Navarra

Literaturak eta memoriak bat egin dute (H)ilbeltzean

Luzia Goñi eta Joxe Gorostidi oihanean, igande honetako Itzuli beltzean.

Baztan altxor bat da. Halako esaldi kategoriko bat irakurrita, beharbada, batzuk ados egonen dira baieztapenarekin, bertze batzuk ez. Ados egotekotan ere, zergatia galdetuz gero, seguru aski, erantzun desberdin anitzekin eginen genuke topo. Oraingoan, baieztapena, gehiengoak, baita baztandar aunitzek ere ezagutu gabeko altxor bati buruzkoa da: (H)ilbeltza. Izan ere, (H)ilbeltzaren baitan aurki daitezkeen askotariko harribitxiek altxor handi bat osatzen dute, baita (H)ilbeltza antolatzeko lanetan aritzen diren borondate handiko norbanakoek eta Euskal Herri osotik Baztanera hurbiltzen diren parte hartzaileek ere. Elkarlanean eta auzolanean sortuz, laguntasunean disfrutatzeko astea da (H)ilbeltza.

Aurtengoa ere iragan da. Astelehenean hasita igandera arte literatura, zinema, bertsolaritza, musika, gastronomia, antzerkia, eta bertzeak bertze, memoria historikoa uztartu dituzte.

MEMORIA Afera ilunen ur lingirdatsuetan murgiltzera ohituak daude (H)ilbeltzaren baitako ekitaldiak, baita fikzioa eta errealitatearen arteko muga lausoan oreka bilatzera. Bada igande honetan ere halako zerbait bizi izan zen Iruritan, Lubakietako oroiminak izenburupean garatu zen Itzuli beltzean. Urteroko zita da itzuli beltza, Baztango herri desberdin bateko xokoak ezagutu bidenabar, historia eta istorioak uztartzen dituzte, musika eta antzerkia lagun.

Igande honetan 1936ko altxamenduaren garaira egin zuten gibelera, egiazko gertakari batzuk oinarri hartuta sorkuntza eder bat partekatuz. Gerra garaia lubakietan pairatutako hiru lagun ziren protagonistak, atzoko istorioan elkar ezagutu zutenak, nahiz eta errealitatean halakorik ez gertatu. Frantziska Iturralde berroetarra batetik. 23 urte zituela hil zuten. Baliteke Gerra Zibilean Baztanen eraildako emakume bakarra izatea, nahiz eta bertsio ofizialak erailketarik ez aipatu.

Bertzetik, Joxe Gorostegi, aitak etxetik desagertutako anaiaren bila bidalitako gaztea, zeinak buruko eritasun bat pairatu zuen horren ondorioz, emaztea eta seme alabak hiltzen saiatzeraino. Gerora, 40 urte baino gehiago eman zituen psikiatriko batean, hil zen arte.

Azkenik, Luzia Goñi, Aizarotzen sortutako bertsolaria. Pandemia hasi ondoren hil zen, aitzinetik, bere bertsoengatik ezaguna izanen zuten batzuk, baina gerraren ankerkeria pairatutakoa ere bazena, aita atxilotu eta hainbat urtez kartzeletan atxiki zutelarik.

Igande honetako istorioak, batez ere, historia zuen mamian, eta memoria historikoaren berreskurapenean hazi berri bat ereiteko ere balio izan zuen. Bertze behin ere, ilbeltzean, (H)ilbeltzak belztasunari kolorea eman zion, memoria historikoaren hazia ereinez, udaberri koloretsuago bat loratuko den itxaropenean.

31/01/2022