Buscar
Cultura

Lur planetaz gaindiko giza oroimenaren lorratza

Umorea eta turismoari kritika oinarri hartuta, 'Souvenir: komedia estralurtarra' antzezlana ondu du Horman Poster konpainiak. Komedia estralurtarra azaroaren 26an egongo da ikusgai Oreretako Niessen kulturgunean
Argazkian, Maite Aizpurua aktorea.
Argazkian, Maite Aizpurua aktorea.

Zein litzateke giza ondarearen souvenir-a? Beste planeta batera, espaziora, giza oroigarri bat eraman beharko bagenu, zein litzateke? Turismoaren eta kolonialismoaren inguruko gogoetei umore puntua erantsita ondo du Horman Poster konpainiak bere proposamen eszeniko berria: Souvenir. Komeria estralurtarra.

Igor de Quadrak zuzenduta, Maite Aizpurua, Xanti Agirrezabalaga eta Matxalen de Pedro antzezleak ariko dira oholtzan. Laurek, Jon Ander Urrestirekin batera, osatzen dute Horman Poster konpainia. Hain zuzen, kolektiboak sortua da ikuskizunaren dramaturgia eta testua. Azaroaren 10ean estreinatu zuten Souvenir Bilboko Arriaga Antzokian, eta plazaz plaza dabiltza orain egindako lanaren emaitza erakusten.

Galdera soil dirudienak, hausnarketarako bidea irekitzen du antzezlanean. Izan ere, turismoari, eta honek herri zein hirietan dakarren eraldaketari, begirada kritikoz erreparatzen diete antzezlanaren sortzaileek. Lehen premisa horri osagaiak gehituta jaio da Souvenir.

Turismoaren kritika nondik bideratu arakatzen hasi, eta turismo estralurtarraren ideiarekin egin zuten topo Horman Poster-eko kideek: "Komedia bat egin nahi genuen. Hori muturrera eramanda turismo espazialaren ideia azaldu zen”, azaldu du Matxalen de Pedro aktore eta konpainiako kideak. Horrela heldu ziren gaiari umoretik nola heldu esploratzera: "Hor dago kontua ere; zer lortu nahi den eta zertan den errealitatea", baieztatu du De Pedrok.

Kolonialismoaren ideiarekin gurutzatzen da horrela turismoaren afera sortzaileen ustez: "Bidaia eta esperientzien bultzada horren atzean neokolonizazioa dago; kolonizazioaren inguruko errebisioa oraindik egiteko dagoen honetan, gu geu ari gara beste planeta bat konkistatu nahian nolabait". Hortxe antzezlanaren beste gakoetako bat: desiren eta ezinen arteko kontraesana, beste nonbaitera joateak nondik ihes egitea esan nahi duen.

Hiru "estralurtar analogo" dira kontakizunaren gorputz eta ahots. Galderari erantzun nahi, edo nork bere modura erantzunez, ikerkuntzaren analogian murgilduta ariko dira pertsonaiak. Souvenir izeneko "kanpamendu zientifikoa" itxita, beste planeta batera zein giza lorratz igorri nahiko luketen ikertzen eta arakatzen igaroko dute emanaldia pertsonaiek. Hauek haragiztatzen dihardute Maite Aizpurua, Xanti Agirrezabalaga eta Matxalen de Pedro aktoreak. De Pedroren pertsonaiak oxigenoa planeta berri horretara nola igorri du xede: "Nire pertsonaiak proposatzen du landareen bitartez oxigenoa eramatea beste toki batzuetara; ikerketa botaniko bat du martxan; ideiarik eduki gabe, noski". Espazio intimo bat eraikitzeko burbuila bat nola sortu hausnartzen ariko da beste estralurtarretako batek, eta inteligentzia artifiziala esploratzen ari da hirugarren zientzialaria. Ikerketa hori ere hala moduzkoa da, noski, zientzialari analogikoak diren heinean: "Hor dago ere antzerkiaren barruko antzerkiaren ariketa". Ondorioz, parke tematiko baten eta laborategi zientifiko baten erdibidean dago Souvenir ikerketa zentroa.

Absurdoaren performazio horrek gogoeta sakona du oinarrian: "Planeta berri batera joango bagina, gure esploratzaile grinarekin eta konkistatzaile grinarekin, zein aztarna utzi nahiko genuke?". Hortik heldu diote proposamenari sortzaileek: "Gizakiaren gaitasuna sinesteko gai dela hemen eta beste nonbait egoteko aldi berean, gaitasuna eta ilusioa aldi berean". Nahien, usteen eta ezinen bidegurutze horretan kokatzen du De Pedrok obraren zentzua.

Xanti Agirrezabala, turismo estralurtarrean.

Xanti Agirrezabala, turismo estralurtarrean. Aitane Goñi

Objektuetatik testura

Sorkuntza prozesuari dagokionez, berezko lan moldea du Horman Poster konpainiak: dramaturgia kolektiboa eraikitzea. Horretarako, konpainiako kide guztiek objektuak, irudi eszenikoak zein materialak arakatzen dituzte, besteak beste, eta, ikerketa jostagarriak bultzatuta osatzen dute testua: "Gure abiapuntua beti da planteamendu plastiko edo estetiko bat. Gero, hortik tiraka agertzen da narrazio posible bat, eta orduan agertzen da testua", jakinarazi du De Pedrok.

Oraingoan, objektu hauskorrak izan dituzte oinarri, espazioarekin konektatzen zituzten ordezkari fisiko bila aritu baitira. Tonu, gai eta molde askotariko sorkuntzak egin dituzten arren, prozesu sortzaileak markatzen du konpainiaren izaera: denetan dago objektu eszenikoekin "interakzioa", itxuraren aurretiazko ikerketak abiatutako ikuskizuna.

