Gipuzkoa

Lezo: Herri Eskolan arteak lekua du

Linazasoro, Aldabe, Bildarratz eta Martiarena.

Herriko eragileek eta ikasleek erabili dezaketen itsasoko irudiekin apaindutako txoko bat zabaldu da

Lezoko Herri Eskolak, Lezoko Udaleko babesarekin, Harmonia gunea izeneko gela bat sortu du. Euskal Herria mailan eraikitzen den lehendabizikoa da eta konfinamenduan sortutako ideia bat da. Bertan, Kuadrillategi egitasmoko kideak bilduko dira eta jangelara gelditzen diren haurrek eta, oro har, ikasle guztiek erabili ahal izango dute.

Harmonia gunea itsasoan oinarritutako paraje eder bat irudikatzen du eta atzo goizean inauguratu zen Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren presen-tziarekin.

Olatz Aldabek, Herri Eskolako zuzendariak, aditzera eman zuenez, "Lezoko Herri Eskolan amets asko" dituzte eta hauek "errealitate bihur-tzen" ari dira pixkanaka: "Soto zahar eta ilun bat zen eta berrikuntza bat egin nahi genuen. Margolari eta artistekin elkartu eta proiektu hau sortzea bururatu zitzaigun herriko eragileekin hitz egin ondoren. Beraien beharrak identifikatu eta eremu honentzat erabilera desberdinak definitu genituen". "Eskola komunitatearen izugarrizko lankidetza topatu dugu bidean. Emaitzarekin oso gustura gaude eta Lezoko Udalari eskerrak eman nahi dizkiogu bere laguntzagatik", amaitu zuen Aldabek.

Jesus Mari Martiarenaren, Lezoko alkatearen, esanetan atzoko eguna oso berezia izan zen: "Proiektu ederra osatu dute eta hau ikustera, ezagutzera bertaratu zareten guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu".

Harmonia gunea XYZ Diseño Integraleko Iker Linazasoro eta Xanti Solano artistek sortu zuten. Linazasorok aditzera eman zuenez, "lujo bat izan da proiektu hau sortu eta aurrera eramatea" eta Lezok espresio artistikoari ematen dion bultzada txalotu behar dela azpimarratu zuen.

Amaitzeko, Hezkuntza sailburuak, ikastetxeetan "ilusioa eta pasioa" daudela aitortu zuen eta pandemia garaian irakasleek egin duten esfor-tzua eskertu zuen, nahiz eta aurreko ikasturtea oso gogorra izan hezkuntzarentzat.

06/11/2021