Buscar
Gipuzkoa

Lezo: Bakarraiztegi errekan garbiketa lanak egin dira

Bakarraiztegitik ateratako hainbat hondakin. Argazkia: N.G.
Bakarraiztegitik ateratako hainbat hondakin. Argazkia: N.G.

Lezo – Lezoko Udalak Bakarraiztegi errakastoan, Ipintza industrialdetik pasatzean, garbiketa lanak egin ditu eta sei zaborrontzi baino gehiago bete ditu; guztira, 950 kilo hondakin inguru jaso ditu. Gainera, hozkailu bat edo edukiontzietan sartzen ez ziren egurrezko oholak bezalako objektuak ere jaso dira.

Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik laguntza bat jaso zuen inguru honetan isurketak garbitzeko eta prebenitzeko.

Jardueraren kostua, guztira, 16.000 eurokoa izan da (BEZa barne), eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ahalik eta finantzaketa handiena eman dio proiektuari, 7.552,77 euro jarrita (diruz lagun daitekeen zatiaren %75).

Bestalde, garbiketa egin ondoren, 110 metroko hesi bat jarri da, hondakinen isurketarik berriz gerta ez dadin; izan ere, ez da lehen aldia bertara iristea zaila den eremu hori garbitzen dena. Horregatik, garabi bat erabiltzea beharrezkoa izan zen.

Azkenik, jarduera osatzeko, babes-elementuak jarriko dira hesiaren aurrean, inguruan aparkatzen duten ibilgailuek apurtu ez dezaten.

Joxean Sánchezen, Ingurumeneko zinegotziaren, ustez, gaur egun Bakarraiztegi errekastoan egin diren bezalako jarduerak gobernu taldeak udalerriko erreken ingurumen kalitatea kontserbatzeko eta hobetzeko duen konpromisoaren adibideak dira.

Izan ere, oraingoa ez da azken hilabeteetan Udalak herriko erreka eta errekastoetan egiten duen esku-hartze bakarra izan. Esaterako, apirilean Eugenio de Ochoa kaletik pasatzen den Olazar ibaiko estaldura kendu eta ingurua naturalizatzeko obrak hasi ziren. Helburua, uholdeak ekiditea da.

Baina, parke eta berdeguneetan ere esku-hartzeak egiten dira. Adibidez, apirilean, basolanak egiteko Udalak kontratatutako taldeak Altzate igerilekuaren inguruan ibili zen lanean, bai linea elektrikoaren azpian, baita aparkalekuko hesiaren atzealdean.

Bi eremu horietan sasi garbiketa eta, batez ere, zabor bilketa lanak egin ziren. Guztira 20 hondakin poltsa inguru atera zituzten, hau da, 300 kilo inguru.

Eremua txukun mantentzeko, Udalak hesia konpontzeko konpromezua hartu zuen.

Oarsoaldea agentziaren laguntzarekin kontratatutako lan talde honek apirila arte, hainbat lan burutu zituen Lezon: lur eremu publikoetan sasi garbiketa, zabor bilketa eta landaketak. Helburua eremu horien egoera hobetzea izan da, bai zaborra jasoz, baita bertako landaretza berreskuratuz. l

2022-06-09T14:11:04+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo