Buscar
Cultura

Loratzen jarraitu dezan

Euskal kulturaren eta kulturgileen egoera islatzea asmo duen dokumentala da 'Loreak belaunetan'. Gazteen bizipenak bildu dituzte, gogoeta pizteko
Dokumentaleko fotograman, Ekain Ibarguren aktore, pailazo eta malabarista.
Dokumentaleko fotograman, Ekain Ibarguren aktore, pailazo eta malabarista.

Zazpi sortzaile, zazpiak gazteak, eta hain bat testigantza. 'Loreak belaunetan' ikus-entzunezkoa estreinatu zuen Lanartek ekainean, eta haren zabalkundea egingo du aurrerantzean. Irailaren 22an Iruñeko Laban izan ziren. Ostean, Azpeitian, Baigorrin eta Gasteizen emateko asmoa dute, baina datak zehaztu gabe dituzte oraindik. Dokumentala proiektatu nahi duten herrietara joateko prest daude.

"Kultur politika bat kultura egiten duten horiek ahaztuta ez doa inora, eta guk ere ez badugu benetako babes orokor bat lortzen, bidea ez da erosoa ezta luzea izango. Lehendabiziko gauza da jendeari erakustea zein den egoera". Amagoia Gurrutxaga Lanartea elkarteko kidea da eta, Azpeitiko Kulturaz kultur kooperatibarekin elkarlanean, 'Loreak Belaunetan' dokumentala ondu dute. Euskal kulturaren munduko zazpi gazte elkarrizketatu ditu Gurrutxagak, beraien testigantza 40 minutuko ikus-entzunezkoan bilduz.

Generoa, diziplina eta lurraldetasuna kontuan hartuta hautatu zituzten protagonistak: Oihana Arana (poeta eta bertsolaria), Amets Aranguren (musikaria), Kattalin Barcena (artista plastikoa eta musikaria), Dom Campistron (irudigilea), Ekain Ibarguren (aktorea, pailazoa eta malabarista), Iker Maguregi (zinemagilea eta musikaria) eta Maddi Ane Txoperena (kazetaria, idazlea eta bertsolaria). Gazte jendeari eta sortzaile berriei dagokien protagonismoa ematea da helburuetako bat; "esperientzia izugarria izan gabe ere, izugarrizko talentuak daudelako, eta horiei ere hauspoa eta nolabaiteko ikusgarritasuna eman nahi genien".

Dokumentaleko fotograman, Maddi Ane Txoperena kazetaria.

Dokumentaleko fotograman, Maddi Ane Txoperena kazetaria. Lanartea Elkartea

Lanartea elkartea euskal kulturan hamarkadak daramatzan jendeak sortu zuen, euskaraz sortzen eta interpretatzen duten pertsonen lan eta bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin. Gurrutxagak azaldu duenez, asmoa ez da elkartean dauden pertsonen etorkizunaren alde lan egitea soilik, "kulturaren egoeraz eta etorkizunaz ari gara, horregatik, ezinbestekoa da datozen belaunaldi berrien egoera nolakoa den erakustea".

Dokumentaleko fotograman, Amets Aranguren musikaria.

Dokumentaleko fotograman, Amets Aranguren musikaria. Lanartea Elkartea

Ezegonkortasuna, zaurgarritasuna eta babesgabetasuna aipatu ditu Gurrutxagak, eta protagonisten kontakizunek hiru egoera horiek deskribatzen dituzte. "Maddi Anne Txoperenaren hausnarketa da, adibidez, berari lasaitasuna ematen diola kazetaritzan aritzeak eta soldata bat edukitzeak. Sortzetik bakarrik bizi beharko balu antsietatea edo estresa sortuko liokeela. Baina, aldi berean dio, agian bere buruari tranpa egiten diola hori esanez, duin bizitzeko aukera edukiko balu seguraski horren alde egingo lukeelako". Gazteengan bakarrik ez. Sentimendu hori kulturgintzan urte asko daramatzatenen artean ere ematen dela dio Gurrutxagak: "Badaude sortzaileak beraien lanbidea dutenak eta, puntualki, sormen lana egiten dutenak. Oso gustura daude horrela, eta zoragarri. Baina, kontua da, sormen lanari gehiago eskaini nahi izanez gero, nola egin horiei duin bizitzeko aukera bat emateko?". Hori da elkartearen kezketako bat, kultur mundua profesionalizatzea, nolabait.

