Lezon abuztuan ere goi mailako emanaldiak antolatu dira
Legegintzaldi hasieratik kultura Lezoko lan ildo estrategikoa izan da. Izan ere, departamentuak azpimarratzen duenez, "Lezoko udalerrian finkatutako kultura politikak herritar aktiboak, ongizatea eta bizi kalitatea du helburu. Lezok berdintasuna, hizkuntza, kultura eta sormena tresna bezala erabiliz, identitatearen ardatza osatzea erabaki du".
Ion Pombar Kultura zinegotziak gogorazi duenez, pandemia hasi aurretik ere herriko kultur programazioa "potentea" zen, baina covid-19aren etorrerarekin, kulturan jarritako indarrak areagotu egin dira. "Kontutan izan behar dugu pandemian kultura oso kaltetua izan den sektore bat izan dela eta beraz lagundu behar dugu".
Gauzak horrela, egindako esfor-tzuak ez dira alferrikakoak izan, publiko fidela lortu baita, inguruko herrietako jendearekin, baina batez ere Lezoko biztanleekin.
"Aurten batez ere ekitaldi askok sarrera guztiak saldu dituzte. Egia da segurtasun neurriengatik aforaren erdia bakarrik bete dezakegula, baina erantzuna itzelezkoa izan da, eta batez ere Lezoko herritarren erantzuna oso ona izan da", azpimarratu du Pombarrek.
Lezon kulturak ez du etenik. Abuztuan ohitura da emanaldirik ez antolatzea, herritar asko oporretara doazelako. Baina Lezok iaz kontrako jarrera izan zuen eta Kilometro Lezo jaialdia antolatu zuen.
"Mota honetako proiektu bat bazegoen irudikatuta –gogorarazi du zinegotziak–, eta iaz ikusita madalenak, Aste Nagusia eta herri guztietako jaiak bertan behera gelditu zirela guk apostua egin genuen geneuzkan medioekin jaialdi bat antolatzeko".
Iaz publikoak oso ondo erantzun zuen, gehienetan sarrera guztiak edo aforoaren gehiengoa saldu ziren. Beraz, aurten ere ibilbide berdina jarraitzea logikoa zen. "Aurten ikusiko dugu publikoak nola erantzuten duen, baina iaz ikusi genuen Kilometro Lezo mantentzeko edo geratzeko etorri den jaialdi bat izan daitekeela", aipatu du Pombarrek.
Alabaina, itxura denez, aurtengo jaialdia ere arrakastatsua izango da. Uztailaren amaieran Udalak herritarrei bere sarrerak lehen bailehen eskuratzeko gomendatu zien, salmenta oso azkar baitzihoan eta zenbait emanalditarako agortuta zeuden.
Kilometro Lezoko jaialdiko emanaldi guztiak doan dira eta aire librean burutzen dira, Herri Eskolako patioan. Honela, segurtasun eta osasun neurri guztiak betetzen dira.
Gainera, gonbidapenak modu erraz batean lortzeko Udalak berak duen sistema bera erabiliz, udal webgunearen bitartez erreserba egin daiteke. "Oso webgune erraza eta sinplea da. Webgunean sartu eta berehala topatzen da sarrerak eskuratu ahal izateko esteka. Pandemiarekin guk tramite guztiak online bideratzen saiatu gara. Eta jendea ohitu da webgunea erabiltzera. Hala eta guztiz ere, norbaitek fisikoki nahiko balu erreserba egin, Kultura bulegora gerturatu besterik ez du egin behar", azaldu du zinegotziak.
Baina, Udalak antolatzen dituen kultur egitarauetan goi mailako artistak ez ezik herriko taldeentzako tokia ere badago. "Udalaren helburuetako bat da herrian dauden eragile eta sortzaileak sustatzea eta finkatzea", baieztatu du zinegotziak. Izan ere, Lezo nahiz eta herri txikia izan sortzaile eta kultur eragile asko ditu, hala nola Murixka, Orratx, Trapujale, Zabarre, Etxetxo, Gaxuxa...
Baina herriko sortzaileei ematen zaien laguntza ez da soilik beraien ikuskizunak egitarauan sartzea. Udalak beraien ekintzak antolatzeko eta materiala jasotzeko lokalak uzten dizkie eta diruz laguntzeko hi-tzarmenak sinatzen dituzte. "Adibidez, bizilagun edo talde batek Lezoko historiaren inguruan edo haur liburu bat idazten badu eta Udalak ez baditu ekintza horiek laguntzen eta suspertzen, zaila izango da sormena herrian egotea", azaldu du zinegotziak.
"Erdigunean jarri behar dugu herri bat definitzen duena eta hori sustatu behar dugu eta horretan lanean ari gara legegintzaldia hasi zenetik eta horretan jardungo dugu. Eragile eta sortzaile asko daude herrian eta horregatik Lezok herri sena potentea du", azpimarratu du.
Gainera, herrian liburutegiak ere ekintza propioak antolatzen ditu, hala nola, literatur lehiaketak, literatur saioak edo ipuin kontaketak. Musika eskolak ere pisu handia du kultur esparruan eta Tomas Garbizu musika eskolak udaberrian antola-tzen duen Lesoinu zikloa Euskal Herrian erreferente da.
Datozen hilabetera begira, "kultura erdigunean izatea, eragile ezberdinekin hitzarmenak sinatzen jarraitzea Lezoko sortzaileak mantentzeko eta jarraipena emateko" izango da Kultura sailaren eginkizun nabarmenena, Pombarren hitzetan.
Udazkeneko kultur agenda ia itxita dago eta lezoarrek beraien buzoietan izango dute urrian. Pombarrek emanaldi bereziak egongo direla hi-tzeman du.
Egindako lan guzti honek Lezo Antzoki Sarearen barruan egotea eta herria kulturaren mapan kokatu izana lortu du, batik bat.
udako egitaraua
Abuztuak 13. 20.00: Kontukantari Mendian ibiltari, an-tzerki-kantu familiarra. 23.00: Tonbola, Hika konpainiaren an-tzerkia.
Abuztuak 14. Kontzertuak: 20.00etan, Demode Quartet. 23.00etan, Hatxe.
Abuztuak 20. 20.00: Xanpatito taldearen Só, zirkoa malabarekin. 23.00: Órbita dantza ikuskizuna, Zen del sur taldea.
Abuztuak 21. Kontzertuak: 20.00etan, Ameba eta 23.00etan, Niña Coyote & Chico Tornado.
Abuztuak 27. 20.00: La gata japonesaren Los viajes de Bowa zirko ikuskizuna. 23.00: Trapu Zaharrak taldearen Por hacerte un favor antzerkia.
Abuztuak 28. Kontzertuak. 20.00etan, Ilargi Arrizabalaga eta 23.00etan Anne Etchegoyen.
Irailean. Teatroa: Hortzmuga eta Orratx!. Musika: Musika Eskolako Gotzen, Ordu Txarra eta Jaig taldeak; Willis Drummond; Gona PK eta dantza emanaldiak.