Lezo – Datorren astean, Lezoko inauteriek pandemia aurreko egitura berreskuratuko dute. Hortaz, ostegunetik asteartera bitartean, otsailaren 16tik 21era bitartean, 20 ekitaldi baino gehiago izango dira.
Egitarauaren aurkezpenean, Trapujale taldeko Jon Legorburuk azaldu zuenez, “35 urte betetzen dituzte aurten Lezoko inauteriek eta oso bereziak izango dira. Azkeneko bi urteetan, pandemiarengatik, ez da desfilerik egin eta Trapujale udaletxeko balkoian bakarrik egon da”.
Lezoko alkateak, Jesus Mari Martiarenak, irakurketa berbera egin zuen eta inauteriak “festa giroan egoteko aukera bikaina dela azpimarratu zuen.
Honenbestez, Ostegunzuriari hasiera Lezoko Herri Eskolan emango zaio. Bertan, Trapujaleri harrera eta ongietorria egingo zaio. Ondoren, 19.30ean Trapujaleren jaitsiera berreskuratuko da. Ohi bezala, Martizkone baserritik aterako da Tomas Garbizu musika eskolako taldeak alaiturik eta Alde Zaharreko joaldunen laguntzarekin.
Gurutze Santuaren plazara iristean, Trapujaleren lagunak omenduko dira. Aurtengo oroigarri berezia, oso berezia, Joxe Jabier Anuariz zenaren familiari emango zaio. Legorburuk aditzera eman zuenez, “Trapujalearen oroigarria ematen zaio beti inauterietan parte hartu edo lagundu duen jendeari. Horregatik, aurtengo oroigarria Joxe Jabier Anuarizeri emango diogu, iaz hil egin zen eta guk esaten dugun bezala, Ziriku bat joan da. Ziriku bezala irten izan da eta laguntza eskaini digu beti”.
Egitaraua herriko etxeetan banatuko da eta webgunean eta Udaleko app-an kontsulta daiteke.
Hala eta guztiz ere, batzuk azpimarratzekotan hauek aurkitzen dira: Ostiraloriko Sorgin Dantza, Zirikuen kalejira eta Erronkariko dantzak; Larunbatgorriko desfilea, karro-poteoa, mozorro festaren aurkezpena eta mozorro afari herrikoia; Igandeubel eguneko Murixka dantza taldearen kalejira eta dantza emanaldia; astelehenarren, desfilea herriko kaleetan zehar eta ondoren dan-tzaldia Lezoko Eztandak taldearen eskutik; eta Asteartebeltzeko Trapujaleren epaiketa eta herio bidaia Gurutze Santuaren plazan inauteriei amaiera emateko.