Bereziki lagundu beharra

Orokorrean kultur arloko langileak egoera oso prekarioan bizi dira, eta euskal kulturak badu kontuan hartu behar den ezaugarri bat, diglosiarena. "Txikitasuna indargunea izan daiteke, baina subordinazio hori badagoela ez dugu sekula ahaztu behar. Hau da, orokorrean prekarioa da eta euskaraz ez diren gero eta hedabide gehiagok merkatua jan dute", aipatu du Gurrutxagak. Egoera horretan irautea oso zaila da, eta euskarazko sorkuntzaren aldeko apustua egin behar dela argi du: "Ez esan zenbat dauden euskaraz, baizik eta daudenen artean, zenbat diren euskaraz, eta ikuspegia asko aldatuko da". Dena den, Gurrutxagaren iritziz, gauza onak ere baditu euskal kulturak, oso kontzientziatua dagoen hiztun komunitate bat, euskarazkoen aldeko apustua kontzienteki egiten duena: "Eta horri esker eusten zaio".

Dokumentaleko fotograman, Iker Maguregi zinemagile eta musikaria.

Dokumentaleko fotograman, Iker Maguregi zinemagile eta musikaria. Lanartea Elkartea

Kuoten beharra ere aipatu du, gutxienez hedabide publikoetan ezarri beharko liratekeenak. Era berean, diru-laguntzak igotzearen beharra ere nabarmendu du: "Oraindik ere ez gaude maila berean, eta ezin da kultur politika bat egin erdarazko kultur sistemak dituen baliabide berak bagenitu bezala. Aukera berdintasun hori lortzeko neurriak hartu behar dira, politikoak, sozialak eta bestelakoak, baina hori heldu bitartean euskarazkoa lagundu behar da bereziki". Azken finean, euskarazko sorkuntzaren aldeko apustua egiteko eskatzen du Lanartek. "Ohitura sortzeko ohikotasunarekin eskaini behar da, eta hori ez da jende arruntaren lana, beste batzuen lana da hori".

Gogoratu du Eusko Jaurlaritzaren 50. Kultura Planak (2019-2022) berak jasotzen duela euskarazkoa egoera subordinatuan dagoela eta haren alde egin behar dela. "Horretan ados gaude". Baina uste du talka egiten duela aurreko hilean kultura sailburu izandako Joxean Muñozek esan zionarekin; “alegia, beraiek ez dutela bereziki euskarazkoa laguntzen. Gainera, zalantzan jartzen zuen lege propio bat edo zerbait behar denik euskarazkoak laguntzeko. Hor kontraesan bat dagoela uste dut”, azpimarratu du Gurrutxagak. Gogoratu du beraien lurraldean hegemonikoak diren hizkuntza denek (espainola, frantsesa, portugesa…) hedabideetan beraien kuota sistemak dituztela: “Hedabideei eskatzen diete egindakoaren ehuneko handi bat bertako hizkuntzan egitea, eta ez bakarrik publikoei. Baina hemen ez dago holakorik”.

Dokumentaleko fotograman, Kattalin Barcena artista plastiko eta musikaria.

Dokumentaleko fotograman, Kattalin Barcena artista plastiko eta musikaria. Lanartea Elkartea

Artistena ere lana da

Merkatuaren legearen arriskuak ere hor daude, eta kultura subordinatuetan duten eragina nabarmenagoa da. Beraz, badago beste faktore inportante bat, dokumentala transbertsalki zeharkatzen duena. "Alegia, auzitan jartzen dela sortzaileen lana bera lana ote den. Ikus-entzunezkoan Dom Campistronek dio berak gustuko duela egiten duena, eta gustuko duenez, bere lagunek ez dutela lan bezala hartzen. Bokazionala da, baina lana da, medikuena bokazionala den bezala. Maddi Ane Txoperenak ere aipatzen du ez zaiola gustatzen pentsatzea bera sortzailea delako errepideak konpontzen dituen edonor baino gehiago denik, adibidez. Baina kontua ez da sortzaileak gehiago diren ala ez. Auzia da beraiek hori haina langile ote diren ala ez. Eta galdetuz gero, jende askok zalantzan jarriko luke langileak diren. Hortaz ari gara, beraien jarduna lantzat hartua eta onartua izan dadin eta, ondorioz, lan horri balio ekonomikoa, sinbolikoa eta kulturala emateari buruz, besteei bezala".