Oraingoan, atmosfera estralurtar horretan ez galtzean izan da zailena, ordea: "Arriskua izan da iruditeria espazial horrek sortzen zigun liluran galtzea". Ondorioz, material ugari alboratu eta ezeztatu behar izan dituzte, pieza itxi eta kontakizuna lurreratu ahal izateko.

Lan talde egonkorrarekin batera, beste hainbat sortzaile aritu dira emanaldian. Besteak beste, Alberto Sinpatron arduratu da jantziteria estralurtarraz edota Miriam Isasik sortu du eszenografia plastikoa.

Tragediatik komediara

Dramaturgia kolektiboa behin eta berriz errepikatzen duten ariketa da, nahiz eta piezaren tonua ez den beti berdina izaten. Hain, justu 2020. urtean estreinatu zuten 'Antigone edo ezetzaren beharra' tragedia greziarrak ardaztutako emanaldia izan zen. Oraingoan, berriz, tonua oso bestelakoa da. Piezari umoretik heldu izanak azken lanarekiko aldea markatzen du.

Gauzak horrela, esplorazio eszenikoari forma komikoa ematea izan dute erronka De Pedroren esanetan: "Mundu plastikoan hainbeste bidaiatu dugu, non zaila izan den gero esplorazio hori itxi eta kode komikoa topatzea".

Transmisioa ardatz

Sorkuntza eta antzerkiaren esplorazioa ez ezik, mediazioa ere du ardatzetako bat Horman Poster konpainiak. Antzerkiak gizartean errotzeko duen premiaz sinetsita, batez ere gaztetxoekin dihardute sorkuntza eta sentsibilizazioa uztartzen dituzten saioak egiten. De Pedrok azaldu duenez, bi motatako tailerrak egin ohi dituzte: "Batetik, tailer laburrak ditugu, ordubete zein bi orduko saioak direnak; eta, bestetik, tailer luzeak: hauetan, 10-12 saioren ostean, teatro edo espazio eszeniko batean gazteek sormen dramaturgia bat aurkezten dute".

Souvenir-ekin ere hasiak dira dagoeneko saioak egiten eta antzezlanaren oinarrian dauden gaiak lantzen: "Justizia klimatikoa, turismo estralurtarra… gai horien inguruan hausnartzera gonbidatzen ditugu gazteak eguneroko mugimenduak izan daitezkeen estrategia performatiboen bitartez". Horrela, helburu dute antzerkia jendartetik hurbilago egotea.

Behin pieza osatuta, publikoaren aurrean aurkezteko fasean sartu dira buru belarri Horman Poster-eko kideak. Arriaga antzokian estreinatu ondotik, Euskal Herriko herri eta antzokietan barrena erakutsiko dute pieza datozen asteetan. Hain justu, publikoa hausnartzen jarri nahi dute, turismoaren eta kolonialismo posiblearen inguruko autokritika bultzatuz. Oraingoan, umoretik heldu diote ariketa sortzaileari. Horrek ere sortzen du jakin-mina egileen gogoetan: "Zerekin egingo dute barre ikusleek? Nola funtzionatuko du?". Galdera horren erantzuna erakustaldi bakoitzaren ondorengo "souvenir-a" izango da antzezleentzat.

Igor de Cuadrak zuzendutako 'Souvenir' antzezlana.

Igor de Cuadrak zuzendutako 'Souvenir' antzezlana. Aitane Goñi

Horman Poster konpainia

2010. urtean sortu zuten Horman Poster konpainia Matxalen de Pedro eta Igor de Quadra antzerkigileek. 2019an, berriz, Maite Aizpurua, Jon Ander Urresti eta Xanti Agirrezabala antzezle gazteak batu ziren taldera. Oro har, talde egonkor gisa funtzionatzen duten arren, han eta hemen kolaborazioak egiten ditu taldekide bakoitzak, norberaren nahi eta gogoei segika. Sorkuntza eszenikoak eta mediazio eszenikoa garatzen ditu kolektiboak eta hainbat antzezlan sortu dituzte hamabi urteko ibilaldian. Besteak beste, 'Iragan perfektua' (2011), 'Lehergailuaren Teoria' (2016), 'Eraikitzen gaituzten hitzak' (2019) eta Donostia Antzerki Saria zein Azpeitiko Antzerki Saria jaso berri dituen 'Antigone edo ezetzaren beharra' (2020).

Hurrengo emanaldiak

AZAROAK 26, LARUNBATA: Orereta (Niessen kulturgunea)

ABENDUAK 2, OSTIRALA: Zumaia

URTARRILAK 13, OSTIRALA: Getxo (Muxikebarri)

MARTXOAK 4, OSTIRALA: Donostia (Gazteszena)

'Souvenir' antzezlana.

'Souvenir' antzezlana. Aitane Goñi

Fitxa artistikoa

TESTUA: Horman Poster kolektiboa

DRAMATURGIA: Horman Poster kolektiboa

ZUZENDARITZA: Igor de Quadra

ZUZENDARI LAGUNTZILEA: Jon Ander Urresti

INTERPRETEAK: Matxalen de Pedro, Xanti Agirrezabala eta Maite Aizpurua

AGERPEN BIRTUALA: Igor de Quadra

JANTZITERIA: Alberto Sinpatron

SOINU ESPAZIOA: Asier Renteria

ARGIZTAPEN DISEINUA: Arantza Flores

ELEMENTU ESZENOGRAFIKOAK: Miriam Isasi eta Igor de Quadra

KOLABORAZIO BEREZIA: Ane Zabala eta Galder Perez

ARGAZKIAK: Aitane Goñi

BIDEOAK: Arriguri

2022-11-24T18:38:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo