan musikaren alor askotan eta musikarekin ezberdin lotzen diren musikarien emankizunak izango dira. Musikeneko ikasleen emanaldiak, kontzertuak edota euskal musika ardatz duten ikus-entzunezko bestelako saioak izango dira.
Pedagogia
Amaitzeko, aurkezpenean gogorazi zutenez, 80ko hamarkadan hasi zen egitasmoa, aste pedagokioaren izaera hartu zuen, baina urteen poderioz indar handiko egitaraua biltzen duen zikloa da.
Pedagogia ardatz izaten jarraitzen du, musikaren inguruko saioak dira oinarria eta musika ikasleei, irakasleei edota zaleei zuzentzen zaie. Izan ere, Mikel Arrutik, Lezoko alkateak, azaldu zuen moduan, “egitasmo honen historia luzea da, herriari egiten dion ekarpen kulturala oso garrantzitsua da eta horregatik hartu du egun duen garrantzia, ez soilik Lezon, baizik eta inguruko herrietan ere. Egitaraua anitza eta askotarikoa da, herritar guztientzat da Lesoinu, musika denontzat baita aberasgarria”.
Izan ere, beste urte batez Lesoinu zikloak musika emanaldiz, formazioz eta esperientziaz betetako egitaraua prestatu du aurtengo XXXIX. ediziorako.