Dokumentaleko fotograman, Oihana Arana poeta eta bertsolaria.

Dokumentaleko fotograman, Oihana Arana poeta eta bertsolaria. Lanartea Elkartea

Horren harira, bertsolarien egoera ekarri du gogora Gurrutxagak, gaur egun ezin dutelako lan erregimenean alta eman. Horren arrazoia da Estatu espainolean bertsolaritza ez dela existitzen. "Han egin zuten berarien kulturaren ezaugarrientzako testua, baina kanpoan geratu ziren gure kulturako arlo asko. Pentsa, gaur egun XXI. mendean bertsolaritzaren garrantzia euskal kultur sisteman, ba ez dute beraien burua bertsolari bezala inskribatzerik". nabarmendu du. Horren aurrean, Lanartek dio egin behar dena dela "euskarazko kultur sistema honek zein neurri dituen ikusi eta horren araberako epigrafea idatzi". Eusko Jaurlaritzako kultura sailari eta ogasunei beraien proposamena aurkeztu diete bertsolariek, epigrafe batean, tokia izan dezaten.

Dokumentaleko fotograman, Dom Campistron irudigilea.

Dokumentaleko fotograman, Dom Campistron irudigilea. Lanartea Elkartea

Era berean, izapide eta kontu administratiboak behar bezala kudeatzeko laguntza ere eskaintzen du elkarteak, herrialdetik herrialdera gauza berari arau ezberdinak aplikatzen zaizkielako. Autonomoen kasuan, ia 300 euro ordaintzen dituzte hilero, baina 5-6 hilabete eman ditzakete ezer kobratu gabe. Dokumentalean Ekain Ibargurenek dioen bezala, "ez dago gauza miserableagorik lan egiteagatik pagatzea baino".

LANARTEREN ESKAKIZUNAK:

1. Epigrafe propio eta komun bat lan erregistroan euskararen langile autonomoentzat. Epigrafe horretan sartzen direnentzako lan erregimen berezitua, eurekin kontrastatua, beren lan eremuaren baldintza espezifikoak aintzat hartuz ondua. Erregimen horrek ekarri behar luke langile gisa babestuago egotea, baita Gizarte Segurantzarekikoetan ere.

2. Ogasun politika arrazional bat, kotizazioak urte amaieran egin ahal izateko urte osoan fakturatutakoaren arabera. Frantzian aspalditik indarrean dagoen era horretan.

3. Ogasunaren irizpide garden, zuzen eta justuak jardunbideak zergatzerakoan. Puntu honek berebiziko garrantzia dauka autonomoak ez diren sortzaileentzat ere.

4. Euskarazko kultur proposamenen gutxieneko kuota bat ezartzea zirkuitu eta hedabide publikoetan, euskaraz ari diren profesionalentzako gutxieneko plazak eta masa kritikoa ziurtatzeko oinarrizko neurri gisa. (Ez da ahaztu behar, esaterako, EITBk EAEko Kultura eta Hizkuntza Sailaren aurrekontuaren %51 hartzen duela. Ente publiko horretan euskarazko kultur lanen neurri bereko presentzia eskatzea ez zaigu astakeria iruditzen, beraz).

5. Aurrekontuak emendatzea euskaraz sortzen den kultura sustatzeko.

6. Kulturaren kontzeptua sormenetik eraikitzea, eta ez merkatuaren araberako industria ikuspegi hutsetik eta azpiegitura eta ekitaldi erraldoietatik. Premisa aldaketa hori gauzatu ezean, gurea bezalako kultur komunitate gutxituak pixkanakako desagerpena beste etorkizunik ez daukalako, beste arlo eta kultura batzuen bilakaerak argi asko erakutsi diguten bezala.

2022-09-30T17:40:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo