Lezoko Andreone liburutegian, atal feminista sortu dute. Ekintza hau III. Berdintasun Planean jasota dago, eta ekimen horren alde apostu egin du Berdintasun Sailak, aurten. Horretarako feminismoan erreferenteak diren egileen lanak aztertu, erosi, sailkatu eta apalategi batean jarri dituzte, beste ataletatik bereizita.
Atalaren aurkezpena martxoaren 28an egingo da 19.00tan, baina aperitibo gisa, ordubete lehenago, Nerea Loiola Pikaza idazleak Zebrak eta Bideak bere azken liburua aurkeztuko du. Narrazio bilduma horretan bidegurutzean, zebrabidean, diren sei emakumeren istorioak ditu hizpide debarrak. Irati Zubia filosofoak dinamizatuko du saioa eta, esan bezala, 18.00etan hasiko da.
Ekimenarekin liburutegian feminismoari berezko tokia emateaz gain, mugimendu sozial eta politiko horrekin lotutako lanak ikusgarriago egotea da helburua, hartara jakinmina asetzeko Andreonera bertaratzen direnak liburuak eskuragarriago izateko eta zergatik ez, hartara, euren ahalduntzea errazteko.
Bilduma anitza
Egile askoren lanak bildu dira sailean, euskal herritarretik hasi, hala nola, Tamara Velte, Edurne Epelde, Jule Goikoetxea, Mari Luz Esteban, Zuriñe Rodriguez, Begoña Zabala, Itziar Ziga, Kattalin Miner, Nerea Barjola eta June Fernandez, garai batean bidea urratutako sona handiko egileetatik pasa, Bell Hooks, Emma Goldam, Simone de Beauvoir, Flora Tristan, edo Judih Butler, eta gaur egungo atzerriko erreferenteetaraino; Nancy Fraser, Virginia Despentes, Silvia Federici, Angela Davis, Beatriz Gimeno, Ana Requena, Rafia Zakaria eta Najat El Hachmi, kasu.
Gaien artean ere, aniztasuna da ezaugarri nabarmenena; esaterako, feminismoaren adarrak (dekoloniala, islamiarra, zuria, beltza, queer-a, anarkofeminismoa, transfeminismoa…) euskara eta feminismoa, pentsamendu heterosexuala, erresistentzirako gorputzak, haurdunaldi subrogatuak, sorgin-ehizak, zaintza, ekonomia feminista, maitasun erromantikoa, prostituzioa eta bortxaketaren kultura.
Oro har, garai bateko erreferentziazko liburuak eta titulu berriak bildu dira 100 aletik gorako bilduman eta hori, liburuz liburu, etengabe elikatzen joatea da asmoa.
Berdintasun kontseilua
Bestalde, Lezoko Udala Berdintasun Kontseilua sortzeko prozesua abiarazi zuen joan den urtean.
Berdintasunaren inguruan gogoeta egin eta elkarlanerako eta adostasunak bilatzeko espazioa izan nahi du kontseiluak, oro har udal politiketan eta bereziki berdintasun politikan eragiteko.
Gainera, berdintasunaren alde apostu egiten duten pertsonen eta eragile sozialen sarea sortzeaz gain, emakumeen parte-hartzea, ahalduntzea eta protagonismoa sustatu nahi da ekimenarekin.
Horrekin batera, emakumeen parte-hartze sozial eta politikoaren defizitari aurre egitea, euren herritartasun aktiboa indartzea eta talde feministen eta emakume taldeen lanari aitortza egitea lortzeko asmoz.
Orain arte bi bilera egin dira. Lehena 2024ko urrian eta bigarrena urtarrilaren 22an sortzeke dagoen organoaren nondik norakoeak eztabaidatzeko: helburuak, osaera, konpromisoak, sartzeko moduak, lehentasunak, diseinua eta abar.